artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Batzuk

Mar de Dios

2023ko Otsailaren 09tik
2023ko Apirilaren 16ra

batzuk

Batzuk erakusketak Mar de Dios artista bilbotarraren artelanak biltzen ditu eta Ane Lekuona ikerlari hondarribitarra da komisarioa.

Tabakalerak, erakusketa honekin, euskal arte garaikidearen sorkuntza eta komisariotza bultzatzeko ildo bati ematen dio hasiera, Lau Pareta erakusketa-aretoan leku hartuko duena.

Tabakalerak otsailaren 9an inauguratu zuen Batzuk, Mar de Dios artista bilbotarrak egindako zeramikazko eskulturak biltzen dituen erakusketa. Lau Pareta aretoan kokatzen den erakusketa, Ane Lekuona ikerlari hondarribitarrak komisariatutakoa da, eta elkarrekin solasean ari diren objektuak biltzen ditu. Ziurtasunetik, ikasitakotik eta espero daitekeenetik aldentzen diren objektuak dira eta, kontrara, ezberdintasuna, ustekabea edo ezin izendatu daitekeen edertasuna bilatzen dutenak.

Proposamen honekin, Tabakalerak programazio-ildo berri bat inauguratu du, euskal testuinguruaren komisario eta sortzaile berriei plataforma bat eskaintzen diena, eta sorkuntzari laguntzeko helburua duena. Horrela, ekimen honen lehen erakusketa da Batzuk, urtero tokiko testuinguruko euskal artistek komisariatu eta sortutako erakusketa bat proposatuko duen egitasmoa, hain zuzen ere.

Komisarioaren hitzetan, Batzuk erakusketak ezagunaren esparrua zabaltzea bilatzen du, beste fikzio eta irudikapen posible batzuk irudikatzea, eta pentsamendua sortzeko beste modu batzuei buruz hausnartzera gonbidatzen du. Erakusketa hau gorputzaren ohiko abiadura moteltzeko eta beste imajinario posible batzuk aktibatzeko gonbidapena da.

Mar de Dios

Buztinaren bitartez Mar de Dios artista funtzionaltasunaren eta kontenplazio hutsaren artean mugitzen da. Bere piezen artean diseinuzko objektuak eta eskultura autonomoak aurki ditzakegu.

EHUko Arte Ederren Fakultatean lizentziaduna, Zeramika Masterra, 2018. Artea Ikertzeko Masterra egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, 2015.

Bere ibilbidearen barne, honako erakusketa hauek nabarmentzen dira: Baratzean, Base galeria, Bilbo, 2022 / Still, Etxebarriko Kultura Aretoan, 2022 / Kata, Aldama Fabre, Bilbo / Balizko, Paname Lore Estudioak komisariatutakoa, Donostia, 2021 / Batzuk, Tabakalera, Donostia (Ane Lekuonak komisariatutakoa), 2023 / Natalia Suárezekin baterako erakusketa, Filet, Londres, B.A.C.E. Project Ekimenaren barne, Aldama Fabre galeriak zuzendua, 2023.

Zeramika eta arte lehiaketei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: Cerco, Nazioarteko Azoka eta Zeramika Garaikidearen Saria, 2021 / Ertibil Bizkaia (Hirugarren Saria 2022an, 2019ko eta 2021eko aukeraketetan) / Manisesen Nazioarteko Biurtekoa (2019, 2017ko Ohorezko Aipamena) / Open to Art, Officine Saffi Galeria, Milan, 2019.

Ane Lekuona

Ane Lekuona (Hondarribia, 1994) artearen historian doktorea da (UPV-EHU) eta unibertsitate berean dihardu irakasle. Bere ikerketa-ildoak ikuspegi feministetara, genero-azterketetara eta Euskal Herriko diskurtso narratiboen eta nagusitasun politiko-kulturalaren arteko gurutzaketetara bideratuta daude. Arte garaikideari buruzko artikuluak idatzi ditu aldizkari zientifikoetan eta argitalpenetan, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu atzerriko unibertsitateetan. Era berean, komisario gisa hainbat erakusketa-proiektutan parte hartu du.

Jarduera-programa

Erakusketaren inguruan bisita gidatuak eskainiko dira, otsailaren 22an eta martxoaren 22an, eta arte tailerra familientzat, apirilaren 15ean.

Batzuk

  • 2023ko otsailaren 9tik apirilaren 16ra.
  • Asteartetik igandera, 12:00-14:00, 16:00-20:00
  • Lau Pareta aretoa (1. solairua)
batzuk

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


burua-baino-azkarrago-dabiltzan-eskuetatik
Lau Pareta guneak hartuko ditu Tabakaleran euskal artisten obrak; lehenak dira Mar de Diosen piezak. JON URBE / FOKU

Burua baino azkarrago dabiltzan eskuetatik

Ots. 20 | Naroa Torralba Rodriguez [BERRIA.eus]

Mar de Dios artistaren zeramikazko 30 pieza bildu ditu Tabakalerak 'Batzuk' erakusketan. Lerro berri bat abiatu dute horrekin, eta urtero "euskal testuinguruko" komisario eta egileek osatuko dute


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.