Emakumeen genealogiak
Pilar Citoler bilduma berria
2026ko Otsailaren 12tik
2026ko Maiatzaren 17ra

Emakumeen genealogiak Pilar Citoler bilduma berrian erakusketan hogei bat artistaren lanak egonen dira ikusgai; Aragoiko bildumazalearen bost hamarkada baino gehiagoko iruditeria artistikoaren berrirakurketa feminista proposatzen dute obrek. Oro har, erakusketak hausnarketa bat proposatzen du: emakume bildumagile baten begiradak nola alda ditzakeen oraintsuko artearen kontakizunak, hala, bildumazaletasuna ez da soilik gustu eta jarrera gisa ulertzen, erresistentziarako, kanona berridazteko eta genealogia berriak baieztatzeko tresna gisa baizik.
Erakusketa otsailaren 12tik maiatzaren 17ra bitarte egonen da ikusgai, eta ibilbide luzea duten artisten margolanen, eskulturen, argazkien eta ikus-entzunezko artetan barnako ibilbide artistiko bat proposatzen du. Honako artista hauek parte hartu dute: AES+F Errusiako kolektiboa, Miguel Aguirre, Ana Laura Aláez, Carmen Calvo, Soledad Córdoba, Alberto García – Alix, Cristina García Rodero, Flor Garduno, Sanja Ivekovic, Concha Jerez, David Latorre, Ouka Leele, Antoni Miralda, Isabel Muñoz, Rosa Muñoz, Erica Nyholm, José Ortiz–Echagüe, Ixone Sádaba, Carlos Pérez Siquier eta Miguel Ángel Tornero.
Erakusketa ikuspegi feminista ardatz hartuta esperientzia garaikidea zeharkatzen duten hainbat gairen inguruan antolatzen da. Honako gaiak jorratzen dira, besteak beste: botere-diskurtsoen berrirakurketa, desberdinkeria, lurraldea, memoria, inklusioa, gorputza lurralde politiko gisa eta emakumeen borrokaren ondorio diren beste hainbat gai. Citolerrek bildutako lanetan, emakumeei buruzko hausnarketak eraldatzen dira, irudikapenetik kontzeptualera, erretratutik metaforara eta presentzia fisikotik keinu sinbolikora. Arte garaikidea gauzak eraldatzeko gai den mintzaira izateaz gain, adierazgarritasun- eta aldarrikapen-tresna ere bada, non estetikoa erresistentzia bihurtzen den.
Ordain sinbolikorako gune bihurtzen dira erakusketa zein bilduma. Artearen sistema patriarkalak ezarritako mugei aurre egiten dieten emakume sortzaileen ahotsa da, emakume horien lanek gorputza, identitatea eta boterea irudikatzeko modu berriak zabaltzen baitituzte. Hamarkadetan zehar, Pilar Citolerrek bilduma bat osatu du, non emakume artistek toki nagusi bat duten, ez baitira salbuespenak, baizik eta diskurtsoaren ardatz nagusia. Bere begiradak zalantzan jarri ditu, modu organiko eta jarraian, emakumearen ekoizpena ikusezin bihurtu duten artearen hierarkia tradizionalak eta ohitura historiko baztertzaileak.
Pilar Citolerri buruz
Pilar Citoler bilduma berria Espainiako arte garaikidearen bilduma pribatu esanguratsuenetako bat da, bai lan kopuru zabalarengatik bai bere begiradaren konplexutasunagatik. Zaragozako Pablo Serrano Museoari dohaintzan emandako Circa XX bilduman du jatorri. Bilduma hura pintura, eskultura, argazkigintza, bideogintza, instalazioa eta grafikoa biltzen dituen mila lan baino gehiagoz osatua dago. 1969. urteaz geroztik, Pilar Citolerrek XX. mendeko abangoardia historikoak eta XXI. mendeko joerak lotzen dituen ibilbidea marratu du. Horrela, Espainiako gerraostea, nazioarteko popa eta gaur egun nazioarteko panorama osatzen duten artisten azken lanen arteko zubia ezarri du.
Oro har, bildumak etengabe eraldatzen ari den kontakizuna osatzen du, historia, estetika eta politika garaikidearekin elkarrizketan ari den organismo bizia. Horrela, Pilar Citoler bilduma berriak pentsamendu feminista irudien bidez zabaltzen du. Lan bakoitza errealitatea zalantzan jartzeko tresna bihurtzen da, ispilu kritiko bat, non botere-sistemak, irudikapen-egiturak eta gizarte- eta genero-bazterkeriaren forma iraunkorrak islatzen diren. Ikuspegi horretatik, arte garaikidea eremu estetikoa ez ezik, eraldaketarako eta burujabetze sinbolikorako gunea ere bilakatzen da.

Iruñeako Zitadela | Armadaren etorbidea - Iruñea (Nafarroa)
Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11.30 - 13.30 / 18.00 - 20.30.
Igande eta jaiak: 11.30 - 13.30


