artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Eduardo Chillida – Godofredo Ortega Muñoz

2024ko Ekainaren 25etik
2024ko Irailaren 30era

eduardo-chillida-godofredo-ortega-munoz

2022ko ekainean, museoak BBKateak ekimena jarri zuen martxan. Horri esker, azken bi urteetan bildumako 110 artistaren arteko 64 topaketa egon dira ikusgai, eraikin zaharreko 21 aretoetan. Ildo kuratorialaren xedea izan da modu dinamikoan erakustea –astero aretoa aldatuz– kronologiaren tamaina eta artista-zerrendaren oparotasuna, baita museoaren bilduman gordetako teknika eta sormen-asmoen aniztasun izugarria ere.

Orain, programa amaitzeko, topaketa aparta egingo da XX. mendeko euskal eta espainiar artearen ordezkari handi birekin. Itxuraz, oso bestelakoak, beren interesei eta beren lanaren garapenari dagokienez: Godofredo Ortega Muñoz (San Vicente de Alcántara, Badajoz, 1899-Madril, 1982) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002).

Orain aurkeztuko diren hiru aretoetan 21 artelan bildu dira. Hamabi, Chillidarenak: zazpi eskultura (terrakotazko bi eta granito, alabastro, altzairu, harri eta zurezko bana, eta paperean egindako bost obra). Beste bederatziak Ortega Muñozen margolanak dira.

Javier González de Durana historialariak, Ortega Muñoz Fundazioaren (Badajoz) koordinatzaile artistikoak, erakusketako piezak hautatzean, topaguneak eta, era berean, desberdintasunak agerian jartzen dituzten lerro, kolore, hutsune eta keinuen arteko elkarrizketa sotila izan du irizpide.

Era berean, bi artisten obrari buruzko begirada gurutzatua islatu da museoak berariaz argitaratu duen eta González de Duranaren testuak dituen liburu txikian.

Eduardo Chillida - Godofredo Ortega Muñoz

Bealunaldi desberdinetakoak izan arren, Chillidak eta Ortega Muñozek bat egin zuten zenbait aldiz, bai pertsonalki bai erakusketetan parte hartuz, 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Material eta teknika desberdinak erabiltzeaz gain

–Chillida eskultore batik bat, eta Ortega Muñoz margolari–, elkarrengandik oso urruneko moldeetan eta xedeekin ibiltzen ziren, kontzeptualki oso harreman txikia zuten edo harremanik ez zuten munduetan.

Chillidak nora goazen irudikatzen zuen –hizkuntza abstraktu pertsonal baten asmakuntza–, eta Ortega Muñozek, berriz, nondik gatozen –errealismoa pinturaren genero arruntetan–. Orduan, inork ez zuen sumatu haien arteko lotura edo harremanik, aurkakotasuna baizik.

Hala ere, mende erdi baino gehiago igarota eta sinplifikazio teorikoak gaindituta (errealismoa tradizioarekin eta gelditasunarekin lotzea; abstrakzioa, abangoardiarekin eta aurrerapenarekin), gaur egun onar daiteke modernitate-funts komun bat dagoela, eta bakoitzak bere erara lortu zuela. Batzuetan, Chillidaren eskultura, marrazki eta grabatuen unibertso formalaren eta Ortega Muñozen paisaia margotuen arteko hurbileko soluzio formal eta konpositiboen bidez.

Modernotasun-borondate horrez gain, bi-biek dute moda eta taldeetatik kanpoko nortasuna, baita beren bilaketen eta aurkikuntza artistikoen defentsa koherentea ere.

Artistei buruz

Eduardo Chillida

(Donostia, 1924-2002)

1943 eta 1947 artean Arkitektura ikasi zuen Madrilen, baina unibertsitatea utzi eta marrazketa-eskolak hartu zituen. 1948. urtetik aurrera, ordurako Parisen kokatuta, igeltsuzko lehen eskulturak egin zituen, eta Salon de Mai aretoan erakutsi zituen 1949 eta 1950ean. 1951n Hernanira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, eta hor burdina landuzko eskultura abstraktuak egin zituen.

1954an lehen erakusketa pertsonala izan zuen Madrilgo Clan galerian, 1956an Galerie Maeghtek haren bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuen Parisen eta, bi urte geroago, Eskulturaren Nazioarteko Saria jaso zuen Veneziako XXIX. Bienalean.

Materialen ezaugarriez zuen interesak bultzatuta, burdina, granitoa, alabastroa, altzairua, egurra eta buztin txamota lantzea erabaki zuen, keinu informalisten eta sendotasun konstruktiboaren arteko lengoaia erabiliz. Bere ibilbidean zehar, Estatuko eta nazioarteko errekonozimendu ugari jaso zituen. 2000. urtean, Chillida Leku fundazioa sortu zuen Hernanin (Gipuzkoa).

Godofredo Ortega Muñoz

(San Vicente de Alcántara, Badajoz, 1899-Madril, 1982)

Margolari autodidakta izen zen Ortega Muñoz. Aitak unibertsitate-ikasketak egin zitzan zeukan nahiaren kontra jo, eta 1919an Madrilera joan zen. Han, Prado Museoan eta giro artistiko bohemioetan ibiltzen hasi zen. 1920an Parisera joan zen, eta, gerren arteko krisi artistikoarekin deseroso, Italiara jo zuen, primitiboen xalotasuna aurkitzeko. 1940ra arte, Europako eta Ipar Afrikako hainbat herrialdetan zehar bidaiatu zuen eta horietan bizi izan zen.

1940an itzuli zen Extremadurara, eta hamarkada bat geroago Madrilen kokatu zen berriz, eta bertako paisaia garbiak eta funtsezkoak egin zituen. 1953an Pintura Sari Nagusia lortu zuen Habanako II. Bienal Hispanoamerikarrean, eta 1958an areto pertsonal bat izan zuen Veneziako XXIX. Bienalean. 1970ean ospea lortu zuen Madrilgo Casón del Buen Retiron egindako atzera begirako erakusketarekin.


eduardo-chillida-godofredo-ortega-munoz

Bilboko Arte Ederren Museoa | Museo Plaza, 2 - Bilbo (Bizkaia)


txillidaren-abstrakzioa-ortega-munozen-paisaien-ispiluan
'Eduardo Txillida-Godofredo Ortega Muñoz. Aurrez aurre' erakusketako irudi bat. Arg/ OSKAR MATXIN EDESA - FOKU

Txillidaren abstrakzioa, Ortega Muñozen paisaien ispiluan

Uzt. 02 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Eduardo Txillida eta Godofredo Ortega Muñoz artisten lanak elkarrekin erakutsiko ditu Bilboko Arte Ederren Museoak irailera bitartean.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.