artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

That Time

Bilboko ArteEderren Museoko funtsa

2023ko Ekainaren 23tik
2023ko Azaroaren 05era

that-time
  • Tabakalerako erakusketa-areto nagusia.
  • Ordutegia: Asteartetik igandera: 12:00-14:00 eta 14:00-20:00.
  • Astelehenetan itxita.

Erakusketa-espazioa 500 metro karratu baino gehiago zabalduz, "That Time" erakusketak 1.500 metro karratu hartzen ditu guztira, Tabakalerako lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatzen duten 80 artistaren 107 lanekin.

Erakusketak zenbait egileren eta zenbait arotako hamaika busto eskultorikorekin ematen dio ongietorria bisitariari, eta horiek erretratuen izaera memoriala azpimarratzen dute; izan ere, munduaren eta aldi baterako gauzen hauskortasunaren aurrean, gure artean ez dagoenaren oroitzapena bizirik mantentzen dute. Memoria aldarrikatzen du, eta, iraganetik, beste denbora (bizien denbora) eta toki batera (etorkizuna) eramaten gaitu. Batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta, beste batzuk, aldiz, artista ezagunek eginak (Francisco Durrio, Quintín de Torre, Josep Clará, Eduardo Arroyo). Irudietan garai batean ezagunak izan ziren pertsonak daude (Aurelio Arteta margolaria, Joséphine Baker dantzari eta abeslari afro-amerikarra), baita ezezagunak ere. Hamaika bustoak Pausa pulsar ekoizpen berriarekin batera daude espazioan. Ekoizpen hori Ainara LeGardon artistak sortu du; konposizio bokal bat da, eta hainbat garai, tamaina eta ezaugarritako bozgorailuen bidez entzun ahal izango da. Horiek, era berean, busto hiztun gisa hartzen dira.

C ahotsa, zahartzarokoa

Lehenengo aretoan (C ahotsa, zahartzarokoa) Vicente Ameztoy, Ibon Aranberri, Bonifacio, Marta Cárdenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero edo Cy Twomblyren lanek iraganeko aro zaharkitua (baina ez amaitua) irudikatzen dute, zeinetan "izan zen hura" oraindik ez den guztiz igaro. Iraganeko presentzia materiala oraineko forma artistikoetan nabari daiteke (Joan Piéren Idoloa; Albertoren Otiaren emakumea; Elena Asinsen Zortzi menhir bidimentsional; Remigio Mendibururen Sustraiak). Eta sekularizatutako orainaren enigmak (Óscar Domínguezen Ehiztaria; Francis Baconen Irudia etzanda ispiluan), berriz, Erdi Aroko eskulturaren erritualaren eta mitoaren bidez irudikatzen dira (San Joan gurutzearen oinaldean, XIV. mendeko anonimo espainiarra), baita aldareetako margolanaren bidez ere (Grecoren San Frantzisko otoitzean), hau da, bizitza jainkotiarraren eta gizakiaren patuaren irudikapenen bidez.

A ahotsa, helduarokoa

Denbora heztea, unitate homogeneoetan banatzea eta modu arrazionalean antolatzea (zortzi orduz lan egiteko, zortzi orduz atseden hartzeko eta zortzi orduz aisialdia) XIX. mendeko iraultza industrialaren helburua izan zen, eta, gaur egun, oraindik ere, horren ondorioak bizi ditugu. Erakusketaren bigarren aretoa (A ahotsa, helduarokoa) orainaldiari dagokio. Areto horretan, gizarte teknologiko eta industrialaren aginduak artista askoren lanean irudikatzen dira (Vicente Cutanda, Celso Lagar, Daniel Vázquez Díaz, Aurelio Arteta, Agustín Ibarrola, June Crespo). Teknologia eta energia industriala sorkuntzarako indar ahaltsuak dira; gerra eta horren ondorioak albo-kalte garrantzitsuak (Goya, Anthony Caro, Mari Puri Herrero, Idoia Montón, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea).

B ahotsa, gaztarokoa

Azkeneko aretoan ikusleek etorkizunaren ziurgabetasunari aurre egin beharko diote B ahotsaren bidez. Becketten antzezlanean gaztaroari dagokio, hain zuzen ere. Txomin Badiola, Fernand Léger, Markus Lüpertz, Nemesio Mogrobejo, Miren Arenzana edo Maria Helena Vieira da Silvaren artelanek erakusten digute artista garaikideek nola egiten dioten aurre artearen historiari (iragana eta horren mamuak) arte berri bat sortzeko. Zurbaránen Aurpegi Santuan, ordea, espektro itxura duen eta ez dagoen gorputz baten irudia betibiziko presentzia bihurtzen du artistak.

Dagoeneko aipatutako Ainara LeGardonen Pausa pulsar-ekin batera, bi artista garaikideri enkargatutako beste bi lan ere aurkezten dira "That Time"n: Ilke Gersen The Same Ground eta Jorge Moneoren Exergo. Lan horiek eten egiten dute museoko bildumako obren jarraitutasuna. Film-saiakera gisa, Exergok Arte Ederren Bilboko Museoko pintura batzuen eta artistek beren lan profesionala garatzen duten inguruabar materialen arteko harreman hipotetiko batzuk planteatzen ditu, iraganekoak zein garaikideak. Gersen The Same Ground-ek, berriz, erakusketa-aretoaren kanpoaldeko zoruan eginak eta hizkiz, letra-zatiz, sinboloz eta zeinuz osatuak, hizkuntzaren eta keinuaren artean mugitzen den denbora-partitura gisa funtzionatzen du.

Charles Garrad zinema-zuzendari eta artista multimediaren That Time filmak (zeinak Samuel Becketten antzezlana egokitzen duen) ixten du erakusketa honen ibilbide zirkularra.

that-time

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


tabakaleran-that-time-zentroko-erakusketarik-handiena-jarri-dute
Jorge Moneo, Ilke Gers, Miriam Alzuri, Miguel Zugaza, Edurne Ormazabal, Oier Etxeberria eta Ainara LeGardon aurkezpenean. Arg/ Tabakalera

Tabakaleran "That time" zentroko erakusketarik handiena jarri dute

| Eka. 22

Erakusketa Arte Ederren Bilboko Museoaren eta Tabakalera Zentroaren arteko lehen lankidetzaren emaitza da. Bilboko Museoko 100 artelanek baino gehiagok eta Tabakalerako hiru sorkuntza berrik osatzen dute erakusketa.

irudi galeria

ate-birakaria
gezurtiaren-erretratoa-ispiluan-francis-bacon
sarreran

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.