Dear Deer
Maider Garayo
2026ko Otsailaren 06tik
2026ko Apirilaren 12ra

Hau da azken unea. Gogoetak zeharka moztuta. Irudien, materialen eta hitzen buru-collagea. Gauza batzuk testuinguruan eta beste batzuk ez. Askatutako jario bat, gero berriz editatua. Ez gehiegi, alabaina, ez dut jatorrizko forma galdu nahi; it's an overall.
Iruñera urrutitik so. Pentsamenduak etengabean eta ulertu berri den hori. Memoria zatiak elkarrekin jira-biraka. Atzerrian bizitako garai bat gertu, etxean dagoela jolasean.
Zer da etxea eta zer da bestea? Irekitako hori eta itxitako hori.
Kanpoan dagoen hori eta barruan dagoen hori. Gizon-emakumeena eta animaliena.
Gogoan ditut Irantzurekin Taconerara egiten genituen ibilaldiak. Arnasa hartzera, kanpora irteten ginenean. Animaliei so egin.
Animalia horiek ez dira ezezagunak bakarrik, baizik eta kultur sistemen parte, erakusten baitute gizarteek nola ulertzen duten mundua eta natura, nola egituratzen dituzten tokiko kontakizunak, nola adierazten dituzten gizartearen tirabirak eta nola irudikatzen dituzten herstura ekologikoak.
Garai bakoitzak definitzen du gizakia animaliengandik artifizialki bereiztuz: arrazoiaren bidez, hizkuntzaren bidez, arimaren bidez, etikaren bidez.
Baina ez dago definizio egonkorrik: denak dira "lerro mugikorrak".
Nola gurutzatu lerroak. Nola hautsi banaketa. Nola ezabatu definizioa. Nola ekarri haiek gune honetara. Nola izan haiek.
Orain ez da egonen betarik ea gauza batzuk garrantzitsuak izan ziren jakiteko. "Izaten ahal zenaren" egoera txikian harrapatuta geldituko dira, besterik ez, kanpoko gunean lanean, kanpotik, egunerokotasunaren pentsamendu etengabeekin, behin eta berriz.
Eta orain zer? Ikusi zenuen erakusketa?
Ez dakit zergatik kontatzen dizkizudan gauza hauek. Beharbada ikuspegi hau, intimitate hau ematea izanen da adierazteko forma segurua. Beharbada erabiltzen ari natzaizu, nolazpait.
Zure falta sentituko dut.
— Maider Garbayo.
Biografia
Maider Garayo Urabayenek (Iruña) hamar urte baino gehiago daramatza bere praktika artistikoa hainbat lan eremutan garatzen, banaka zein taldeka, sorkuntza garaikideari lotutako proiektuak bultzatuz.
Bere lanak irudia eta materiaren ikerketa du ardatz, baita horiek espazioarekin duten harremana ere. Instalazioak baliatuta, aztertu egiten du presentzia horiek nola egituratzen diren espazioan atmosferak eta giroak sortzeko, eta arreta berezia jartzen du haien itxuran, antolamenduan eta lekuaren esperientzia eraldatzeko duten gaitasunean.
Inpresio-tekniketan duen prestakuntza eta ibilbidea funtsezkoak izan dira bere lanaren garapenerako. Bere lanak ikerketa eta ekoizpen grafikoa izan ditu ardatz, eta inprimatze-prozesuak bitarteko gisa baliatu ditu bere ideia eta kezkei itxura emateko.
Egonaldi artistikoak egin ditu Tabakaleran (Donostia) eta WIELS Contemporary Art Centre-n (Brusela). Uharte Zentroaren Ekoizpen laguntzak eta Nafarroako Arte Plastiko eta Bisualetarako laguntzak jaso ditu. Maiderren lanak ikusgai egon dira Montehermoso Kultur Zentroan, Iortia Kultur Gunean, Kampai Espazioan, La Zurdan eta Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolan, besteak beste.

Iruñeako Zitadela | Armadaren etorbidea - Iruñea (Nafarroa)
Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11.30 - 13.30 / 18.00 - 20.30.
Igande eta jaiak: 11.30 - 13.30


