Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean
2026ko Urtarrilaren 16tik
2026ko Agorrilaren 30era

Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean zinema etnografikoaren forma ugaritako tradizioa osatu zuten beste baten izaerarekin lotutako kontakizunak eta irudikapenak eraikitzeko garaian mugimenduan dagoen irudiak betetzen duen zereginari buruzko hausnarketa kritiko eta espekulatiboa egiten duten jarduketa artistikoak aztertzen dituen erakusketa da.
Erakusketa-proiektua osatzen duten lanek, askotan, ezarritako metodologiak deseraikitzen dituzte, edo zalantzan jartzen dituzte irudiak ekoizteko teknologiak, baina, era berean, kamera autoirudikapenaren zerbitzura jartzen dute. Haitin egindako lanaren eta uhartera egindako bidaietan erregistratu zuen material filmikoa editatzeari uko egin izanaren ondorioz Maya Deren zinemagileak (Kiev, 1917 – New York, 1961) izandako gogoetak hartzen ditu proiektuak abiapuntutzat. Bidaia haietan, vuduan barneratu zen. Divine Horsemen. The Living Gods of Haiti (1954) liburuaren lehen orrialdeetan zehaztu zuen Derenek bere iritzia: "artista gisa hasi nintzen, errealitateko elementuak nire sormen-osotasunaren araberako artelan bihurtzeko manipulatu zituen egile gisa, baina, ahalik eta apaltasun eta zehaztasun handienarekin, osotasuna aitortzera eta nire manipulazioak bertan behera uztera behartu nauen errealitatearen logika erregistratu dut azkenean". Zinema-formatua alde batera utzi eta idazketaren alde egite horrek zenbait elementu ematen dizkigu, dokumentu-formatuetako irudikapen-eragiketa inplizituei buruzko hurbilketa kritikoa eraikitzen hasteko.
Erakusketaren izenburua Trinh T. Minh-ha (Hanoi, 1952) zinemagile eta teorialari vietnamendar-estatubatuarraren Reassemblage (1952) filmeko aipu bat da.Reassemblage kanpoko errealitatea irudikatzeko edozein asmotatik aldentzen da zinema arloko teknologiaren bidez, irudi batzuk erregistratzeko ekintzaren inguruko gogoeta egiteko. Irudi horien gainean, gero, Trinhen off ahotsa gainjartzen da eta, errealitatearen inguruko azalpen antolatua eta objektiboa eskaini beharrean, "helburua horri buruz hitz egitea izan beharrean, horren inguruan hitz egitea da". Honako hau dio zinemagileak: "Bizitza begira dudala da ikusten dudana. Begiradez betetako zirkulu batean, zirkulu batetik begira ari naiz". Zirkulu horrek, kameraren lenteak, filmatzen ari denari begirada itzultzen ari direla filmatzen dituzten horiek erregistratzen ditu, eta agerian geratzen dira hor ezartzen diren harreman-sareen konplexutasunak. Horien guztien artean dago, bestalde, subjektibotasun ugarien arteko distantziaren oszilazioa, baina baita desioa ere.
Hala, erakusketak pentsamendu dekolonialaren, zibernetikaren eta feminismoen eragina jaso duten praktiken genealogia proposatzen du eta, gainera, mugimenduan dauden irudiez gain, Vilem Flusserrek "irudi teknikoak" izena eman zien horien eta beste jardunbide artistiko batzuen artean proposatutako loturak ugaritzen dituzten beste lan batzuk biltzen ditu.
Artistak
Sammy Baloji, Louidgi Beltrame, Minia Biabiany, Edgar Calel (Fernando Pereira dos Santosekin elkarlanean), Lastenia Canayo (Pecon Quena), Raymonde Carasco, Colectivo Los Ingrávidos kolektiboa, Maya Deren, Juan Downey, Sheroanawe Hakihiiwe, Aida Harika, Edmar Tokorino & Roseane Yariana, Helena Producciones, Héctor Hyppolite, Morzaniel Ɨramari, Fratz Jacques "Guyodo", Karrabing Film Collective, Sarah Maldoror, Sueli Maxakali, Beatriz Santiago Muñoz, Rosalind Nashashibi, Deborah Stratman, Trinh T. Minh-ha, Santiago Yahuarcani.
Catalina Lozano Artium Museoaren komisarioburuak komisariatua, Louidgi Beltrame artistarekin egindako elkarrizketak eta trukeak laguntzarekin
[Irudia: Colectivo Los Ingrávidos, 'The Sun Quartet, Part 4: Far from Ayotzinapa', 2017 (fotograma)]

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)
Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan

Artium museoak 2026ko urteko programazioa aurkeztu du
| Abe. 17
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak zinema etnografikoari buruzko ikuspegi kritikoak jorratzen dituen tesi erakusketa kolektiboa inauguratuko du urtarrilean. Horretaz gain, banakako erakusketak eskainiko dizkie Juana Cima (Caibarién, Cuba, 1951), Rosalind Nashashibi (Londres, 1973), Irene Kopelman (Córdoba, Argentina, 1974) eta Jochen Lempert (Moers, Alemania, 1958) artistei. Era berean, Z Aretoaren egitarauak Jumana Manna (Princeton, 1987) artistaren ekoizpena aurkeztuko du.


