Korrespondentziak eta erresonantziak
Jean Cocteau - Igor Markevitch
2026ko Maiatzaren 23tik
2026ko Agorrilaren 29ra

Erakusketak poeta eta musikariaren arteko hogeita hamar urtetik gorako gutun-trukea aurkezten du. Funts hori Jean-Claude Marcadé-k, Markevitchen testamentu-betearazleak, Angeluko udaletxeari eman zion.
Jean Cocteau (1889-1963) poeta, dramaturgo, artista plastiko eta zinemagile gisa famatua da. Igor Markevitch (1912-1983), berriz, goiztiartasun harrigarriko musikaria izan zen. Cocteau eta Markevitchen arteko harremana lankidetza batekin hasi zen: Markevitchek musika jarri zion eta Cocteauk libretoa idatzi zuen Cantate lanerako; 1930eko ekainaren 4an aurkeztu zioten Parisko (Frantzia) publikoari. Adiskidetasuna hurrengo urteetan sendotu zen, batez ere 1934ko bigarren erdian, Jean Cocteau Markevitchtarren etxean bizi izan baitzen Corsier-sur-Veveyn (Suitza). Uda eta udazken horretan alboz albo egindako lanak euren arteko konplizitatea elikatu zuen: Cocteau Les Chevaliers de la table ronde antzezlana idazten ari zen bitartean, Markevitch Le Paradis perdu oratorioa konposatzen ari zen.
Cocteauk gaur egunera arte erabat ezezagunak ziren marrazki ugari eman zizkion bere lagunari, eta, beraz, lehen aldiz erakutsiko zaizkio publikoari. Horrekin batera, gutun-trukeak berritasunak ematen dizkio Cocteauren biografiaz genuenari, batez ere 1935 eta 1936 urteetako garaiari buruz. Azken gutunak Jean Cocteau hil (1963ko urriaren 11n) baino egun batzuk lehenagokoak dira.
Erakusketa honek hainbat mailegu jaso ditu* ahalik eta ilustratuena izan dadin, eta aukera paregabea da orain arte oso dokumentazio gutxi zuen adiskidetasun-istorio batean murgiltzeko. Argitaratu gabeko lan asko ezagutzeko aukera ematen du, eta, bereziki, Jean Cocteauren marrazki multzo bikain bat.
*Frantziako Liburutegi Nazionala eta Lausanneko Unibertsitateko Liburutegia (Suitza).

Beatrix Enea | Albert le Barillier karrika, 2 - Angelu (Lapurdi)
Xehetasunak
Asteartetik Ostegunera: 14:00 - 18:00 | Ostirala: 9:00 - 17:00 | Larunbata: 11:00 - 13:00 / 14:00 - 18:00


