artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Kaosaren teoria

Metahaven

2024ko Otsailaren 22tik
2024ko Ekainaren 09ra

kaosaren-teoria

Metahaven izenez ezagutzen da Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artista nederlandarrek osatzen duten bikote ospetsua. 2007an sortu zuten kolektiboa, eta haren lanek erraz gainditzen dituzte artearen eta diseinuaren mugak. Filmak, eszenografia eta objektu grafikoak, tresna digitalak eta diskurtso teorikoa bezalako baliabideak erabiltzen ditu Metahavenek, eta forma-sortzaile eraginkortzat jotzen da gaur egun; forma horietan hezurmamitzen da, hain zuzen ere, post-humanismoa deritzona. Kolektiboaren praktika transdiziplinarrak nazioarteko errekonozimendua jaso izan du, eta bakarkako erakusketak eskaini dizkiote MoMA PS1, Stedelijk Museum, ICA London edo Minneapoliseko Walker Art Center bezalako erakundeek. Azken ekoizpen zinematografikoen artean, Kaosaren teoria (Chaos Theory, 2021) ikus-entzunezko poema hunkigarria dago, bi ahizpa gazteren arteko elkarrizketan eta haien bilakaeretan oinarritua: X (Valentina Di Mondo) eta Y/Z (Georgina David/Lucie de Bréchard). Adinak mundu garaikideari eta haren fenomeno ulertezinei aurre egitera daramatzan heinean, protagonistek gure bizimodua eta bizikidetza definitzen dituzten afektuak azaltzen dituzte. Gure ziurtasunak sendotzera bideratutako hizkuntza narratibo konbentzionala saihestuz, Kaosaren teoriak samurtasuna eta eztitasuna erabiltzen ditu zapaltzen dugun lurra bera ere zalantzan jartzera bultzatzeko.

Zalantzan jartze horren ondorioa ez da nahasmendua edo gatazka eragitea, baizik eta enpatia areagotzea: "Zer da oraina / zer da fisikoa / poza bera bezala?". Filmeko protagonistetako batek, Clarice Lispector idazlea parafraseatuz, gauzetan barrena egindako bidaia bat aipatzen du, eta obra hau definitzeko balio dezake, hain zuzen ere, aipu horrek. Egituraren, konposizio kromatikoaren eta soinu-muntaiaren bidez, Metahavenen piezak irudien eta pertzepzioaren ekologia moduko batean sartzen gaitu Gediminas Zygus konpositore lituaniarraren partitura magistralaren laguntzarekin.

Aretoa:103

Komisarioa: Manuel Cirauqui

kaosaren-teoria

Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)


metahaven-kolektiboaren-kaosaren-teoria-jarri-du-ikusgai-guggenheimek
Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistak, 'Kaosaren teoria' filmaren proiekzioaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Metahaven kolektiboaren 'Kaosaren teoria' jarri du ikusgai Guggenheimek

Ots. 27 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Erakusketaren irekierak bat egin du Bilboko museoaren Films & Video aretoaren hamargarren urteurrenarekin.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.