Night Driver (Gaueko gidaria)
Jasper Johns
2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Urriaren 12ra

Jasper Johns: Night Oriver aurkezten du, gure garaiko artista gailenetakoa den Jasper Johnsi eskainitako atzerabegirako garrantzitsua da.
Erakusketa honek Jasper Johnsen 1960ko marrazki batetik hartu du izenburua: Night Driver, artistaren hitzetan sentimendu pertsonaletan oinarritutako bere aurreneko lana. Ehun eta berrogei artelan inguru erakusten dira -tartean pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, artista-liburu bat eta eszenografia bat- kronologikoki aurkeztuta, Johns behin eta berriro itzultzen baita aztergai dituen gaietara. Bestetik, aurkezpen honetan, bereizi egin dira pinturak eta eskulturak paper gaineko lanetatik.
Jasper Johns Augustan (Georgia, Ameriketako Estatu Batuak) jaio zen 1930ean. Hego Carolinan hazia eta hezia, 1953an, New Yorken ezarri eta han jarraitu zuen bere heziketa. Laster, Robert Rauschenberg artistaren, John Cage konpositorearen eta Merce Cunningham koreografoaren lagun handia egin zen, eta elkarrekin sakonetik berritu zuten beren herrialdeko eszena artistikoa.
1954 eta 1955 bitartean, Johnsek aurretik egina zuen lana suntsitu eta bere lehenengo bandera amerikarra margotu zuen, eta horrela eman zien hasiera hainbesteko ospea ekarri zioten lan ikonikoetako batzuei, zeinu eta elementu lauen irudiak (zenbakiak, letrak, ituak eta mapak) erakusten dituztenei. Pop artearen aitzindaritzat hartuak izan dira lanok, eguneroko gaiei heltzen dietelako ez ezik, erraz antzeman daitezkeen motiboak jorratzen dituztelako ere. 1958an, lan horiekin Leo Castelli galerian egin zuen erakusketari esker, berehala bihurtu zen artista famatu, eta han ikusgai jarritako artelanetako hiru MoMAk erosi zituen.
Garai horretan, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Marcel Duchampekin ere izan zuen harremana Johnsek, eta haren lanak eta pentsamoldeak eragin erabakigarria izan zuten berean. Erakusketak, jarraian, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Johnsek egindako lanak biltzen ditu, besteak beste: gurutzatutako bilbez eraikitako pieza abstraktuak; garai desberdinetako beste artista batzuen erreferentzia edo aipu bisualez jositako piezak; lau urtaroei buruzko saila; eta emakume baten aurpegia abiapuntu duten lanen multzoa, begiak, sudurra eta ezpainak eremu laukizuzen baten ertzerantz grabitatzen irudikatzen dutenak. Erakusketari amaiera emateko, 1990 eta 2000ko hamarkadetako Johnsen sorkuntzen aukeraketa bat bildu da. Garai horretan, artistak bere gai ikonikoetako batzuk berrikusi eta ideia berriak esploratu zituen, besteak beste, Katenariak(Catenary) sailean.
Jasper Johnsen obrek, erretorika espresionistetatik urrun, artearekiko hurbilketa ironikoa eta neurritsua dute ezaugarri, baina badute karga emozionala ere. Minimalismoaren eta arte kontzeptualaren aitzindaritzat hartzen dira. Sarritan zentzu alegorikoan interpretatzen diren arren, bere sorkuntzak informazio biografikoz -zenbaitetan agerikoa ez bada ere-, ideia filosofikoez eta analisi metalinguistikoez beteta daude. Dena den, bere alderdi intelektual eta hermetiko hori gorabehera, artistak ez dio uko egiten irudiek eta pinturek duten indarrari.

Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
UDAN (ekainaren 16tik irailaren 21ra): 10:00 - 20:00 egunero | BESTELA: 10:00 - 19:00, asteartetik igandera.


