Grekotik Zuloagara
Du 01 Avril 2025
Au 25 Septembre 2025

Sevillako Arte Ederren Museoan harrera bikaina izan ondoren –2024ko abenduaren 2tik aurtengo martxoaren 16ra arte 115.808 bisitari jaso ditu–, Grekotik Zuloagara erakusketa Bilboko museora itzuliko da, bildumak gordetzen dituen Espainiar erresumako eskolako lanen funtsaren kalitatearen adierazgarri diren 30 margolan eta bi eskultura erakusteko.
José Luis Merino Gorospek –museoko Antzinako Artearen kontserbatzaile eta erakusketaren komisarioak– egindako hautaketak Espainiar erresumako artearen lau mendetako ibilbidea egiten du, eta garaiko bi genero esanguratsuenetan jartzen du arreta: erretratua eta arte erlijiosoa. Horiekin batera, natura hileko eta paisaiako pinturen adibide esanguratsuak daude.
Erakusketako ibilbidean margolari ospetsuen lanak daude, hala nola Grekoa, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya eta Ignacio Zuloagarenak, eta, gainera, bi tailla erlijioso eder ere baditu, zurezkoak eta formatu txikikoak: Juan de Anchietaren Kalbarioa (c. 1576-1580) eta Juan Pascual de Menaren Doloretakoa (c. 1754-1756)
Lanen artean, aipatzekoak dira Grekoaren Deikundea (1597-1600), Zurbaránen Santa Isabel Turingiakoa eta Alexandriako Santa Katalina (c. 1650-1660), Murilloren San Pedro malkotan (c. 1650-1655), Pareten Bermeoko bista (1783), Goyaren Martín Zapaterren erretratua (1797) edo/eta Zuloagaren Rosita Gutiérrez andrearen erretratua (1915).
Berrikuntza gisa, Mariano Fortunyren Sevillako zezen-plaza (c. 1870) margolana aurkezten da lehen aldiz museoan, iaz eskuratua, Begoña María Azkuek utzitako legatuari esker. Pintura naturalaren adibide garrantzitsua da, artistaren alderdirik berezko eta pertsonalenarekin bat datorrena.

Bilboko Arte Ederren Museoa | Museo Plaza, 2 - Bilbo (Bizkaia)