artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Lurrak ez du jaberik izango

Marwa Arsanios

2025eko Azaroaren 07tik
2026ko Apirilaren 12ra

lurrak-ez-du-jaberik-izango

Artium Museoak Lurrak ez du jaberik izangoproiekztua aurkezten du, Marwa Arsanios artista libaniarraren (Washington DC, 1978) bakarkako lehen erakusketa Euskal Herrian.

Who is Afraid of Ideology? (Nor da ideologiaren beldur?, 2017-abian) da erakusketaren muina, Arsanios-en epe luzerako proiektua eta film-sorta, lurraren berreskuratzea eta ustiapena ikertzen dituena, bai eta hainbat erreklamazio-borroka ere, Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako geografian zehar. Erakusketaren baitan azkena den bosgarren kapitulua dator, Artium Museoarekin ekoitzia, eta aurreko lau filmekin batera aurkeztuko da. Proiektu honek marrazkiekin, oihalezko eskulturekin, brodatuekin eta pankartekin elkarrizketan kokatzen ditu bost bideo-instalazioak, eta elementu horietako bakoitza filmen imajinariotik sortzen eta imajinario horren gainean hedatzen da.

Who is Afraid of Ideology? lur-banaketaren eta -erauzketaren politikei buruzko ikerlan sakona da, eta abian jarraitzen du. Arreta lurra erreklamatzeko tokiko borroketan jartzen du, Kurdistanen, Iraken, Siriako ipar-ekialdean, Kolonbian eta Libanon. Bost filmetan, Arsaniosek autoantolaketa- eta autodefentsa-formak azpimarratzen ditu emakumezkoen komunitateen barruan, eta egitura patriarkalei nola jotzen dieten erronka esploratzen du, izan familia, estatua edo korporazio multinazionalak. Emaitza erretratu kolektibo bat da, eta testuinguru bakoitzeko mapa bat, nahiz eta mugaz gaindikoa ere baden. Hartan, ikuspegi ekologistek, feministek, indigenek eta dekolonialek bat egiten dute burujabetza-jardunbide berriak itxuratzeko.

Who is Afraid of Ideology? lanaren bidez, Arsaniosek filmaren beraren forma eta funtzioa birplanteatzen ditu. Bitartekoa erreminta bilakatzen da, jakinduria hedatu eta erakunde zein komunitateen nazioarteko sare bat eraikitzeko, aldaketa sozial eta politikoen aldeko borroketan dihardutenen sare bat. Aldi berean, artistak estrategia tekniko eta narratiboak garatzen ditu dokumentalen formatua deseraikitzeko, etnografikoa, erauzkorra eta partziala izan dena historian zehar. Horretarako, elkarrizketen arauak hausten ditu, soinua eta irudia deskonektatzen ditu eta jarraibideak nahiz zinegilearen eta subjektuen arteko elkarrizketak entzungai jartzen ditu.

Erakusketa Agustín Pérez Rubiok komisariatu du, eta Turingo Fondazione Sandretto Re Rebaudengorekin batera ekoitzi da. Bertan egon da ikusgai 2025eko apirilaren 8tik ekainaren 1era arte.

Who is Afraid of Ideology? Part 5: Right of Passage (2025) filma Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak (Vitoria), Fondazione Sandretto Re Rebaudengok (Turin) eta Fundació Joan Mirók (Bartzelona) ekoitzi dute, eta erakusketa batean aurkeztuko da han, Espai 13n, 2025eko azaroan.

Biografia

Marwa Arsaniosen lanak egiturazko galderei ekiten die hainbat gailu, forma eta estrategia erabiliz. Arkitektura-espazioen eraldaketa eta moldagarritasuna aztertzen ditu gatazketan, bai eta artistek kudeatutako espazioak eta aldi baterako arauak ere komuna eta kooperatiba feministetan. Hartara, Arsaniosen lanak espazioa sortu nahi du jada badiren egitura artistikoen barruan, eta egitura horiekiko modu paraleloan ere bai. Halaxe esperimentatu dezake askotariko politikekin. Artistaren aburuz, filma borrokak lotzeko beste forma eta espazio bat da, irudiak elkarri lotuta dauden moduari begira.

Arsaniosen azken erakusketa batzuk izan dira: BAK Utrecht (2024), Kunsthalle Bratislava (2023), Heidelberger Kunstverein (2023), Mosaic Rooms, Londres (2022), Contemporary Arts Center, Cincinnati (2021); Skuc Gallery, Ljubljana (2018); Beirut Art Center (2017); Hammer Museum, Los Angeles (2016); Witte de With, Rotterdam (2016); Kunsthalle Lissabon, Lisboa (2015); eta Art in General, New York (2015). Taldeko hainbat erakusketatan ere agertu da haren lana: Documenta 15 (2022), Mardingo bienala (2022), Sydneyko bienaleko film-programa (2022), Autostradako 3. bienala, Pristina (2021) edo Berlingo 11. bienala (2020), besteak beste.

[Irudia:Who is Afraid of Ideology?, Part 5: Right of Passage(Marwa Arsanios, 2025) filmaren fotograma baten zatia].

lurrak-ez-du-jaberik-izango

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.