artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

I Baschi alla Biennale 1976/2026

2026ko Azaroaren 26tik
2027ko Maiatzaren 30era

i-baschi-alla-biennale-1976-2026

2026an berrogeita hamar urte bete dira euskal artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek parte hartu zuela Veneziako Bienalean, 1976ko urrian antolatutako jardunaldi batzuetan.

Amnistia denontzat izenburuko jardunaldi haiek, ordezkaritza instituzional sendo bat eduki ordez, gogoa eta konpromiso politikoa uztartzen zituen bulkada kolektibo batetik abiatuta sortu ziren, adierazpen publikorako hainbat forma egituratuz. Francisco Franco diktadorearen heriotzaren osteko trantsizio politikoaren garai historikoan, handia zen eskaera demokratikoak egiteko eta historikoki baztertutako errealitate kulturalak ikusarazteko beharra, eta hori dela eta, Venezia nazioartean proiekzioa zuen eszenatoki bihurtu zen.

Hura gertatu eta berrogeita hamar urtera, gertakari honen berrikuspenaren bitartez ez da episodio hura modu linealean berreraikitzea proposatzen; aitzitik, hartara hurbiltzea bilatzen da, baina hura posible egin zuten baldintzei eta egungo erresonantziei erreparatzeko gai izango den begirada garaikide batetik. Denborak eskaintzen duen distantziari esker, 1976ko Bienalea ez da ulertzen gertakari isolatu gisa, inflexio-puntu gisa baizik, kultura-bilbeak finkatzeari eta eraldatzen jarraitzen duen iruditeria kolektiboa eratzeari dagokionez.

Artium Museoak maiatzaren 6tik 8ra Veneziako Contarini Jauregian ikusgai egon zen azterketa kasuaren erakusketa zabalagoa aurkezten du oraingoan. Bertan bildu ziren Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968), Jose Mari Zabalaren Axut (1975), Jose Angel Rebolledoren Arriluce (1971-1975) eta Jose Antonio Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968-1970). Bai eta Artze anaien soinu-zati bat ere, Ikimilikiliklik musika eta ikus entzunezko ikuskizunean parte hartu zuena Mikel Laboaren eskutik. Pieza horiekin batera Artium Museoaren bildumako bi margolan egon ziren. Mari Puri Herreroren Juicio de Burgos (manifestación) (1971) eta Damaris Panen Dobla (2021). Era berean, Tripak kolektiboaren (Marina Suárez, Natalia Suárez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarena) eta Itziar Okariz artistaren performanceak aktibatu ziren.

Proiektu honen bitartez, museoak berretsi egiten du memoria, artxiboa eta ikerketa bere misio instituzionalaren erdigunean jartzeko borondatea, jakitun baita iraganaren irakurketa kritiko eta konplexu batetik abiatuta soilik eraiki daitezkeela orainaren erronkei aurre egiteko gai izango diren tresnak.

I Baschi alla Biennale 1976/2026 Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako proiektu baten esparruan egin da, Artium Museoaren eta Ca' Foscari Venezia Unibertsitatearen laguntzarekin, Artingeniumen babesarekin.

i-baschi-alla-biennale-1976-2026

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.