artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Frakzio batean [Itzulgarria]

Darío Urzay

Du 10 Novembre 2023
Au 31 Mars 2024

frakzio-batean-itzulgarria

Kubo Kutxa aretoan, Dario Urzay margolari, argazkilari eta artista plastikoaren ibilbide luzea jasotzen duen erakusketa bat inauguratuko da gaur. Espainiako arte garaikidearen azken hamarkadetako protagonista nagusietako bat dugu Urzay.

Frakzio batean [Itzulgarria] izenburupean, Urzayk azken hogeita bost urtean egin dituen obra batzuen —pinturak, argazkiak, marrazkiak, inprimaketak, bideoak— arteko elkarrizketa proposatzen du erakusketak. Horien artean bada produkzio berriko pieza-multzo aipagarri bat ere, Urzayren obraren alderdi nagusiak jorratzen dituena: irudi baten sorkuntza, pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak, irudikapenaren negatiboa (itzulgarri edo alderantzikagarri dena) eta lurraldearen kartografiarekiko interesa.

Urzayren praktika artistikoak —artearen izaerari eta, hedaduraz, giza izaerari buruzko hausnarketaren emaitza denak— ingurune piktorikoaren izaera bera zalantzan jartzen duten unibertso ezezagun iradokitzaileak ahalbidetzen ditu. Haren lanaren ezaugarri nagusiak sofistikazio teknikoa eta prozedura tradizionalen mugak gainditzen dituen erregistro-aniztasuna dira. Ezezagunaren bilaketa horretan, Urzay pinturaren eta argazkiaren, prozeduraren eta irudiaren arteko problematikan kokatu da, teknika eta prozedura horiek guztiak konplexurik gabe hibridatzeraino.

1980ko hamarkadako lehen lan fotorrealistetatik mundu ezinezkoak iradokitzen dituen ekoizpen abstrakturaino, begiradaren eta pertzepzioaren inguruko espekulazio etengabearen emaitza da haren lana. Urzayk pinturan egoteko duen modu berezi hori bere ingurune hurbilaren eta artearen historiako artista handien inguruan egindako azterketa sakonaren ondorio da; baita fotografikoa den horrekin orainaldi jarraitu batean egindako elkarrizketa baten ondorio ere. Elkarrizketa horretatik abiatuta, prozedurak eta muntaiak lantzen ditu, izan jatorri gisa, egitura gisa edo azken emaitza gisa.

ERAKUSKETA

Erakusketak, Mikel Onandia komisario duela, Darío Urzayk 1997tik 2023ra bitartean egindako 50 obra baino gehiago aurkezten ditu, lau areto handitan banatuta. Erakusketa-diskurtsoa 6 atal edo sailetan egituratuta dago: Fotografikoa denetik abiatuta, Camerastrokeak, Sedimentu urtuak, Airetiko irudiak, Erretinako topografiak eta Denbora hedatu bat.

  • Fotografikoa denetik abiatuta

Ikusizkoaren zurrunbilo betean murgilduta gauden honetan, erreala dena eta haren irudia elkarri gainjartzen zaizkion honetan, Darío Urzayk bere burua pinturan kokatzeko modu bat aurkitzen du analogikoan, argazki-negatiboan —kamerak hartutako argi-erregistro horretan, zeinak, positibatu gabe, ezkutuko errealitate bat zaintzen baitu—; bikoiztasunaz, niaren zatiketaz eta artearen zentzuaz —eta hedaduraz, giza existentziaren zentzuaz ere bai— hausnartzeko aukera ematen dion erdibitze edo zatibitze moduko bat, alegia.

  • Camerastrokeak

1991n, Urzayk hainbat argazki egin zituen Burgosko katedralaren barruan. Ekintza performatibo batean, kamera eskuan, ausazko mugimendu adierazkorrak egin zituen airean, pintzelkada birtualak emanez bezala, espiritualtasunez beteriko argitasun hura hartu nahirik. Camerastroke izenez bataiatuak, irudiok hainbat lan garrantzitsuren ernamuina izan ziren hurrengo urteetan.

El ausente (blind spot-un cuerpo expandido) (1996-1997) izeneko obran, goratzea, igotzea iradokitzen duen giro poetiko bat sortzen du. Lan honetan, argazkia, presentziaren eta absentziaren ikur aldi berean, irudirik gabeko irudikapen bihurtzen da, desagerpenaz mintzo zaigun eite bat. Odol-gorri koloreko putzu handia, materia piktorikoz osatua eta poliki lebitatzen hasia, da horren berrespena.

Urzayk Iberdrola Dorreko Pasaje nocturno I eta Pasaje nocturno II obrak egiteko (2011) baliatu zituen Camerastrokeak beste lan batzuen oinarri izan ziren aurrerago. Horietako bat dugu Curfew (2020): marrazki tankerako irudi txikiz osatutako argazki sail bat, eskala eta izaera intimo eta etxeko bati erantzuten diona.

  • Sedimentu urtuak

Darío Urzayk sedimentuarekiko eta haren urtzearekiko duen interesa materiaren solidotze- eta likidotze-prozesuetan zertzen da. Harrizko moldeen bidez egindako buztin izoztuko gorputzak hartu, eta euskarri batean uzten ditu, giro-tenperaturan, egoera likidora iritsi arte (artistak ehunka argazkiren bidez erregistratzen du desizozte hori). Gorputz horiek, gero, hainbat obraren oinarri dira: Memorizando estratos (2009) da horietako bat, non hainbat lekutan bildutako arrokak pinturazko orban batean diluitzen baitira.

Bestalde, Frost Frames (Loop) (2016) lanean, Urzayk hausnarketa egiten du pinturaren beraren eraikuntzaren eta deseraikuntzaren inguruan, Lego piezak urtuz. Mugimenduan dauden deskonposizio-irudi horiek ez bezala, A Negative View-Observator Virtual (Positivado) (2023) obrak —A Negative View-Observator Virtual (2002) obraren erdietako baten irudi negatibotik sortua (erakusketa honetako beste areto batean ikusgai)— irudi izoztu gisa funtzionatzen du.

  • Airetiko irudiak

2005ean, Darío Urzay abioneta-hegaldiak egiten hasi zen, airetiko argazkiak egiteko. Argazki horiek dira, esplizituki edo inplizituki, haren ondoko urteetako pinturaren oinarria. Ikuspegi zenitalaren bidez —XVIII. mendea baino lehenagoko, hau da, lehen globo-hegaldiak bano lehenagoko pintoreek ezagutu ez zuten ikuspuntu bat delako interesatzen zaio—, goitik beherako perspektiba gehitu zion Erdi Aroan (Barrokoan batez ere) hain ugari irudikatu ziren Igokunde eszenetako behetik gorako perspektibari.

Airetiko ikuspegien artean, Sajazarran (Errioxa) egindakoak nabarmentzen dira. Lurrak, mendiak, basoak, bidexkak eta belardiak izaera piktorikoko eremu bihurtzen dira. Urzayk erakusketa-aretoko paretetan instalatu ditu argazkiok, egiazko mapa geografiko batekin bat eginaraziz. Era horretan, argazkiok irudikatutakoaren kokapen zehatzaren aurrean jartzen dute ikuslea, eta zeru-perspektiba bat sortzen da, erakusketa osoa hartzen duena.

Camerastrokeak espazioko gorputz-keinuak badira, irudi hauek keinu izoztuak dira, espaziotik 200 km/h-ko abiaduran desgorpuztuak.

  • Erretinako topografiak

2000 urtetik aurrera, modu sistematikoan, Urzay aurreko urteetan egindako aurkikuntzak erabiltzen hasi zen bere lanetan: argazki-negatiboak, erretxina, urtze teknika (birtuala zein erreala). A Negative View-Observator Virtual (2002) izeneko obra bi irudi indartsuz osatuta dago, itxuraren eta esentziaren arteko sinbiosi moduko batean. Mirador distante (tan cerca) (2007) obrak, berriz, Legardako muinoaren (Gasteiz) airetiko argazki bat du euskarri, gero materia zeharrargiz estalia.

Bere azken produkzioan, Urzayk alde batera utzi du erretxina —itxura aseptikoa eta distiratsua ematen zion lanari—, atzera pinturaren fisikotasuna berreskuratzeko. Reversible serieko lanak denboran atzeratutako ekintzen, amets lurruntsuen eszenategi gisa aurkezten dira, artistak airetiko irudien negatiboetatik, ke-arrastoetatik eta mihisearen lautasunean biziberritzen den materiaren urtzetik abiatuta sortuak.

  • Denbora hedatu bat

Keinu-trazu leun eta konstruktiboen eta sugar baten aztarna diren kedar beltzen konbinazioak halako gozotasun bat transmititzen du, gizakiaren hauskortasunaren oroigarri gisa funtzionatzen duena. Pinturaren esentziara itzultzearen emaitza diren aldetik, Darío Urzayren azken lanek erreferentea zalantzan jartzen duten negatibo gisa funtzionatzen dute, erreferente hori etorkizun zalantzagarri batean kokatuta: bada oihartzun espektralen anbiguotasun bat bere ukimen-tasunaren alde ebazten dena; eta haren positibatuak ez du kontrario zehatz gisa funtzionatzen, denbora hedatzeko nahi bati erantzuten dion errealitate bat, ezin argituzkoa, sortzeko saiakera gisa baizik.

Urzayk lanean jarraitzen du, han-hemen egindako aireko argazkien bere artxibo zabalarekin, negatiboen konposizioak sortuz. Obra horiek (Reversible (imágenes aéreas), 2023), kontaktu-orriak bailiran, aurretiko lanen aipamen gisa funtzionatzen dute, eta irudi iradokitzaileak eskaintzen dituzte, geografia ez-lurtarrak, gorrixkak eta hareatsuak (geologiak lehentasuna duen paisaia martetarrak edo etorkizuneko ez-lekuak) gogora ekartzen dituztenak.

ARTISTA

Darío Urzay (Bilbo, 1958) margolaria, argazkilaria eta artista plastikoa da.

Darío Urzayk erakusketa asko egin ditu berrogei urte luzeko ibilbide honetan, bai bakarkakoak, New York, Paris, Madril, Bartzelona, Oslo edo Helsinkiko galeria ospetsuetan, bai kolektiboak, munduko hainbat museotan: Londresko Institute of Contemporary Arts, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Guggenheim Bilbao, Bartzelonako Fundació Miró, Bruselako The Markten kulturgunea, Mexiko Hiriko Museo Rufino Tamayo, Bielefeldeko Kunsthalle eta Berlingo Hamburg Banhoff Museum, besteak beste.

Haren lana hainbat museotako bilduman dago: Guggenheim Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madrid), MACBA (Bartzelona), Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa (Vitoria-Gasteiz), Deutsche Bank Collection (Londres), Museo Würth La Rioja, BBVA Bilduma, Photomuseum (Zarautz), FNAC Fonds national d'art contemporain (París), Colección Iberdrola, The Prudential Collection (New York), Kutxa Fundazioa, Marugame Hirai Museum (Marugame), Colección Martínez Gerricabeitia, Banco de España (Madril), Fundacion Botín (Santander), Patrimonio Nacional de España, Museo Patio Herreriano de Arte Contemporáneo (Valladolid), Fundación I.C.O. (Madril), Holm Collection, edota Fundació Sorigué (Lleida).

Sari ugari jaso ditu: Arte Grafikoaren Sari Nazionala (2005), Beijingeko Bienaleko Excellent Work Award saria (2005) eta Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, azken hori bi ediziotan: El pintor y la modelo edo Los ausentes obrarengatik 1983an eta bere arte-ibilbideagatik 2021ean.




frakzio-batean-itzulgarria

Kubo Kutxa aretoa | Kursaal De, Zurriola Hiribidea, 1 - Donostia (Gipuzkoa)


desizoztear-dauden-artelanak
Dario Urzai artistaren Frakzio batean [Itzulgarria] erakusketa jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Arg/ GORKA RUBIO - FOKU

Desizoztear dauden artelanak

12 Nov. | Jone Bastida Alzuru [BERRIA.eus]

Dario Urzaik azken 25 urteetan egindako piezen sorta bat jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak ezaugarritzen du obra


Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'Åöuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).