artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Paisaia pertsonal bat (eta erruduna)

Miren Doiz

2026ko Azaroaren 20etik
2027ko Urtarrilaren 24ra

paisaia-pertsonal-bat-eta-erruduna
Erakusketaren irudia bat. Arg/ Miren Doiz

"Lehen begiratuan, intuiziozko lana da, formalki ikaragarria, batez ere bisuala edo ukimenezkoa. Irudi luke ez dela erraza Miren Doizek kolorearekin eta materiarekin egiten duenari hitzak jartzea edo hura hitzetan jartzea. Azalpena lehenetsi den artearen mundu baten aurrean –eta arrazoi asko daude horretarako–, Mirenen jardunak tentsio moduko bat du kontzeptuekin. Estudioko lanaren emaitza da berea, bertan denbora asko ematen baitu gauzak probatzen, aldatzen, egiten eta berregiten. Bere praktikak "benetakotasunean" ainguratuta dagoela dirudi; hau da, existitzen den eta inguratzen gaituen horretan. Azkenaldian, Mirenek objektuekin topo egin eta horiek konposizioan eta mihiztatzean ardaztuta berrerabiltzean oinarritzen du bere lana. Eta, hala ere, bere obra oso lotuta dago bai materia ez-organikoaren pasibotasuna bai kapitalismoak bere zentzua inposatzeko dituen moduak zalantzan jartzen dituzten zenbait pentsamendu-ildorekin.

Aurkitutakoa berrerabiltzeak eta ondoren edertzeak -pertsiana hautsiak, pintura-pote hutsak, margolanak biltzeko kutxak edo piano birrindu baten zatiak bere artelanetako osagai bihurtuta- erakusten du Mirenek geratzen denarekin zerbait egiteko duen beharra. Erosten ditugun produktuen eta gordetzen ditugun trasteen kopuruak amaiezina dirudi.

Edo agian ez. Pandemian, normaltasunaren parentesi hartan, Miren etxean aurkitutakoa berrikusten eta txukuntzen aritu zen. Dena berriz hasi zelarik, praktika turbokapitalisten aurrean egonezin-sentsazioa areagotu egin zen. Un Paisaje Personal y Culpable (2021-2022) seriean, Mirenek, berrerabilitako era guztietako objektuez baliatuta (bai bereak, bai hiriko kaleetan berreskuratuak), zenbait eskultura egin zituen. Hemen burdinak, egur-zatiak, pinturak eta berniza daude. Baina baita arropak, zapatak, maskarak eta etxetresna elektriko txikiak ere. Paisaia garaikide oso bat, mutatutako natura bat, ez hila, alabaina, desintegratzen ari den baso bat dirudien arren, ia ederra. Artista gisa, Mirenek erabaki du gai politikoak zuzenean edo esplizituki ez lantzea, baina politikoki lan egitea. Horrela, nola eta zerekin sortu aukeratzerakoan, kezka erabakigarriak sortzen zaizkio hondakinei eta inguratzen gaituen testuinguru material eta sinbolikoari buruz.

Zaborra, badakigu, dagoeneko nahi ez duguna edo erabilgarria ez zaiguna baino askoz gehiago da. Botatzen duguna, alde batetik, gure alde iluna da, nor garen erakusten duen erretratu ez oso dotorea. Baina, era berean, Jane Bennett (2010) filosofoaren pentsamendu bitalistak proposatzen duen bezala, zaborra gai zirraragarri horren parte da, "ibilbide edo joera propioak dituzten ia eragile edo indar moduan jarduteko gai dena". Materia ez-organikoa pasibotzat jotzen duen interpretazioaren aurrean, ikuspuntu-aldaketa horrek aukera ematen du pentsatzeko gauzek (hondakinak barne) aldaketak eta zentzua eragiteko gaitasuna dutela, gizakiaren intentzionalitatearen beharrik gabe alde batera utzita.

Bennettek, hain zuzen ere, "materia bizidun eta potentzialki arriskutsuaren pila metagarri" bihurtutako zaborraren irudiarekin espekulatzen du, irudi horrek botatzen dugunarekin dugun harremana birpentsatzera behartuko gintuzkeelako. Uste dut Mirenek praktikara eramaten duela proposamen teoriko hori. Haren irudikoz, zaborra ez da zaborra, harremanak sortzen dituen agentea baizik; haren lanaren materia bizia. Mirenek esaten didanean "dagoeneko ekoiztuta edo baztertuta dagoenetik abiatuta lan egiten ahalko nuke bizitza osoan" ez da existitzen diren salgaien kopuruaz bakarrik ari, baizik eta ustez emankortasuna agortu zaion horrek bere baitan duen potentzial itzelaz. Hautsirik dagoenak, jada funtzionatzen ez duenak, modaz pasatu zenak, iraungi zenak edo erabili ezin dugunak, nolabait bere funtzioa betetzeari utzi zionak (esaterako bilgarri edo edukiontzi huts batek), alde batera uzten du bere esanahi erabilgarria, eta beste zentzu bat hartzen du, inola ere kaltegabea edo arina ez dena."

— Basura y simulacro testutik hartutako zatia. Emma Brasók Miren Doizen lanari buruz egindako hurbilketa errealista

paisaia-pertsonal-bat-eta-erruduna
Erakusketaren irudia bat. Arg/ Miren Doiz

Iruñeako Zitadela | Armadaren etorbidea - Iruñea (Nafarroa)

Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11.30 - 13.30 / 18.00 - 20.30.
Igande eta jaiak: 11.30 - 13.30


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.