artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Artelekun zehar. 1987-2002.

Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat

2025eko Uztailaren 04tik
2026ko Urtarrilaren 11era

artelekun-zehar-1987-2002

Artelekun zehar. 1987-2002 izango da Artium Museoak Euskal Herriko jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini dizkien erakusketen hirugarren eta azken kapitulua. Arteleku prestakuntza- eta ekoizpen-zentroaren aurreneko hamabost urteetan zentratzen da, eta jarraipena ematen dio Pentsatzeko leku bat (2022) izenekoak –1957 eta 1979 bitarteko hezkuntza-ekimen esperimentalak landu zituena– eta edonor, denok inor ez (2024) deitutakoak –1978 eta 1991 artean prestakuntza artistikoa instituzionalizatzeko izandako prozesuei buruzkoak– hasitako ikerkuntzari.

Arteleku Arte eta Kultura Garaikideko Zentroak 1987an ireki zituen ateak Donostiako Loiola auzoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Santiago Erasoren zuzendaritzapean, arte garaikidearen beharrak betetzea izan zuen helburu nagusia, eta orientazio bat eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen berehala, esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta eta pedagogia eta ezagutzen transmisioa ardatz nagusitzat hartuta. Artelekuk jarduera ugari antolatu zituen, batez ere tailer, mintegi eta erakusketetan, eta, 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan, erreferentzia bat izan zen sorkuntza artistikoaren eremuan.

Hasieran, zentroaren egiturak lehentasuna ematen zion diziplinen arteko ekoizpen artistikoari, tekniken eta euskarrien logikari jarraituz. Alabaina, urte horietan, bilakaera izan zuen, ekoizpen-sistema tradizionalak eta ezarritako lan-moldeak gainditzen zituzten jokamoldeetarantz. Sorkuntza garaikidean zeuden azken joerak eta eztabaidak ekarri zituzten nazioarteko artistak eta ahotsak hartu zituen, eta gorputzaren diskurtsoen garapenaren eta artearen desmaterializazio progresiboaren lekukoa izan zen.

Erakusketa honen ardatz nagusia Artelekuren artxiboa da, Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dagoena. Erakusketa osatzeko, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren eta Gordailuaren beraren funtsen aukeraketa bat egin da. Bestalde, dokumentu-multzo garrantzitsua du, besteak beste, Isabel Azkarate eta Ricardo Iriarte artxiboak.

Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergara izan dira erakuske-taren komisarioak.

[Argazkia: Isabel Azkarate]

artelekun-zehar-1987-2002

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


arteleku-zentroak-bere-hastapenetan-egindako-ekarpena-bistaratu-du-artium-museoak
Artium museoko Plaza aretoan ikusgai dauden obretako batzuk. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Arteleku zentroak bere hastapenetan egindako ekarpena bistaratu du Artium museoak

Uzt. 09 | Edurne Begiristain [BERRIA.eus]

1987 eta 2002 bitartean Artelekuk sorkuntza garaikidean, pedagogian eta esperimentazioan egindako bidea ikusgai dago erakusketa batean. Artxiboa berreskuratu, eta memoria kolektiboari ahotsa eman dio museoak.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.