artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Ground Rules

Alejandro Cartagena

2026ko Azaroaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 17ra

ground-rules

Kutxa Fundazioak Alejandro Cartagena: Ground Rules [Oinarrizko arauak] erakusketa aurkezten du oraingoan. Alejandro Cartagena (Santo Domingo, 1977) mexikar-dominikar argazkilariaren hogei urtetik gorako ibilbidea egingo da erakusketaren bitartez.

Bere jardun artistikoak serialtasunaren eta ikuspegien aniztasunaren aldeko apustua egiten du, eta horiek dira, hain zuzen, bere lanaren ardatz nagusiak. Planteamendu horretatik abiatuta, eta ikuspegi kritiko eta humanistarekin betiere, Mexikoko errealitate konplexuetako asko erakusten ditu bere lanetan: migrazioa, etxebizitza, Estatu Batuetako muga edo hiri-eraldaketa, besteak beste. Bere lanak ez du irudien arteko hierarkia aintzat hartzen, eta banakakoaren gainetik alderdi kolektiboa nagusi agertzen dituzten konstelazio bisualak proposatzen ditu.

Erakusketa honetan, artistaren proiektu enblematikoak biltzen dira, hala nola Suburbia Mexicana, Carpoolers edo Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugari eskainitako trilogia. Horietan guztietan agerian gelditzen da nolako gaitasuna duen Cartagenak premiazko fenomeno sozialak eta ingurumenekoak ikusarazteko. Halaber, argazkilaritza erabiltzen du narratiba sinplistak zalantzan jartzeko eta identitatearen, memoriaren eta paisaiaren eraldaketaren inguruko gogoetarako bide berriak zabaltzeko. Haren lana ez da inondik ere zatikatua, aitzitik, gaur egungo erronkei buruzko ikuspegi koherente eta plurala proposatzen du, eta hainbat ikuspuntutatik begiratzeko gonbita egiten digu.

Fundación Mapfrek eta San Francisco Museum of Modern Artek antolatutako erakusketa, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Alejandro Cartagena, artista

Alejandro Cartagena (Santo Domingo, Dominikar Errepublika, 1977) Monterrey bizi da (Mexiko), eta bertan lan egiten du. Bere ibilbidean, taldeko zein banakako berrogeita hamar erakusketetan baino gehiagotan aurkeztu du bere lana, eta horien artean daude Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània (CCCB) eta Parisko Fondation Cartier pour l'Art Contemporain.

Cartagenaren lanak hainbat bilduma iraunkorren parte dira, hala nola, Coppel Bilduma, FEMSA Bilduma, George Eastman House Museoa, J. Paul Getty Museoa, Chicagoko Argazkigintza Garaikideko Museoa, Houstongo Arte Ederren Museoa, Portlandeko Arte Museoa, San Frantziskoko Arte Modernoko Museoa eta Santa Barbarako Arte Museoa, baita West Bilduma ere. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Photolucida Critical Mass Book Award nazioarteko saria, London Photo Festivaleko Street Photography Award saria, Txileko Lente Latino saria, Erromako IILA-Fotografia saria eta Mexikoko Nuevo León Fototekako Argazki Aretoa. 2021ean Deutsche Börse Photography Foundation Prize lehiaketako finalista izan zen.

https://www.alejandrocartagena.com/

ground-rules

Kutxa Kultur Artegunea | Tabakalera, puru-kaxen plaza - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.