Sinbiotika
Txaro Marañon
2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

Zer gertatzen da lurrarekin eta bizitzarekin lotutako material bat, buztina kasu, erabili eta botatzeko kulturaren ikur handietako batekin harremanetan jartzen denean? Galdera horrek zeharkatzen du Sinbiotika, Txaro Marañon zeramikagilearen erakusketa-proiektua. Arte-sorkuntza baliatzen duen proposamena da, gure garaiko ingurumen-arazo handienetako batean arreta jartzeko: ozeanoetan plastiko-hondakinak pilatzea.
Sinbiotikan, Txarok itxuraz aurkako izaera duten bi materialen arteko elkarrizketa ezartzen du. Alde batetik, buztina, bere jardun artistikoaren funtsezko materia, eta horrekin eskulturak, muralak eta instalazioak eraikitzen ditu. Bestetik, hondartzetan jasotako plastiko-zatiak, hondakin izateari utzi eta obretan txertatzen direnak, dimentsio berri bat hartuz.
Material horien bizikidetzak sinbiosi berezia sortzen du. Plastikoa, desagertu edo ezkutatu beharrean, ikusgai geratzen da piezetan, itsas ekosistemetan eragina duen errealitate baten aztarna gisa; izan ere, mikroplastikoen bidez, elikadura-katean amaitzen du.
Horrela, erakusketak salaketatik harago doan begirada proposatzen du. Txaro Marañonen obrek ikuslea gonbidatzen dute normalean baztertzen dugun horren aurrean gelditzera eta objektuek, sortu ziren funtzioa betetzeari uzten diotenean, egiten duten ibilbideaz galdetzera.
Buztinak aukera ematen dio artistari elementu biziak eraikitzeko azalak sortzeko. Obrari eransten dizkion plastiko-zatiek inertearen zama dakarte. Bi materialen arteko talkatik abiatuta, bere lanak ikerketa-gune bat zabaltzen du, non obrek berek galdera berriak sortzen dituzten.
Sinbiotikan, zeramika, beraz, gaur egungo problematika beste ikuspegi batetik behatzeko tresna bihurtzen da. Zeramika-teknika desberdinek forma organikoaren eta artifizialaren artean, edertasunaren eta ezinegonaren artean, eta ekosistemen hauskortasunaren eta hondakinen iraunkortasunaren artean oszilatzen duten formak eraikitzea ahalbidetzen diote Txarori.
Txaro Marañon
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan zeramika eta buztingintza ikasi zituen.
80ko hamarkadan, beste bost zeramikagilerekin batera, bere lehen zeramika-lantegia sortu zuen: KIRU.
1989tik gaur egunera arte, Kaina Zeramika Tailerra zuzentzen du Koro Martínez zeramikagilearekin batera. Kaina Tailerra izenarekin erakusketak egin zituzten 1990etik 2010era bitartean Estatuko hainbat hiritan; besteak beste, 1991n Valentzian inauguratu zen González Martí Zeramikaren Museo Nazionalean egindakoa nabarmentzen da
Garai horretakoak dira, halaber, formatu desberdinetan aurkeztutako bere proposamen pertsonalak, Zaragozako CERCO Arte Garaikideko Zeramika Jaialdiaren programazioaren barruan.
EKG Euskal Zeramikagile Garaikideen Kolektiboko kide da 2004az geroztik; talde horrek erakusketa-proposamen ugari garatu ditu, eta, era berean, egungo zeramikaren inguruko dibulgazio-jardunaldiak zuzendu ditu.
Bere lana zeramikako hainbat bienal eta lehiaketa nazionaletan hautatu eta saritu dute, eta Estatuko erakunde publikoetako arte-fondoen eta hainbat herrialdetako bilduma pribatuen parte da.

Montehermoso Kulturunea | Fray Zacarías Martínez kalea, 2 - Gasteiz (Araba)
Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Igande eta jai egunetan: 11:00 - 14:00

