Artistak egoitzan 2025/26: eskuratze berriak
BilboArteren Bilduma
2026ko Ekainaren 19tik
2026ko Irailaren 06ra

ARTISTA EGOILIARRAK 2025/26: ESKURATZE BERRIAK BilbaoArte Fundazioko artista egoiliarren azken belaunaldiko sorkuntzak aurkezten dituen talde-erakusketa da. Proiektu honek 2025/26ko ekoizpenerako laguntzaren onuradun izan diren hamabi artistek berriki ekoitzitako lanak biltzen ditu. Guztira, hogeita hamar bat lan inguru dira, BA Bildumaren parte izatera igaroko direnak.
Adin eta jatorri askotako artistez osatutako talde honek gaur egungo praktika artistikoaren joera, estilo eta lan-metodo berrienen hautaketa adierazgarria eskaintzen du. Horma baten ertzean sostengatuta flotatzen duten formak eta koloreak; itxura naifeko istorioak, atzean kritika sozial zorrotza dutenak; familia-etxearen irudian gordeta dauden memoria eta soinuak; forma geometrikoak, paperetik eta ideien mundutik zeramikaren fisikotasunera pasatzen direnak; gorputz-keinua, euskarri desberdinetan eta hainbat teknikaren bidez errepikatua; pinturaren praktika krisian jarri nahi duen geometria kolorista; muga fisikoak, psikologikoak, edo muga ikuspegi zabalenetik ikusita, irudiaren eta eskulturaren arteko konexiotik aztertuta; hiru dimentsioko argazki-narratiba, edo argazki-liburuaren definizio garaikideen bilaketa, instalazioaren bitartez; espazioa eta etxekotasuna, narratiba eta xehetasun ezkutuak erakusteko erabilita; errotzea, edo gure jatorrian ditugun adarrak edo sustraiak, izana ematen digutenak, loratzera eramaten gaituen horri erreferentzia egiten dion material aratz baten bidez; inoiz ere irudikatuko ez genukeen marrazkia, barneratutako esperientzia grafikoetatik eta zerbait berria sorrarazten duten elementuen konposizioetatik datorrena; gorputz eskultorikoan presioa egiten duen indarra, material horren erreakzioa bistaratzen duena. Horiexek dira, beste batzuen artean, BA Bildumak eskuratutako obra berriak biltzen dituen erakusketan ikus ditzakegun planteamenduak. 2025. eta 2026. urteetan euren lana Fundazioan garatu duten artistek gai horiei eta beste askori buruz hitz egiten digute, eta horren bidez bertotik harago pentsatzera gonbidatzen gaituzte. Galdera asko mahai gainean, beste horrenbeste erantzun bilatuz, eta baita zalantza gehiago ere.
Horrez gain, erakusketa honetan ikus ditzakegu hamabi egoiliarrek euren egonaldian garatu dituzten artista-liburuak, eta horien bidez bestelako adierazpen-modu batera hurbildu ahal izango gara; kasu batzuetan, adierazpide hori euren lan egiteko formatik gertu dago, eta beste batzuetan urrun, eta horrek guztiak begirada irekitzen digu eta sorkuntzaren horizonteak zabaltzen ditu.
ARGITALPENA: BILBAOARTE 2025/26 URTEKARIA
Argitalpen honetan, Urazurrutia 32an kokatutako Ekoizpen Artistikorako Zentroaren eta URIBITARTE40 aretoaren jarduerari buruzko informazio zehatza eskaintzen da. Instalazioen eta garatutako proiektuen ibilbidea jasotzen du, bai eta ekoizpen-zentroan lan egin duten artistak gertutik ezagutzeko aukera ere.
Artistak
Benito Piriz, Manuel Blázquez Palacios, Blanca Castro, Fatima Conesa, Juana García-Pozuelo Barrios, Auritz Iñurrieta Orbezua, Fermin Moreno Martín, Antoine Nessi, Gareth Phillips, Laurita Siles Ceballos, Amaya Suberviola, Fernando Villena.

Uribitarte40 | Uribitarte Pasealekua, 40 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00.
Igande eta jaiegunetan: 11:00 - 14:00.
Sarrera doan.

