artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Lohizko gorputzak mugimenduan

Lorena Aduna Larriba

2026ko Otsailaren 06tik
2026ko Martxoaren 08ra

lohizko-gorputzak-mugimenduan

Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia.

Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean.

Buztingintzako tornuaren inguruko ikerketa teoriko eta praktiko batetik abiatuta, tornuak erreminta utilitario izatetik esplorazio artistikoko gailu izaterainoko eraldaketa aztertzen du Lorenak. Edmund de Waal edo Alexander Calder erreferenteen eraginpean, eremu hedatutzat ulertzen du zeramika, non forma, keinua eta egitura espazioarekin harremanean dauden.

Materialaren berezko hauskortasunak eta beste elementu batzuekin duen interakzioak hizkuntza estetikoaren funtsezko zati bihurtzen dituzte inperfekzioa, errorea eta kolapso-posibilitatea.

Lorena Aduna (Gasteiz, 1995)

Artista bisuala da Lorena Aduna Larriba. Errioxako Haro herrian hazi zen eta Arte Ederretan graduatu zen pinturako aipamenarekin Salamancako Unibertsitatean (2019-2023), SICUE mugikortasun bat egin zuelarik Bartzelonako Unibertsitatean 2022an. 2024an Zeramikako Masterra (Artea eta Funtzioa) bukatu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean.

Pinturaren, zeramikaren eta objektu-formen artean garatzen da bere praktika, betiere jarduera horiek entsegu- eta eraldaketa-prozesu gisa ulertuta. Materia igurtzitik lantzen du kontrolaren eta halabeharraren artean, zenbait gairi erreparatuz, hala nola testurari, gogortasunari, bolumenari, errepikapenari eta higadurari. Egitearen denborekiko, eskuzkoarekiko eta egiturazkoarekiko agertzen duen interesak zeharkatzen du bere lana, non keinuak eta materialtasunak pentsamendu-dispositibo gisa funtzionatzen duten.

Hainbat lehiaketatan hautatua izan da, hala nola NACE azokako Pieza Bakanaren XVII. Lehiaketan (2025) eta Vital Fundazioaren Arte Vital Lehiaketan (2023), eta argazkilaritzako Ohorezko Aipamen bat lortu zuen San Marcos Sarien XXVI. Edizioan.

Amalgama elkarteko kidea da, eta bertatik parte hartzen du antolakuntza-lanetan eta Caja Rioja Fundazioaren laguntzarekin egindako erakusketa kolektiboetan, hala nola Arte Sucio (2025) eta Amalgama de azules (2026) erakusketen kasuan, baita Dureza de Cuero (2024) erakusketaren kasuan ere, Bizkaiko Batzar Nagusietan.

lohizko-gorputzak-mugimenduan

Montehermoso Kulturunea | Fray Zacarías Martínez kalea, 2 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Igande eta jai egunetan: 11:00 - 14:00


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.