Banbalinetan
Amable Arias
2023ko Otsailaren 18tik
2023ko Uztailaren 02ra

Mikel Lertxundi Galiana komisario duela, erakusketak artistak 1955 eta 1959 artean egindako marrazki eta akuarelak aurkezten ditu, urte haietan bere amari laguntzen baitzion Donostiako Antzoki Zaharreko jantzizaindegian, eta unibertso hura ezagutzeko multzo bikaina osatzen dute
Antzoki Zaharra saila —Maru Rizok 2022an San Telmo Museoari dohaintzan emana— fundazionaltzat har daiteke Amable Ariasen obran. Akuarela eta marrazki sorta horretan, hastapenetakoa oraindik, behatzeko ahalmen aparta garatu zuen artistak, ingurune ezohiko batean garatu ere: joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako antzerki ibiltariaren esparruan, hain zuzen. Sorta, garaiko argazki eta beste objekturekin batera, Amable Arias banbalinetan erakusketan ikus daiteke. Mikel Lertxundi Galianak komisariatua, erakusketa San Telmo Museoko Laborategian egongo da 2023ko otsailaren 17tik maiatzaren 28ra, doako sarrerarekin.
Amable 1942an iritsi zen Donostiara, bizitza osorako arrastoa utzi zion eta gaztaroaren parte bat kanpora atera ezinik igarotzera behartu zuen istripua gertatu eta sei urtera. 1948 inguruan, pinturako eskolak hartzen hasi zen Ascensio Martiarena maisuarekin; hark gomendatu zion, hain zuzen ere, ikusten zuen guztia bere koadernoetan adieraztea, marrazki eta akuarela bidez.
1951n, Amableren amak Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuen. Garai hartan, programazio heterogenoa eskaintzen zuen antzokiak, ihesbideko ikuskizunak nagusi zirela, errebistak bati bat. Emanaldi haietan, emakumea zen izar nagusia, baina ikuspegi maskulinotik begiratuta, betiere, erotismoa lehentasuntzat hartuta. Gainera, ordura arte ezagututakoaz oso bestelako mundu femenino bat ezagutzeko aukera eman zion antzokiak Amableri. Batik bat vedette eta koristekin izan zuen harremana (Lina Morgan, Queta Claver, Virginia Frediani...), baina antzezleak, abeslariak, musikariak, dantzariak, komikoak eta abar ere ezagutu zituen.
Amable denbora gutxian igaro zen txikitan izandako istripuak behartutako itxialditik farandula bertatik bertara ezagutzera, eta horrek berebiziko astindua behar zuen izan hain bizitza-formazio eskaseko gazte batentzat. Izan ere, mundu berri hura ez zuen kaleko egunerokotasun zurrunak gobernatzen; arau propioak zituen, non bestelako askatasun batekin formulatzen baitziren norbere jarrerak, hizkuntza edo sexualitatea.
Banbalinetako giro hura dago 1955 eta 1959 bitartean sortutako obra sorta honen jatorrian. Sintesia eta protagonisten hazpegiak oro har agerian ez izatea ezaugarri dituzten arren, errealismo bizia darie irudiei, artistak modeloen jarrera atxikitzeko zuen ahalmen harrigarriari esker. Horien artean, badira pose kontzienteak, protagonistek ongi neurtuak, non sortzen baita berezko jarraitutasun bat obraren eta protagonistek antzezten dituzten pertsonaiak eszenan agertzearen artean —antzezle dotoreak, vedette sentsualak, musikariak eta komikiak jardunean, etab.—, edo artistak marraztu zain lasai ageri diren irudiak. Baina, bestalde, badira irudi apur batzuk keinu edo une lapurtuak erakusten dituztenak, modeloak ezustekoan harrapatuta eginak eta halako nahi gabeko intimitate bat erakusten dutenak.
Antzokiko giro hartan murgiltzea baliagarria izan zitzaion bere heltze-prozesua suspertzeko, etenda geratu baitzitzaion, bai eta ondorengo bere unibertso berezia taxutzen lagunduko zion zentzu kritikoa garatzeko ere.
KATALOGOA
Erakusketa honen katalogoa ere argitaratu du museoak, Bildumak/Museoko Bildumak linearen argitalpen berri bat. Bertan Mikel Lertxundi Galiana erakusketaren komisarioaren testuez gain, Maru Rizo, Mikel G. Gurpegui, Espido Freire eta Antonio C. Hernándezenak ere badaude.
Katalogoa salgai dago museoan, 20 eurotan.

San Telmo | Plaza Zuloaga, 1 - Donostia (Gipuzkoa)
Xehetasunak
Asteartetik igandera. (Astelehenetan zabalik jai eguna edo zubia baldin bada soilik).
Negua (azaroak 1-martxoak 24): 10:00 - 19:00
Uda (martxoak 26-urriak 31): 10:00 - 20:00
Abenduak 21, 24 eta 31 (astelehenak ez badira): 10:00 -14:00.
Urtarrilak 1, 20 eta abenduak 25: Itxita.

Bizipenetatik
Mar. 29 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]
'Amable Arias banbalinetan' | Non: San Telmo museoa, Donostian. | Noiz arte: maiatzaren 28ra arte.





