artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bazterraren bazterretik erdigunera noiz?

'Emakumeen Genealogiak Pilar Citolerren bilduma berrian' | Non: Ziudadelako Arma aretoan, Iruñean. | Noiz arte: Maiatzaren 17ra arte.

bazterraren-bazterretik-erdigunera-noiz
Erakusketaren irudi bat, Ziudadelako Arma aretoan. IRUÑEKO UDALA

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Otsailaren 19a

Otsailosoan arte garaikideari buruzko ziklo bat prestatu dut Elena Olaberekin batera, Iruñeko Laban. Hilabeteko asteazken guztietan esparru artistikoan faltan sumatzen ditugun gaiei espazioa emateko nahiak bultzatuta antolatu dugu, eta, aldi berean, diskurtso horiek euskaraz ere garatu daitezkeela aldarrikatzeko asmoz.

Ez da bide erraza gurea. Praktika garaikideekiko ikuskera mesfidatia dagoelako euskal kulturaren zenbait esparrutan, are gehiago euskal arteari buruzko ikuspegi kritikoa sustatu nahi denean. Nor gara gu Oteiza, Txillida edo Basterretxearen jeinutasuna zalantzan jartzeko, ezta?

Aurreko astean Ane Lekuona gonbidatu genuen solasaldi batera, Euskal Herriko artearen historia feminista baten bila. Genealogia berriak josten (1950–1972) izeneko tesian eta ondorengo liburuan planteatutako hausnarketen inguruan gogoeta egiteko asmoz.

Hark azaldu zigunez, maiz eraiki den Euskal Artearen genealogia androzentrikoaz harago, bestelako ibilbideak ere egon dira; genealogia ofizialek baztertu eta ia ezabatu dituztenak. Eta, kasualitatea ez bada ere, bazter horietan kokatu izan dira gehienetan emakumeak. Horregatik, genealogia horiez hitz egitean burura datozkigun lehen izenek berek agerian uzten dute hutsune hori.

Solasaldi hartan argi geratu zen genealogia berriak eraikitzeko eta zaharrak berrikusteko premia, oraindik ere gure arte-sisteman eta bertan formulatzen diren diskurtsoetan oso erritmo motelean txertatzen ari dena.

Izan kasualitatea, izan patua... Iruñeko Ziudadelan ikusgai dagoen erakusketak gaztelaniaz Genealogías femeninas en la Nueva Colección Pilar Citoler eta euskaraz Emakumeen genealogiak Pilar Citolerren bilduma berrian du izenburua. Horregatik, aurreko asteko solasaldian plazaratutako ideiek bultzatuta, eta izenak berak erakarrita, bertara hurbildu nintzen.

Dena dela, aitortu beharra dut tituluak dudak sortu zizkidala, femeninoeta emakumehitzak ez baitira sinonimoak. Beraz, ez neukan argi femeninotasunari ikuspegi performatibo batetik helduko ote zion mostrak, edo sinpleki hainbat emakume artistaren obrak bilduko ote zituen.

Mostran sartu baino lehen aurkezten zen testu kuratorialean argitzen zuen Pilar Citoler bildumazalearen pieza pribatuek osatzen zutela erakusketa, eta piezek iruditeria artistikoaren berrirakurketa feminista proposatzen zutela. Hala, behin hori irakurrita, hainbat artistaren obrez osatutako mostra bat zela ondorioztatu nuen.

Hots, mostraren parte diren piezen kalitatea zalantzan jarri gabe, proposatzen den irakurketa feministaren barruan kokatzen zailak diren lan batzuk ere txertatzeak diskurtsoa lausotu egiten du. Izan ere, irakurketa feminista neurri batean gainazalean geratzen dela iruditu zitzaidan. Emakume artisten obrak eta emakumeak irudikatzen dituzten zenbait gizonen lanak uztartzean, planteamenduaren norabidea ez baita erabat zehazten.

Zehazki, bilduma pribatu bateko emakume egileen lanak batera aurkezteak, bere horretan, ez du genealogiarik osatzen. Are gehiago, sortzaileak jatorri eta garai desberdinetakoak direnean, eta euren arteko lotura bakarra emakume izatea denean, proposamena ahul geratzeko arriskua dago.

Horren harira, galdera bat sortzen zait: emakume artisten lanak biltzen dituen erakusketa bat egiteaz harago, ez al litzateke beharrezkoagoa irakurketa hori egituratuko lukeen proposamen sendoago eta koherenteago bat planteatzea? Alegia, genealogia baten logikak eta tentsioak agerian utziko lituzkeen egitura bat, bereziki genealogia kritikoen presentzia eskatzen duen testuinguru artistiko batean.

Genealogien beharra badugu, bai; baita lekukotasunarena ere. Ez baita gauza bera Euskal Herriko artearen genealogia feministari buruzko diskurtso kuratorial bat eraikitzea edo Errusiako testuinguruari buruzkoa. Testuinguru bakoitzaren berezitasunak, gatazkak eta sakontasun historikoa kontuan hartzea ezinbestekoa da, genealogia horiek benetan errotu eta eraginkor bihurtu nahi badira.

Eta honekin ez dut esan nahi etengabe Euskal Herriko genealogia feministei buruzko erakusketak egin behar direnik. Aitzitik, esan nahi dudana da genealogia horiek kontuan hartu beharko liratekeela erakusketak osatzerakoan; ez diskurtso ofizialetik aparte kokatzeko, baizik eta hura problematizatzeko eta bere arrakalak agerian uzteko bide gisa.

emakumeen-genealogiak

Emakumeen genealogiak

Pilar Citoler bilduma berria

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 12tik
2026ko Maiatzaren 17ra


fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 18tik
2027ko Urtarrilaren 10era

hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 24ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.