artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Noúmeno

Nori Ushijima

2026ko Urriaren 02tik
2026ko Abenduaren 31era

noumeno

NOUMENOA: Giza hautematetik haratago

— Materia, pertzepzioa, memoria eta transzendentzia —

Nola eman diezaiokegu forma hauteman arren hitzez adierazi ezin dugun horri? Galdera horretatik abiatzen da Nori Ushijimaren lana; ikusgai dagoenaren eta ikusezinaren arteko topagune den eremu lausoa arakatzen du, non memoria, kontzientzia eta pertzepzioa materia eta kolore bihurtzen diren.

1996an Arteko galeria sortu zenetik galeria izan du ordezkari artista euskaldun-japoniar honek. Oraingoan, bere ibilbide luzeko hautaketa bat aurkezten du, lau hamarkadatan zehar egindado 32 lan biltzen dituena. Erakusketak 1989an sortutako formatu handiko mihise batetik –El más allá (194×260 cm)- 2026ko formatu txikiko (16×22 cm) margolan berrietarainoko lanak hartzen du; azken horiek sakonera handiko gainazalak dituzte bereizgarri. Lan horietan, Ushijimak bizitzaren esanahi existentziala adierazteko bilaketan jarraitzen du, freskoa eta enkautika uztartzen dituen teknika berezia erabiliz. Eskala txikiko lan horiek -hala nola Ataraxia, Hephaestus, Entelechy, Entropy, Quintessence…. – pigmentu, kare eta argizari-geruzak dituzte. Geruza horiek gure begiradatik haratago dagoen zerbaiten aztarnak gordetzen dituztela dirudi. Bi pintura-tradizio zahar uztartzen dituen teknika da: freskoa, kare hezearen eta marmol-hautsaren gainean egina eta enkautika, erle-argizariarekin eta erretxinarekin egina (azken hori antzinako Ponpeiako margolanetan erabiltzen zen metodoa da).

Itxuraz bateraezinak diren antzinako teknikak uztartzeko gai da artista, eta artearen historiatik bertatik ateratzen du bere iruditeria bisual indartsua —Italiako Pizkundeko maisu handietatik hasi eta eragin hurbilagoetaraino erreferentzia eginez—; horrela, tradizioa eta abangoardia, modernitatea eta postmodernitatea uztartzen dituen ikuspegia sortzen du. Ushijimak figurazioaren eta abstrakzioaren artean kokatzen den genero bat sortu du, giza arima islatzen duten sinboloen bilaketan oinarritutako lana eginez.

Noriren margolanek ez dute ezezaguna dena irudikatu nahi, hura iradoki baizik; kontzientziaren sakontasunera hurbiltzeko bidea eskaintzen dute: barne-egoera den immanentziara, eta noumenoa —hau da, gure subjektibotasunetik eta pertzepzio-mugetatik haratago, berez existitzen den horretara—.

Oroimenaren zatiak, oroitzapenak eta ia hautemanezinak diren formak azaleratzen dira Artekon, espazio lasai eta, aldi berean, misteriotsua eratuz; espazio horrek gelditzera eta ulermen intelektualetik ihes egin dezakeen baina senti daitekeen zerbait esperimentatzera gonbidatzen gaitu. Haren lana materialtasunean hasten da eta alderdi transzendentalerantz abiatzen da. Japan and Europe, Noumenal Existence, Homage to Titian II, Fūjin, Metamorphosis eta Family lanek, besteak beste, erakusten dute nola erabiltzen duen Ushijimak pintura bere existentziaren arrazoiak eta munduan duen lekua aztertzeko, artearen bidez betikotasun existentzial baten bila aritzeaz batera.

Kumamoto hiria eta Donostia lotzen dituen bere egungo ibilbide artistikoa mugak gainditzen dituen artistaren lekukotza da. Haren teknikak Japoniako eta Europako tradizioak uztartzen ditu, Ekialdeko estetikaren eta Mendebaldeko sakontasun espiritualaren arteko zubia sortuz.

noumeno

Arteko Gallery | Dunas kalea, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Bisitak hitzordua hartuz.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.