artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Landa-txostenak / Field Reports

Marine Hugonnier

2023ko Urriaren 24tik
2024ko Otsailaren 11era

landa-txostenak-field-reports

Marine Hugonnier (Paris, 1969) Londresen bizi den artista eta zinemagile frantsesa da, eta haren obrak munduaren interpretazio-baliabideak aldatzea bilatzen du etengabe.

Horretarako, dokumental- eta fikzio-estrategiak erabiltzen ditu, erregistro bakoitzaren berezko anbioguotasunak aprobetxatuz. Azken hamarkadan egin dituen ekoizpenetan, esperimentu filmikoetan aurkitu izan du kontrapuntua prozesu sozialen zuzeneko behaketak; esperimentu horietan, irudiak hartzeko gailu tradizionala —pelikula, lentea eta kamera ezinbesteko elementutzat hartuta— fenomeno eta agente naturalen aurrez aurre jartzen da, eta irudikapenaren mugak bilatzen ditu. Meadow txostena (Meadow Report, 2021) izeneko obra berria egiteko, artista Givernyko lorategiko urmaelaren aurrean kokatu zen ilunabarrean; hau da, Claude Monetek sortutako landare exotikoen lorategi artifizialean —hantxe margotu zituen pintoreak bere nenufar ospetsuak bere bizitzako azken hamarkadetan, pixkanaka ikusmena galtzen zihoala—. Hugonnierrek funtsezko bi gai horiek jorratzen ditu paisaiaren erregistro kontenplatibo eta isilaren bidez: batetik, naturaren manipulazioa, eta, bestetik, hura behatzeko teknologiarekiko dugun mendekotasuna. Zuzeneko pertzepzioa bilatu nahian, pelikularen une jakin batean artistak lentea kameratik kentzen du, eta horrek xehetasun guztiak urdin kolore bizira itzaltzea eragiten du, kolapso kromatikoa. Piezaren izenburuak "meadow" (larrea) hitzaren esanahi literalarekin jolas egiten du, baita The Limits to Growth (1972) bezala ere ezagutzen den Meadows txostenaren erreferentziarekin ere, planetako baliabideen kontrolik gabeko erabilerak egungo klima-krisia eragingo zuela aurreikusi zuen lehen dokumentuetako bat, alegia. Hugonnierren pieza nagusi horrekin batera, beste film eta argazki batzuk ere egongo dira ikusgai. Guztiek ere agerian utziko dituzte, bai 103 aretoan bai Museoaren Entzungelako proiekzio-programan, artistaren azken aldiko praktika eta praxi filmikoaren inguruan duen ikuskera berezia.

  • Aretoa: 103
  • Komisarioa: Manuel Cirauqui
landa-txostenak-field-reports

Guggenheim Bilbao | Abandoibarra Etorb., 2 - Bilbo (Bizkaia)

Xehetasunak
UDAN (ekainaren 16tik irailaren 21ra): 10:00 - 20:00 egunero | BESTELA: 10:00 - 19:00, asteartetik igandera.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.