artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Strong back, soft front

Maite González Martínez

2026ko Urtarrilaren 16tik
2026ko Martxoaren 15era

strong-back-soft-front

Strong back, soft front Maite González Martínezen (Oiartzun, 1995) erakusketa indibiduala da, Iñigo Villafranca Apesteguia (Valtierra, 1994) komisario duena, eta Tabakalerak 2025ean deitutako komisariotza-egonaldiaren emaitza da. Deialdi horren xedea tokiko eszena artistikoa sustatzea da, komisarioei eta artistei Tabakaleraren urteko erakusketa-programan parte izateko aukera emanez.

Erakusketak Maite González Martínezen artxibo pertsonaleko irudien hautaketa bat biltzen du. Materialak —bideoa eta collagea— aretoko hormei eta zutabeei atxikitzen zaizkie. Izan ere, aretoa bera da irudiarentzako gainazala, baita bolumena ere, nondik mugitu. Kamera konpaktuarekin eta telefono mugikorrarekin grabatutako bideoek rushes gisa funtzionatzen dute; zineman, filmaketa bateko metraje gordin editatu gabea izendatzeko erabiltzen den terminoa. Logika bera aplikatzen zaie collageei, zinta itsaskorrarekin ensanblatutako txatal, ebakin, argazki eta ariketa azkarrez osatutakoei. Irudiak nabariak dira, eta hor datza beren potentziala; aurkezten dena ezaguna egiten zaigu nolabait: aurpegi bat, hondartza bat, barraskilo bat.

Erakusketaren izenburuak —Bizkarra sendo, bihotza leun— gorputz-jarrera irmoa baina irekia aditzera ematen du, zutabearen sendotasunetik, aurrean duen horren eragina jasotzen. Begiradan nagusitzen den erritmo biziaren aurrean, bideoek presentzia epela iradokitzen dute, baita zehatzera zuzendutako aldarte optikoa ere. Strong back, soft frontek behaketaren ahalmena aitortzen du, zeina gai den bizitzaren izaera erlazionala eta inguratzen gaituen horren berezitasuna agerian uzteko. Arretaren maila horretan, gauzarekiko topaketa horretan, zirkulartasun inplizitua eta estrukturala sumatzen da. Zirkulua forma gisa aurkezten da, baina baita figura erretoriko, metodo eta logika pertzeptibo gisa ere; kameraren mugimenduan, erreprodukzioko buklean edo irudiari eusten dion gorputz ekinean.

Komisarioa: Iñigo Villafranca Apesteguia

strong-back-soft-front

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.