artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

—Jatorrikoz— bertsioa

Javier Olivares

2025eko Irailaren 05etik
2025eko Urriaren 26ra

jatorrikoz-bertsioa

Kondestablearen jauregiko areto nobleak.

2025ean, Nafarroako Komiki Azokaren hamaseigarren edizioa izanen da. Jarduera-egitarau bete-betea izanen du, TIZA – komikia sustatzeko elkarteak antolaturik. Irailaren 5ean hasiko da, eta egitaraua Iruñeko Udalarekin elkarlanean egin dute, eta hark finantzaturik.

Egitarau horren baitan, Iruñeko Udalak eta Afundación fundazioak, ABANCA bankuaren gizarte-ekintzako alorrak, erakusketa bat prestatu dute, Kondestablearen jauregiko areto nobleetan ikusgai izanen dena irailaren 5etik urriaren 26ra.

Erakusketaren izenburua honako hau da: "Jatorrizko bertsioa. Javier Olivaresen erakusketa". Asier Mensuro da komisarioa eta lehenengo aldiz izanen da ikusgai Iruñean. Afundación fundazioak, ABANCA bankuaren gizarte-ekintzako alorrak, ekoitzitako erakusketa hau aukera bikaina da herri-kulturako pertsonaia handietara gerturatzeko, Javier Olivares-en ikuspegi paregabearen bitartez. Hura da Espainiako komikigile eta irudigile sonatuenetako bat, estilo oso pertsonala baitu, kubismo sintetikoaren eta espresionismoaren artekoa. Olivaresek bertsio freskoa eta oso bestelakoa dakar mendebaldeko kulturako ikusizko irudimenean oso presente dauden pertsonaia batzuen gain. Javier Olivaresen lana ikusteko nahitaezko hitzordua dugu hau. Egileak sari garrantzitsu batzuk jaso ditu; adibidez, Kultura Ministerioak Komikiaren sari nazionala eman zion, eta Bartzelonako Komikiaren Azokan aitortza eman diote bi aldiz.

Erakusketan, haren irudi batzuk daude ikusgai: Dracula, Sherlock Holmes eta literaturako beste klasiko batzuk irudiztatzeko marrazkiak, eta Jekyll doktorea eta Hyde jauna eleberriaren komikikoak, Santiago García-rekin batera egindakoarenak.

Erakusketan, halaber, badira garai bateko komikietako beste pertsonaia batzuk ere, hala nola Batman, Zilarrezko Surflaria, Amerika Kapitaina, Vampirella, Valentina, Mayor Fatal, Hellboy eta beste batzuk. Azkenik, filmetako pertsonaia ezagunak ere ikusten ahalko dira, hala nola King Kong edo Frankesteinen neska laguna.

Alderdi grafikoari dagokionez, erakusketak 155 pieza ditu guztira. Markoan sarturik daude; batzuk horman, eta beste batzuk beira-arasetan. Hainbat teknikatan eginak dira: kontzeptu-zirriborroak, arkatzez egindako marrazkiak, tintazkoak, tintaz eta akuarelaz egindakoak, tintaz eta errotuladorez, eta gouachezkoak.

jatorrikoz-bertsioa

Kondestable jauregia | Kale Nagusia, 2 - Iruñea (Nafarroa)

Xehetasunak
Astelehenetik igandera: 9:00 - 14:00 / 17:00 - 21:00


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.