Anglo Font
Joel Iglesias
2025eko Agorrilaren 13tik
2025eko Irailaren 07ra

Zas Kultur-ek bultzatuta, Escaparate Anglo proiektuak Gasteizko Anglo auzoa du abiapuntu; auzo hau ofizialki dokumentatua dago eta Anglo-Vasco edo Vasco-Navarro trenbide zaharraren ondorengoa da. Garai batean trenbide-harriak zeuden tokian, merkataritzaz, tabernaz, etxebizitzaz eta harreman sarez betetako hiri-ehuna sortu zen. Hala ere, beste auzo batzuetan ez bezala, Anglok ez du jai propiorik ezta auzo-elkarte aktiborik ere, eta denboraren poderioz komunitate-nortasuna ahuldu egin da.
Iglesiasek egindako Anglo Font izeneko proposamenak ohikoaren kontrakoa planteatzen du: diseinua dagoeneko sendotutako nortasun baten gainean eraiki beharrean, diseinatzaile bati eskatzen zaio nortasun hori sortzen laguntzeko. Kasu honetan, diseinua tresna bihurtzen da auzoko partaidetza eta kidetasun-sentimendua pizteko, ez soilik islatzeko.
Ekimenak bi fase izan ditu. Lehenengoa ekainaren amaieran garatu zen eta artxibo bisual kolektibo bat sortzean oinarritu zen. Ekainaren 26, 27 eta 28an, auzotarrak Zas Kultur-era hurbildu ziren auzoaren iraganari eta orainari buruzko oroitzapenak eta argazkiak ekartzera. Material hori erakusleihoan jarri zen ikusgai, ekarpen berriak egiteko gonbitea luzatzen zuen gailu batekin batera, eta horrela kontakizun partekatu eta irekia osatu zen.
Bigarren fase honetan, Iglesiasek auzoaren memorian eta egungo forma-elementuetan inspiratutako trazuez osatutako tipografia original bat aurkezten du. Anglo auzoa ordezkatu baino gehiago, aktibatu nahi du: bizilagunak idaztera, izendatzera eta bizitzera gonbidatuz.
Abuztuan zehar, erakusleihoa izango da Zas Kultur-en jarduera bizirik mantentzeko modua —publikoarentzat itxita egongo baita—, eta horri esker auzokoek edo bertatik igarotzen direnek egunerokoan topatu ahal izango dute proposamen hau.
Irailaren 4an, Iglesiasek egingo duen aurkezpen publikoak emango dio amaiera Escaparate Anglo proiektuari. Hala ere, Zas Kultur-ek auzoan lanean jarraituko du, garaiz iragarriko diren jarduera berriekin. Epe luzerako proiektu bat da, Anglo auzoaren historia, egungo bizitza eta etorkizun posibleak aztertzen eta balioan jartzen jarraitzeko sortua

ZAS kultur aretoa | San Anton Plaza, 2 - Gasteiz (Araba)


