Monstrorum historia
Joan Fontcuberta
Du 21 Mars 2025
Au 29 Juin 2025

Komisarioa: Sonia Berger
Praktika eta teoria bisuala lantzen eman dituen bost hamarkada luzetan, Joan Fontcuberta artista, saiakeragile, irakasle eta erakusketa-komisarioak arreta berezia eskaini dio, bere lanaren barruan, teknologia- eta zientzia-pentsamoldeak irudien ekoizpenean eta harreran izan duen inpaktuari, naturaren, teknologiaren, argazkiaren eta egiaren arteko gatazkak agerian jarriz. Bere saiakeretan azaldu duen bezalaxe, XIX. mendeko positibismoak giza-ezagutzaren gailurrean kokatu zuen zientzia.
Argazkigintza, bestetik, "errealitatea" era garbian erregistratzeko gai den erremintatzat, hau da, instrumentu objektibotzat hartu izan ohi da. Joan Fontcubertak argazkigintzaren eta informazioa eta esperientziak transferitzeko ohiko gailuen (dokumentu, artxibo, museo) sortzeko mugak esploratu ditu, beren agintea irauliz, ikusleengan jarrera kritiko bat bultzatzeko xedearekin. Egungo testuinguruan, informazioaren teknologien aurrerapena dela eta, artistak proposatzen duen jarrera kritiko hori inoiz baino beharrezkoagoa da: datuen eta irudien joan-etorrien abiadurak eta bolumenak diskriminazioa eta hausnartzea eragozten dituzte, eta ezagutzaren zutabeak ezbaian jartzen dira.
Monstrorum historia izeneko erakusketak Ulisse Aldrovandi naturalista italiarrak "itsusia dena"ren inguruko tratatu ospetsuaren izenburua berreskuratzen du, teknologia- eta zientzia-kulturaren eztabaidatzea esploratzen duten Joan Fontcubertaren lau arte-proiektu biltzeko. Proiektu horiek, beren aldetik, joko bat, desbideratze bat proposatzen dute: alde batetik, aro aurredigitalari loturiko Herbarium (1982) eta Fauna (1989); eta bestetik, AA bidezko bisualizazio-sistema generatiboak erabiltzen dituzten HeghDI' vem ghaH tu'lu' Dinosaur (2023) eta What Darwin Missed (2024), bere lan berrienetako bi. Artistaren nahia bere horretan mantendu da urteak joan ahala; lengoaia eta prozedura teknikoak, ordea, izugarri aldatu dira.

Kutxa Kultur Artegunea | Tabakalera, puru-kaxen plaza - Donostia (Gipuzkoa)
Détails
Du mardi au dimanche: 12:00-14:00 / 16:00-20:00