Martha Jungwirth
2024ko Ekainaren 07tik
2024ko Irailaren 22ra
Sei hamarkadatan zehar, Martha Jungwirth (Viena, 1940) artista austriarrak mundu fisikoarekin loturiko lengoaia abstraktu propioa sortu du. Giza formaren, animalien eta paisaiaren behaketa zehatzak, artearen historiako erreferentziek eta artistak berak munduan zehar egindako bidaia ugariek tankeratu dituzte haren pinturak eta akuarelak. Jungwirthen obra boteretsuek estilo erabat inkonformista dute, eta ezohiko euskarrien gainean eginda daude, nola diren kartoia, hirien plano zaharrak, kontabilitate-liburuak edo biltzeko papera. Forma erratikoek eta kolore biziek nolabaiteko espontaneotasun-ukitua ematen diete pinturei. Artistak sormen artistikoaren inguruan duen ikuspegi intuitiboa espresionismo abstraktuaren eta informalismoaren arteko zubi gisa deskribatu izan dute maiz.
Erakusketa honek Jungwirthek hirurogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera arte egindako lana aztertzen du. Besteak beste, paper, mihise eta kartoi mehe gainean egindako hainbat akuarela eta olio-pintura biltzen ditu, baita lau artista-liburu ere. Margolan bat amaitu ondoren oraindik irukidatzeke geratu zaion ideiaren bat duenean margotzen ditu Jungwirthek liburuak. Erakusketa amaitzeko, egilea egun sortzen ari den pieza berriak izango ditugu ikusgai, eta, horrela, berrogeita hamar urteko ekoizpen bikaina jasoko da bertan. 1966an Joan Miró Saria eskuratu zuen, eta oraingo hau lehen aldia izango da orduz geroztik Jungwrithen obra espainiar estatuan ikusgai egongo dena.
Martha Jungwirth Vienako akzionismoaren eta Franz West artistaren arteko belaunaldiaren austriar ordezkaririk garrantzitsuentzat jotzen da. Etengabe arakatu ditu pinturaren materialtasuna, adierazpen-askatasuna, pertzepzioa eta keinua, eta horrek funtsezko ekarpenak egin dizkio abstrakzioaren eta, oro har, pintura garaikidearen historiari.
- Aretoak: 205, 206, 207 Eta 209
- Komisarioa: Lekha Hileman Waitoller
Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
UDAN (ekainaren 17tik irailaren 22ra): 10:00 - 20:00 egunero | BESTELA: 10:00 - 19:00, asteartetik igandera.