artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Korde gabe

Sky Hopinka

2025eko Irailaren 18tik
2026ko Urtarrilaren 18ra

korde-gabe

2025eko irailaren 18tik 2026ko urtarrilaren 18ra, Guggenheim Bilbao Museoak Sky Hopinka: Korde gabe aurkeztuko du, aurtengo Film & Video programazioa ixten duen erakusketa.

Oraingo honetan, Korde gabe (Fainting Spells, 2018) filma izango da ikusgai, Sky Hopinka (Ferndale, Whashington, 1984) artistarena. Bertan, Xąwįska edo indiar pipa landareari buruzko mitologia ikertzen du artistak: norbait konorterik gabe geratzen denean, Wisconsingo Ho-chunk herriak hura esnatzeko erabiltzen duen sendabelarra, "mamu-landarea" edo "hilotz-landarea" izenez ere ezaguna. Sendabelar horrek garrantzi handia du identitate, jakintza eta kultura indigenetan, eta bizitzaren eta heriotzaren zikloekin eta mundu espiritualarekin lotzen da. Artistak ikerketa zabala egin zuen landarearen inguruan, eta, haren jatorriaren berri emango zion mitorik aurkitu ez zuenez, berak asmatu zuen bat. Horrela, gainera, ikuspegi garaikide batetik egin zion ekarpena mitogintzari.

Bideoa, hiru kanalez osatua, eskuz idatzitako poema batekin hasten da, eta kolorez blaitutako paisaiak zeharkatzen ditu, musika iradokitzaile batek lagunduta. Poemak —erakusketa-gunean bertan ere badago inprimatuta— zuzenean hitz egiten dio Xąwįskari, eta, aurrerago, landarea bera kapa batekin bildutako figura gisa pertsonifikatuta agertzen da. Lanak kontzientzia-egoera desberdinetan espirituen mundua zeharkatzera eramango gaitu. Gehienbat Washingtonen eta Coloradon filmatuta dago, eta musika, poesia, irudia, soinua eta kolorea uztartzen ditu ametsezko narratiba bat sortzeko. Piezak Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretorako propio pentsatutako murgilketa-esperientzia berezi bat bizitzera gonbidatzen gaitu horrela.

korde-gabe

Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)

Xehetasunak
UDAN (ekainaren 16tik irailaren 21ra): 10:00 - 20:00 egunero | BESTELA: 10:00 - 19:00, asteartetik igandera.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.