artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Estratuarteak

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz, Marina González Guerreiro

2023ko Martxoaren 17tik
2023ko Ekainaren 04ra

estratuarteak
Marina Gonzalez Guerreiroren obra bat

Oteiza Museoak Interestratos/Estratuarteak erakusketa aurkezten du, zeinaren bidez eskulturagintza formalizatzeko modu berriak ikusarazten baitira, Nora Aurrekoetxea (Bilbo 1989), Miren Doiz (Iruñea, 1980) eta Marina González Guerreiro (A Guarda, 1992) artistek zentro honetan egindako esku-hartzeetan oinarriturik. Haien proposamenak eskulturagintzarekiko hurbilketa garaikide bat dira, eta hurbil daude errealtasunaren eta subjektibotasunaren urratsetik. Ildo horretan, gaur egungo sorkuntzaren gakoak zehazten dituzten materialen eta eraikuntza-moduen aniztasunari erantzuten diote.

Proiektuaren izenburuak "estratuarte" kontzeptuari egiten dio erreferentzia, zeina Gilles Deleuzek eta Felix Guattarik identifikatu baitzuten Mil mesetas. Capitalismo y esquizofrenia liburu ospetsuan (Mila goi-lautada. Kapitalismoa eta eskizofrenia), forma berriak sortzeko prozesuetan gertatzen diren transkodetze, intersekzio eta topaketei dagokienez. Termino hori barneratuta, egungo eskultura-sorkuntzak objektuen eta materialen arteko topaketei nola heltzen dien hausnartzen ahal da, bereziki nabarmenduz loturetan gertatzen dela, akoplatzeko eta zabaltzeko moduan. Azken buruan, proiektu honek eskultura garaikidearen egitura-izaerari heltzen dio, eta esanahi beteko elementu gisa erantzuten dio haren tasun erlazionalari.

Arte-sorkuntzan materialak eta formak gurutzatzeko eta elkarren artean erlazionatzeko baldintza azpimarratzen duen kontzeptu horretatik abiaturik sortua da, hain zuzen, esku-hartze eskultorikoen proiektu hau, zeina Jorge Oteizaren legatuarekin alderatzen den proposamen gisa eratu baita, artistaren heriotzaren 20. urteurrenean.

Proiektu hau Altzuzako zentroan egonen da ikusgai 2023ko martxoaren 17tik ekainaren 4ra bitartean. J.P.Huercanos Oteiza Museoko zuzendariordea da komisarioa, eta, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural programaren lankidetza ez ezik, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Iruñeko 72-22 Topaketen laguntza ere jaso du. Proiektua osatzeko, artisten esku-hartzeak bisualki jasotzen dituen argitalpen bat editatu da, proiektuaren komisarioak prestaturiko testuez lagundurik.

Jorge Oteizaren Unamunoren erretratua eskulturako atzealde hustuarekiko interesak determinatzen du Nora Aurrekoetxeak garatutako red/ red / red / peruke proposamenaren hasiera. Busto kontzeptua bustoaren beraren izaera formala determinatzen duten elementuetatik abiatuta birpentsatzeak—elementu horiek itxurazkoak eta ez-egiturazkoak izan arren—, aukera ematen dio gabeziez definitzen den gorputz batek berezko duen busto-kontrakoaren ideiara hurbiltzeko. Kasu horretan orrazkerak, bolumena eraikitzeko eskultura-keinuarekin identifikaturik, buru multzoak sortzen ditu; horietan ilearen keinuak, forma geldia bihurtu delarik, determinatzen du buru horien konfigurazioa. Egitura zintzilikako, okupatu eta hutsek determinatzen dute gabeziaren ideia gogorarazten digun gorpuztasunaren eszenaratzea.

Miren Doizek bere obrak garatzeko material berririk sortu eta eraikitzeari uko egitea da egiten dituen obren eta esku hartze honen bilakaera determinatzen duen baldintza. Artistak desartikulatu egiten ditu lanean erabiltzen dituen objektuak blaitzen dituzten erlazioak, ondoren, eta etengabeko zatiketen bitartez, aldaketan eta eraldaketan oinarritutako errealitate berriak sortzearren. Pinturak eta koloreak koagulatzaile dihardute gainjartze eta topaketa prozesu etengabean; eta esku hartze horretan, prozesuak lagundu egiten du aretoaren geometria hausten, eta gorputzak eta lekua bat egiten ditu. Hala, desegin egiten da murru, zoru edo objektuaren arteko banaketa, zatiketa lotu baten, hots, geruza bitartez eraikia den eta akats eta suturen ezkutatzea ehuntzen duen baten alde.

Marina Gonzalez Guerreiroren proposamena osatzen duten objektu intentzionalek uko egiten diote iraganarekiko haustura orori. Marinak ikusizko egunkaritzat egituratzen du bere esku hartzea, objektu hauskorrekin eraikitako bizipen joaira gisa. Objektu horiek halako iraungitasun bat dute, esangurarik apenas, baina oroimena eraikitzen duen subjektibotasuna jalkitzen dute. Asko eta askotarikoak direla, lagun seguru eta fidel ageri dira. Objektu guztiek eta dituzten erlazioek osatzen dute joandako denborako gertaerak, txikiaren aldarrian finkatuak, adierazten dituen objektu dietario hau.

estratuarteak
Marina Gonzalez Guerreiroren obra bat

Oteiza Museoa | Calle la Cuesta, 7, Altzuza - Uharte (Nafarroa)


ostiralekoa-estratuarteak-artikulazio-garaikideak
NORA AURREKOETXEA. sarea sarea sarea ileordea (2022). IÀƒÂ‘IGO URIZ / FOKU

Ostiralekoa. 'Estratuarteak', artikulazio garaikideak

Mar. 27 | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalezen eskulturak bildu dituzte?Estratuarteak? erakusketan, Oteiza museoan. Ekainaren 4ra arte daude ikusgai.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.