artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Begirada disidente bat

Juana Cima

2026ko Otsailaren 28tik
2026ko Agorrilaren 30era

begirada-disidente-bat

Juana Cima. Begirada disidente bat erakusketarekin bizi-jarrera batera hurbiltzea proposatzen da. Karibeko memoriaren, euskal testuinguruko prestakuntzaren eta espiritualtasun esploratzaile baten arteko elkargunean taxututako ibilbide baten azterketa da, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik, nortasunari, ekologiari eta generoari buruzko funtsezko eztabaidak aurreikusten dituena. Juana Fernández Cima (Caibarién, Kuba, 1951) ahots berezi batekin agertzen zaigu, sarritan arau heteropatriarkalaren ertzetatik jardunez, disidentzia erradikal eta poetikoko unibertso estetikoak eraikitzen, sorkuntza eta bizitza elkartuz, banaezin bihurtu arte.

Ikusgarritasun publiko handieneko aldian (1977-1997), haren lanak bilduma instituzionaletan sartu ziren —besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalarenetan—. Hala ere, askatasun formalak, arlo afektiboko zintzotasunak eta identitatearen azterketan kontzesiorik ezak kanon kritiko eta museistiko nagusiaren bazterrean kokatu zuten. Erakusketa-zirkuitutik —ez, ordea, ekoizpenetik— nahita erretiratu ondoren, bere obra pixkanaka narratiba hegemonikotik kanpo geratu zen. Erakusketa honek gabezia hori agerian uztea, haren ekarpenaren garrantzia aldarrikatzea eta eztabaida garaikidean duen lekura itzularaztea du helburu.

Bost lurraldetan antolatua (Bilbo. Lehena, desioaren eta aldarrikapenaren lurraldea; Lurralde mitikoak eta kontzientzia ekofeminista; Uharte-nortasuna eta mediterraneoko jakintzak; Bide espirituala Indian eta budismoan zehar eta Erretiroa mendian) erakusketak bira biografiko eta geografikoz osatutako ibilbide bat ez ezik, bilaketa transzendentaleko eta identitate-finkapeneko geruzez osatutako ibilbide bat ere marrazten du. Haren lanean bestearekiko (gizaki, landare edo animalia izan) harreman-etika sakon bat islatzen da, alteritatetik sortua eta haren praktika osoa zeharkatzen duena, pentsamendua, existentzia eta sorkuntza elkartuz.

Erakusketa Garazi Ansa historialariak (Oiartzun, 1989) komisariatu du.

begirada-disidente-bat

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.