artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Chillida lanean

Jesus Uriarte

Du 15 Mars 2024
Au 30 Juin 2024

chillida-lanean
Eduardo Chillida Grassen, Hans Spinner zeramikariaren tailerrean lanean, 1995 © Jesus Uriarte

Aurten betetzen dira ehun urte jaio zela Eduardo Chillida, eta Kutxa Fundazioak urteurren hori gogoratu nahi izan du. Horren harira antolatu da Jesus Uriartek egindako argazkien erakusketa.

Eduardo Chillidaren eskultura bat bere logotipoan 1990etik erabiltzeaz gain, Kutxa Fundazioak paper garrantzitsua izan du Chillidaren ondarea zaindu eta sustatzeko. Bere lanarekin zerikusia duten erakusketen, ekitaldien eta jardueren antolaketan lagundu du, eta Jesus Uriarte. Chillida lanean erakusketa hau beste mugarri bat izango da.

Erakusketarekin batera, La Fábricak eta Kutxa Fundazioak katalogo eder bat argitaratu dute, eta, horren bitartez, 80ko hamarraldiaz geroztiko Chillidaren lan- prozesuari buruzko informazio eskerga jasoko dugu; halaber, artistaren intimitate sortzailera hurbiltzeko aukera izango dugu. Uste osoa dugu bi jarduera horiek balio handiko ekarpena egingo diotela egile honi buruzko ezagutzari, baina bereziki aukera emango digute argazkilari saiatu eta begirunetsuaren lanaren garrantzia azpimarratzeko. Ezin hobeto jakin zuen Uriartek Eduardo Chillidaren alboan egoten, hark berak esan bezala, "trabarik egin gabe". Uriartek profesionaltasun eta sentiberatasun handiz fotografiatu zituen prozesu horiek unez une eta konplizitate handiz.

Jon Uriarte izan da erakusketaren komisarioa, eta lau atal tematikotan egituratu du erakusketa. Lau atal horiek Chillidak landu zituen lau materialei dagozkie. Banaketa horrek erakusten dizkigu, artistaren lanaz haratago, nola aldatzen diren argazkilariaren lan-baldintzak batetik bestera, argazkilaria saiatzen baita sorkuntza-prozesuaren funtsezko alderdiak hautematen oztoporik egin gabe, ekoizpen-ingurunearen ezaugarrietara egokituz. Komisarioaren hitzetan, "prozesuan parte hartzen duten espazioak, denborak eta pertsonak erakusten dituzte irudiek (...), bi sortzaileen artean zegoen hurbiltasunetik eta denboran izan zuten lankidetzatik abiatuta".

Lurra

1995ean, Jesus Uriarte Frantziako Grasse herrira aldatu zen denboraldi batez, Hans Spinner zeramikariaren lantegira: Eduardo Chillida han ari zen lanean, lurrezko eskulturak egiten (Lurrak). Uriartek pixkana irabazi behar izan zuen bere lekua han. Egun haietako argazkien artean badira urrunetik, errespetuzko ikuspuntu batetik ateratakoak, baina baita gertutik ateratakoak ere. Uriartek artistaren kontzentrazioa jaso ahal izan zuen, baina baita Hans Spinner-ekiko jokoa eta sintonia ere.

Papera

Eduardo Chillidak Donostiako Villa Ingerborg etxean sortzen zituen bere marrazkiak, collageak eta grabitazioak. Uriartek Chillidaren sorkuntza-espaziorik intimoenean sartzeko askatasun horri esker, eskultorea lanean fotografiatzeko aukera izan zuen Uriartek, baita hark erabiltzen zituen tresnak xehetasunez dokumentatzeko ere, sabai-leihoetatik sartzen zen argi naturala baliatuta.

Altzairua

Jesus Uriartek 1977an fotografiatu zuen Peine del Viento [Haizearen orrazia] eskulturaren eraikuntza-prozesua, Eduardo Chillidarekin lanean hasi baino urte batzuk lehenago. Lan-baldintza zail eta gogorretan (mareak eta itsas enbatak) fotografiatutako langileen irudi ikonikoek agerian uzten dute eraikuntza- prozesuaren konplexutasuna eta artistaren eta industriako hainbat eragileren artean sortzen zen lankidetza estua.

Handik urte gutxira, Jesus Uriarte Chillidarekin hasi zen lan egiten eta sutegiko lan-prozesua dokumentatzen. Lan horietan eskultorea Fernando Mikelarena, Marcial Vidal eta Joaquín Goikoetxea laguntzaileekin batera ageri da lanean, langile bat balitz bezala. Uriartek ingurune horren baldintzetara egokitzen joan behar izan zuen (sua, mugimendua, sutegiko argitasun eskasa eta pelikularen sentikortasun mugatua), eta erabakiak azkar hartu behar izaten zituen. Hori are beharrezkoagoa izaten zen forja industrialetako eskala handiko altzairu-lanekin. Han, Uriartek oso tenperatura altuetan forjatzeko teknika konplexuak dokumentatu zituen; dozenaka langileren laguntza behar izaten zen eskultoreak espazio publikorako egin zituen eskultura monumental haiei forma emateko.

Hormigoia

Chillidaren hormigoizko lanen eraikuntza-prozesu industriala luzea eta konplexua zen: maketa batetik abiatuta, porexpanezko eredu bat eraikitzen zen, 1:1 eskalan eta kofratua industria-nabe batean; segidan, kofratua desmuntatu, eta berriro muntatzen zen eskultura jartzeko aukeratutako lekuan, eta, han, hormigoia isurtzen zen kofratuaren barruan. Logikoa denez, ezinbestekoa zen taldean lan egitea: José Antonio Fernández Ordóñez ingeniaria, Jesus Aledo porexpana lantzen eta José Antonio Bereziartua arotza izan zituen laguntzaile nagusiak.

Uriartek, besteak beste, Gijoneko Elogio del Horizonte [Zeruertzaren laudorioa] edo Sevillako Monumento a la tolerancia [Tolerantziari monumentua] lanak egiteko prozesu osoa dokumentatu zuen. Lanketa-denbora luzeagoa behar zenez eta toki bakartuetan instalatzen zirenez, patxada handiagoz jarduteko aukera izan zuen Uriartek. Eskultura horien monumentaltasuna dela-eta, argazkilariak haien gainera edo langileek erabiltzen zituzten garabietara igo behar izan zuen, noiz edo noiz.

JESUS URIARTE (Pasai Donibane, 1948)

Ekonomia Zientziak ikasten ari zela sortu zitzaion argazkilaritzarako interesa, 1970eko hamarkadaren hasieran. Aldi berean, José Llanos pintorearen bitartez, zeinaren familiak Pasaian igarotzen zituen udak, harremanetan jarri zen inguruko hainbat artistarekin, besteak beste, Rosa Valverde, Vicente Ameztoy, Ramón Zurriarain eta Andrés Nagel.

1975ean, ikasketak amaitu ondoren, Uriarte Estatu Batuetara joan zen zenbait hilabetez, eta han harremanak izan zituen Buffaloko Unibertsitateko Argazkilaritza departamentuarekin; baliabide harenganako interesa elikatzen jarraitu zuen han. Donostiara itzuli zenean, hainbat komunikabide sortu berrirekin lankidetzan hasi zen, hala nola Berriak, Egian eta Ere. Ondoren, 1976an, El País egunkarian hasi zen kolaboratzen, eta han jarraitu zuen lanean, kolaboratzaile gisa lehenik eta fotokazetari gisa ondoren, plantillan, berrogei urtez baino gehiagoz, erretiroa hartu zuen arte. El País egunkarian argitaratu zituen lehen argazkiak Andrés Nagel artistak Iruñean egindako erakusketa baten instalazioan eginak izan ziren. Uriarte hasia zen ordurako fotokazetari lanetan, artista donostiarraren lanen erreprodukzioak egiten (1970eko hamarkadaren erdialdea). Nagelentzat egiten zuen lanaren berri izan zuten inguruko beste artista batzuek, eta argazkilariarenganako interesa sortu zitzaien. Haien artean zegoen Eduardo Chillida, eta harekin hasi zen lanean, 1980ko hamarraldiaz geroztik; urte askoan jardun zuten elkarrekin lanean.

Jesus Uriarteren argazkiek XX. mendearen azken laurdenaren eta XXI. mendearen hasieraren arteko tartea hartzen dute. Haren artxiboan ehunka mila irudi daude Gipuzkoako gizartea dokumentatzen dutenak, konplexutasun sozial eta politiko handiko garaian; bestalde, hainbat eta hainbat argazki daude Donostiako giro artistiko eta kultural aberatsaren berri ematen dutenak. Uriarteren lana argazki pertsonalagoekin eta familiakoekin osatzen da, eta horietan guztiz aske uzten ditu bere asmamena eta humorea.

Komisarioa: JON URIARTE (Hondarribia, 1980)

Komisarioa, ikertzailea eta irakaslea. Master in Algorithmic and Networked Photographyko zuzendarikidea da Elisavan eta Screen Walks online programaren komisarioa (Suitzako Fotomuseum Winterthur-ek eta Londresko The Photographers'-ek elkarlanean egina).

MACBA Ikasketa Zentroaren ikertzaile gonbidatua izan da, eta Observatori del Paisatge de Catalunya-ren Argazki Artxiboaren garapenean lan egin du.

Londresko The Photographers' Gallery programaren komisario izan da, eta Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiarena 2020, 2021 eta 2022 edizioetan. Aurretik, Bartzelonako Fotocolectiniak bultzatutako DONE programaren komisario izan zen, zeinaren bitartez aztertzen baitiren irudiaren eraldaketa digitalak eta online eraldaketak. Parallel Platform of European Photography-k hautatuta, Currents Shift erakusketaren komisario izan zen Toulouseko Le Chateau D'Eau-n (Frantzia).

Widephoto kolektiboaren sortzaileetako bat da ̶ komisariotza eta kudeaketa kulturalerako ekimen independentea –, eta harekin komisariokide izan da hainbat erakusketa indibidual eta kolektibotan, performancetan eta tailerretan, Espainiako hainbat erakunderekin elkarlanean. Irakasle gisa, graduatu ondoko ikastaroen zuzendari izan da, argazkigintzako proiektuen jarraipena eta akonpainamendua egin izan du, bai eta argazkigintzako, zinemako eta diseinuko hainbat ikastetxetan aurkezpenak eta maisu-eskolak eman ere.

Nazioarteko hainbat komunikabide inprimatutan eta online bidezkotan argitaratu ditu saiakerak eta bestelako testuak, hala nola FOAM Magazine edo Il Gionarle Dell'Arte aldizkarietan, eta liburu akademikoetan eta ikerketa-liburuetan parte hartu du, honako hauetan besteak beste: The Routledge Companion to Photography, Representation and Social Justice (Moritz Neumüller-ek editatua eta Routledge Taylor & Francis Group-ek argitaratua), Curating Digital Art (Annette Dekker-ek editatua eta Valiz-ek argitaratua) eta Automated Photography (Milo Keller, Claus Gunti eta Florian Amoser-ek editatua eta Morell Books eta ECAL-ek argitaratua).

chillida-lanean
Eduardo Chillida Grassen, Hans Spinner zeramikariaren tailerrean lanean, 1995 © Jesus Uriarte

Kutxa Kultur Artegunea | Tabakalera, puru-kaxen plaza - Donostia (Gipuzkoa)


txillida-jesus-uriarteren-begietatik
Txillida. Arg/ Kutxa fundazioa

Txillida, Jesus Uriarteren begietatik

11 Avr. | Urko Iridoy Alzelai [BERRIA.eus]

Tabakalerako Artegunean bildu dituzten 180 argazki inguruetan Txillidaren lan prozesuak irudikatu dituzte. Erakusketa lau zatitan banatu dute, eskultoreak erabiltzen zituen lau material nagusiak aipatuta: papera, lurra, hormigoia eta altzairua.


Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'Åöuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).