Formatik haratago
Mikel Lertxundi
2025eko Otsailaren 14tik
2025eko Martxoaren 30era

Durangoko Arte eta Historia Museorako prestatutako erakusketan 1990eko hamarkadaren erdialdetik gaur arte egindako lanaren lagin txiki bat biltzen da, 30 obra inguru. Bertan, artista betidanik kezkatu duten espazioaren eta materiaren arteko loturen inguruko ariketak jorratzen ditu. Naturako ibiltaria da Lertxundi; mendi harritsuetan, basoetan eta basamortu infinituetan egiten dituen ibilaldietan, materialetan, giroan eta paisaietan aurkitutako arrastoak interpretatzen ditu, izadiaren ahotsa entzun guran. Zentzu honetan ulertu behar ditugu, elementu desberdinen ontzi edota poesia sakoneko memoria gisa, bai eskultura forma hartzen duten piezak baita euskarri piktoriko bidimentsionalean izaera berria lortzen duten errezeptakulu desberdinak, hauek eskala eta magnitude berri batera eramateko ariketa zoragarria.
— Mikel Onandia
Mikel Lertxundi
(Berriatua, 1951)
Ez daki zein aurkitu zuen lehenago, Artea ala Natura; are gehiago, ez daki berak aukeratu zituen haiek ala haiek aukeratu zuten bera.
Umetan naturak eskainitakoarekin (egurrak, harriak, buztina,...) jolasten zuen, bere jostailuak egiten zituen eta margolari izatearekin egiten zuen amets.
11 urterekin "baina nola bizi margotzetik?" galdetzen zion bere buruari. Geroago, Ceuta urruneko basamortuan soldaduzka egiten ari zela artista izango zela erabaki zuen, baita ogitartekoak janez bizi behar bazuen ere. Geroztik ez du ezerk desbideratu helburu horretatik.
1980an Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Arte Plastikoetako Sorkuntza eta Ikerketa beka lortu zuen, bere ibilbidearen hasieran bultzada handia izan zena. Bekak Parisera bidaiatzeko aukera eman zion eta Frantzian eta munduan egiten eta erakusten zen artea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen han.
Arte ibilbidean hasi eta urte gutxira bere bide pertsonala ireki zuen harria, egurra eta burdinaren elkarketa oinarri duena. 80ko hamarkada geroztik ura, airea eta sua elementuak ere batzen dizkie bere sormen lerroetako batean.
Bost hamarkadako artista ibilbidean nazioarteko arte azoka prestigiotsuetan erakutsi ditu bere lanak, adibidez, ARCOn (Madril), FIAn (Caracas), ART MIAMIn (Miami), NICAFen (Tokio) eta KIAFen (Seul). Eta estatuko eta atzerriko hainbat galeria eta areto garrantzitsutan egin ditu bakarkako zein taldeko erakusketak, besteak beste,Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Zarautzen, Baionan, Madrilen,Zaragozan, Valentzian, Valladoliden, Logroñon, Frantzian, Alemanian, Holandan eta Estatu Batuetan.
Artea kalera atera eta jendeari gerturatzeko asmoz erakusketa handiak eta entzutetsuak egin ditu neurri handiko eskulturekin: Ziortzako monastegian 2006an, Arenatzarte parkean, Güeñesen, 2009an eta Bilboko kale eta plazatan 2019an. Horrez gain, eskultura publiko ugari ere baditu estatuko eta atzerriko hainbat parke eta espazio zabaletan kokatuta: Lea Artibaiko herri gehienetan, eta Berrizen, Elorrion, Bilbon, Zarautzen, Kantabrian, Biarritzen, Getxon, Larrabetzun, Ingalaterran, Italian, Estatu Batuetan, … Durangon ere bai, Zuhartzola parkean eta Kurutziagako lorategian.
Zenbait arte-interbentzio ere egin ditu naturan bertan: Markinako Txepetxabixe harrobian, "Aisureta" Lea ibilbidean, Aulestin eta Urdaibaiko Paresi auzoan.
Diziplina arteko proiektuak ere burutu ditu: ESMUDAN eskultura, musika eta dantza batuta Arenatzarten (2010). TOPARRI II eskultura biolina eta dantza Bilbao Art District-en (2016).
Bere obra eta pentsamendua ezagutzera ematen duten bi liburu mardul argitaratu ditu: "Lertxundi euskaradun arte unibertsala" 1988an, Argitalpen onenaren Euskadi Saria irabazi zuena eta "Lertxundi espazioa lurra denbora" 2019an.

Durangoko Arte eta Historia Museoa | Etxezarreta jauregia - San Agustinalde Kalea, 16 - Durango (Bizkaia)
Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 10:00 -13:00 / 17:00 - 20:00 | Larunbatak: 11:00 -14:00 / 17:00 - 20:00 | Igandeak: 11:00 -14:00

