L. Cohen
James Benning
2026ko Azaroaren 21etik
2027ko Urtarrilaren 10era

James Benning (Milwaukee, AEB, 1942) estatubatuar zinemagilearen L. Cohen (2017) filma Oregoneko landa-inguru batean filmatu zuten 2017ko abuztuaren 21eko Eguzki eklipse osoan. Plano finko batek, 45 minutuz, Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren arteko ezohiko lerrokadura horrekin gertatutako aldaketa mailakatu eta drastikoak erregistratzen ditu, AEBak kostatik kostara "zeharkatu" zituen eklipse osoaren zerrendako puntu pribilegiatu batetik. Leonard Cohenen Love Itself (2001) entzuten den minutu gutxi batzuk izan ezik (hilabete batzuk lehenago hil zen), landa-inguruneko eta paraxutisten hegazkinen soinua jasotzen du filmak. Lehen begiratuan ezer ez dela gertatzen ari dirudien arren, L. Cohen filmak aparteko fenomeno bat erregistratzen du; denboran mantendutako begirada jarraituak enkoadraketan (eta handik kanpo soinuaren bidez) jasotako gertaera txikien aberastasuna erakusten du.
Irina Raffok adierazten duen bezala: "Benningen kasuan, berriz, iraupena irudiari berari, soinuari eta hautatutako elementuei dagokie. Ez bakarrik hura inguratzen duen paisaiari, baita hura behatzeko moduari ere. Ikuspuntu estatiko bat aukeratzen du, perspektiba-aldaketarik gabea, objektu bat hainbat angelutatik ikusteko ideia beharrezkoa ez balitz bezala, eta, aldiz, irudimenean eta ikus-eremutik kanpokoan konfiantza izatea nahikoa balitz bezala irudi batean sakontasuna sortzeko".
Z Aretoa programaren baitan, irudi mugimenduduna lantzen duten artisten eta erakusketa-formatua esploratzen duten zinemagileen lanak aurkezten ditu museoak. Esparru horretan, zinemaren eta praktika artistikoaren arteko etengabeko trukeek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute hirurogeita hamarreko urteetatik hona, museoko espazioarekin eta ikuslearekin loturiko esperimentazio-molde desberdinei esker. Zinema eta bideoa ez dira jada ulertzen kontatzeko baliabide soilak modura; aitzitik, haien materialtasunetik pentsatzen dira, eta, hala, gero eta erlazio estuagoa sortzen ari da bi hizkuntzen artean.

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)
Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan

