Ever is Over All
Pipilotti Rist
2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

Guggenheim Bilbao Museoak Pipilotti Rist. Ever is Over All aurkezten du, Pipilotti Rist artista suitzarraren (Grabs, 1962) izen bereko bideo-instalazioa hartzen duen eta Museoko Film & Video aretoaren programazioa itxiko duen erakusketa.
Pipilotti Rist nazioarteko bideo-artista nabarmenenetako bat da. 1980ko hamarkadan egin zituen lehen lanak ikus-entzunezkoen arloan, film musikaletatik, pop kulturatik, komunikabideetako teknologia berrietatik eta bideo-artetik edanez, eta gaztetatik zehaztu zuen bere estiloa, karga sentsorial eta emozional handikoa.
Ever is Over All artistaren bideo-instalazio enblematikoenetako bat da: XX. mendearen amaierako bideo-arte garaikidearen historiako erreferentziazko lana, inondik ere. Veneziako Bienalaren 47. edizioan aurkeztu zuten 1997an, eta horrek ekarri zion artistari ospea eta aintzatespena nazioartean. Museoetan bideoa adierazpide artistiko autonomo gisa finkatzen hasi zen garaian sortutako instalazio horrek Pipilotti Risten lanaren bereizgarri diren kezketako asko laburbiltzen ditu, izan estetikoak, politikoak, sozialak, sentsorialak zein ingurumenari lotuak.
1990eko hamarkadako bideo-artearen testuinguruan txertatu behar da Ever Is Over All, ikus-entzunezko instalazio murgiltzaileen hedapenak eta arte garaikidearen zein herri-kultura bisualaren arteko hibridazio gero eta handiagoak markatutako hamarkada batean, alegia.

Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
UDAN (ekainaren 16tik irailaren 21ra): 10:00 - 20:00 egunero | BESTELA: 10:00 - 19:00, asteartetik igandera.

