artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

3 begirada zehatz

Félix Ortega, Jokin Manzanos, Juan Moreno

2024ko Uztailaren 30etik
2024ko Irailaren 08ra

3-begirada-zehatz

Erakusketak Félix Ortega, Jokin Manzanos eta Juan Morenoren ehun lan biltzen ditu; besteak beste, pinturak, eskulturak, argazkiak eta marrazkiak. Erakusketa irailaren 8ra arte bisitatzen ahalko da.Udalaren proposamenak geometria lan-tresna konstruktibo eta zehatz gisa erabiltzeko lengoaia komunak ahaidetzen dituen hiru artistaren lanen bilduma bat aurkezten du. Iruñeari lotutako artistak dira, Nafarroan bizi dira, eta abstrakzioaren mundutik datoz. Formaren eta kolorearen arazketa, objektualak ez diren irudi abstraktu horiek lortzea eta isilune aktiboak bilatzea da erakusketa honetarako aukeratutako obren etengabeko asmo berariazkoa.

Egileak

Félix Ortegak eta Juan Morenok Iruñeko Alde Zaharrean partekatzen dute lantokia. Félixen ‘Tokioko bihotza' erakusketa –oinezkoen pasabideen geometriari buruzko azterlan bat– Arma Aretoan ikusgai egon zen 2008an, eta urte berean Pablo Sarasate konpositore eta biolin-jotzaile iruindarraren omenez Iruñeko Sarasate pasealekuan eginiko hamabost biolin erraldoiz osatutako instalazioan parte hartu zuen. Haron, Errioxan, jaio zen 1956an, eta duela urte asko Nafarroan bizi da. Parisen eta Madrilen prestakuntza artistikoa jaso zuen, eta egileak adierazten duenez, "geometria du lan-tresnatzat, hizkuntza abstrakturik garbiena delako(…) eta obraren eta hura behatzen duenaren artean distantzia emozionala sortzen delako". Egilearen lanak zenbait bildumaren parte dira: Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma, Nafarroako Museoaren Arte Bilduma eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ondare Artistikoa.

Bestalde, Juan Morenoren lanak bi aldiz egon dira ikusgai Bolborategian (2004an ‘Fragmentaciones' erakusketarekin, eta 2014an ‘Fragmentaciones 2.0 Zatiketak' erakusketarekin). Erakusketa horretan proportzioekin esperimentatzen jarraitzen du, eskultura geometrikoen proposamen baten eta "Karratuaren erretratuak" argazki-seriearen bidez, eta modu artistikoan hausnartzen du pieza geometriko horiek hondo errealetan kokatuz. Juan Morenok (Iruña, 1974) Iruñeko hainbat lantegitan egin zituen arte plastikoko ikasketak, eta hainbat artista izan zituen irakasle, hala nola Javier Satrústegui, Isabel Cabanellas eta Félix Ortega.

Azkenik, Jokin Manzanos: artista plastikoa, diseinatzaile grafikoa eta irakaslea. Iruñean jaio zen 1962an, eta oraindik ere Nafarroan bizi da. Mariano Royoren pintura-lantegian jaso zuen prestakuntza, eta, ondoren, zeramikako ikasketak egin zituen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan. Era berean, Rafael Canogar artistak Artelekun (Donostia) zuen lantegian parte hartu zuen, baita Zubiarte lantegian (Uharte) ere, azken honetan grabatuak egiteko teknikak lantzen. Azkenik, irudien diseinu eta tratamendurako aplikazio informatikoko ikasketak egin zituen. Ziudadelan egin zuen azken erakusketa Bolborategian egon zen ikusgai, 2015ean.

3-begirada-zehatz

Iruñeako Zitadela | Armadaren etorbidea - Iruñea (Nafarroa)

Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11.30 - 13.30 / 18.00 - 20.30.
Igande eta jaiak: 11.30 - 13.30


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.