artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Foragers

Jumana Manna

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

foragers
Jumana Manna. 'Foragers', 2022. Fotograma. Artium Museoa

Artium Museoak Jumana Manna (Princeton, AEB, 1987) artista palestinarraren Foragers (2022) filma aurkezten du, mugimenduan dagoen irudiak erakusketen esparruan duen lekua esploratzen duten praktika zinematografiko eta artistikoei eskainitako Z Aretoaren programaren barruan.

Foragers-ek Palestina/Israelgo landare basati jangarrien bilketaren inguruan gertatzen diren dramak erakusten ditu, umore ironiko eta erritmo meditatiboarekin. Golango Gainetan, Galilean eta Jerusalemen filmatuta, fikzioa, dokumentala eta artxiboko irudiak erabiltzen ditu natura babesteko Israelgo legeek ohitura horiei nola eragin dieten erakusteko.

Murrizketek debekatu egiten dute 'akkoub-a (alkatxofaren antzekoa) eta za'atar-a (ezkaia) biltzea, eta hori dela eta, landare autoktono horiek biltzen ari zirela atxilotutako ehunka pertsonari isunak eta epaiketak ezarri zaizkie. Palestinarren ustez, beren lurraz are gehiago gabetzeko bidea ematen duten legeak zuritzeko bestetarako ez dira erabiltzen arrazoi ekologiko horiek; estatu okupatzailearen ordezkariek, berriz, beren ezagutza zientifiko espezializatuak eta babesteko betebeharra azpimarratzen dituzte.

Landareei naturatik sukaldera jarraituz, patruila ekologikoek biltzaileei egiten dieten jazarpenetik auzitegietako defentsaraino, Foragersfilmak tradizio horiek gorpuzten dituzten poza eta jakinduria jasotzen ditu, eta baita debeku-legearen aurrean duten erresilientzia ere. Kontserbazioaren baldintzak eta murrizketak beste ikuspegi batetik aurkeztean, filmak iraungipenaren politikari buruzko gaiak planteatzen ditu, hau da, nork erabakitzen duen zer iraungiko den eta zerk jarraituko duen bizitzen.

foragers
Jumana Manna. 'Foragers', 2022. Fotograma. Artium Museoa

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.