artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Nicolas Tarkhoff (1871-1930)

Erakusketa monografikoa

Du 23 Février 2023
Au 15 Octobre 2023

nicolas-tarkhoff-1871-1930

Nicolas Tarkhoff (Mosku, 1871 - Orsay, Frantzia, 1930).

Tarkhoffen lanak museoaren bilduman izatea ohiz kanpoko kontua da; izan ere, funtsetan nazioarteko egileen artelanak biltzea ez da Arabako Arte Ederren Museoaren helburuetako bat. Pinturak museoko funtsean sartzea ordainean emate baten emaitza izan zen; alegia, Arabako Foru Aldundiarekin zerga zor bat kitatzearen truke museoari ondasun bat entregatzearen ondorioa. Era horretako ordainketak enpresa handiek, bankuek eta kutxek egin ohi dituzte, baita artista oso garrantzitsuen oinordekoek ere.

Diputatuen Kontseiluaren 1995 erabaki baten bidez agindu zen Laudioko (Araba) Tubacex Taldearen arte bildumako Nicolas Tarkhoffen bederatzi margolan ordainean ematea. Harrezkero, bildumaren parte dira, eta oso gutxitan jarri dira ikusgai, eta beti aldi baterako erakusketa tematikoetan. Oraingoan, aldiz, jauregiko areto batean bilduta ikusi ahal izango dira, Frantzian bizi izan zen margolariak jorratu zituen gai garrantzitsuenez gozatzeko.

Nicolas Tarkhoff Moskun jaio zen 1871n, merkatarien familia aberats batean. Arterako bokazio goiztiarra izan arren, hainbat inguruabarren ondorioz, ez zion pintatzeari ekin hogei bat urte izan arte. 1898an Parisen kokatu zen. Prestakuntza aldi bat egin zuen, eta, aldi berean, biziki gogoko zituen Van Gogh, Gauguin eta Cezanne-ren lanak aztertu zituen. Tarkhoffen lanak beti eutsi zion estetika inpresionistari eta postinpresionistari haren ibilbide osoan zehar.

Frantziako lehen urteetan Parisko gaiak jorratu zituen: kaleak, merkatuak, bulebarrak edo Sena ibaiaren ikuspegiak. Garai hartan oso aktibo eta presente egon zen Parisko, Europako beste hiri batzuetako eta Errusiako erakusketa kolektibo nagusietan, eta Mosku eta San Petersburgoko erakusketetan parte hartu zuen.

1905ean ezkondu zen, eta orduan, aldaketa nabarmena gertatu zen haren obretako gaietan, barru-barruko beste batzuk lantzen hasi baitzen, esaterako, loreak eta natura hilak. Seme-alaben jaiotzatik aurrera, garrantzi handia hartu zuten familia eszenek. 1911n, Paris utzi eta Orsay herrian kokatu zen. Aldaketak naturara hurbiltzea ekarri zuen, baina baita giro artistiko eta komertzialetatik urruntzea ere, eta horrek are gehiago zaildu zuen haren egoera ekonomiko eta soziala.

Nicolas Tarkhoff 1930ean hil zen erabateko pobrezian. 30 urte baino gehiago igaro behar izan ziren, harik eta 60ko hamarkadan zenbait bildumagilek haren figura berraurkitu zuten arte. Horien artean, azpimarratzekoa da Oscar Ghez-en funtsezko esku hartzea, bere bilduma pribatuaren bidez eta ondoren Genevako Petit-Palais museoaren sorreraren bidez. Museo suitzar horretatik datoz Arabako bilduman dauden pinturak, Arabako enpresak Oscar Ghez berari erosiak.

2014an, Nicolas Tarkhoff-en Lagunen Elkartea sortu zen. Elkarte horren lanari esker gorde da Tarkhoffen artxiboa eta zabaldu dira nazioartean artista handiaren izena eta lana.

Multzoa modu monografikoan aurkezten dugu, gure ingurunean oso ezaguna ez den, miserian hil zen eta gaur egun bere irudia eta ekoizpen artistikoa berreskuratzeko prozesua bizi duen artista baten ikuspegi zabalago eta osatuagoa emateko.

nicolas-tarkhoff-1871-1930

Arabako Arte Ederren Museoa | Fray Francisco de Vitoria Ibilbidea, 8 - Gasteiz (Araba)


Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).