artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

-n, -z, -tik, -rantz

Jose Angel Lasa

2024ko Maiatzaren 11etik
2024ko Urriaren 31era

n-z-tik-rantz

-Tamaina eta garai desberdinetako eskulturak erakutsiko ditu Lasak, urrira bitartean

Frantziskotarren klaustroa jantzi du Jose Angel Lasa eskultoreak; 40 urteko lanaren lagin bat erakutsiko du bihar hasi eta urrira bitartean. Legorretakoa bada ere, Bermeon bizi da, Arane auzoan. Naturan bilatzen dituenak berrerabiltzen ditu, eskultura bihurtuta. Eskarmentuduna da mundu horretan.

Bihartik aurrera, hortaz, Lasaren 50 eskultura baino gehiago ikusi ahalko dira doan Frantziskotarren klaustroan, tamaina desberdinetakoak eta garai desberdinetakoak. ‘-n, -z, -tik, -rantz' eskultura erakusketaren inaugurazio ekitaldia bihar izango da, 13:00etan, klaustroan bertan. Jose Angelek herritarrak gonbidatu ditu bertaratzera, bere lanaren xehetasunak gehiago ezagutu ahal izateko.

Frantziskotarren klaustroan egunak eta orduak ematen dituela dio Lasak: "Lekua oso ederra da, espazioaren antolaketa oso berezia da. Normalean ez da inor egoten, hortaz, datorrenarentzat opari bat da". Bermeon erakusketa egin gura zuen, eta lan horiek ezin zituen Nestor Basterretxea aretoan jarri. Beste kokaleku batean pentsatuta, Bermeoko ospitalea etorri zitzaion burura; izan ere, leku zabala behar du bere lanak erakusteko. Frantziskotarrekin eta Bermeoko Udalarekin harremanetan jarrita, klaustroan egitea lortu du.

Inguruan aurkitzen dituenak erabiltzen ditu Lasak bere lanetarako; berrerabileran oinarritzen da. Esaterako, erakusketa honetako 16 pieza, aurtengo neguan haizeteek Lameran botatako zuhaitzen zatiak direla dio. Almerian gorrotatzen dituzten erratzak, hiltzear zeuden Valentziako laranjondo zatiak, etxean egin zuten magnolia baten inausketa… "Nik ez ditut zuhaitzak botako, hondakinak dira edo inork gura ez dituenak. Ingurutik jasotzen ditudanak berrerabiltzen ditut", dio artistak.

"Zaila" dela dio inspirazioa nondik datorkion esatea: "Badakit gauzak kontatzeko jarrera hau daukadala. Pinturarako ez dut jarrera hau izan, ezta argazkigintzarako ere, baina bai ordea gauza hauek egiteko. Suposatzen dut umetatik datorren zerbait izango dela, baina nik ere ez dakit; normalean horretan ari garenok ez dakigunondik datorkigun inspirazioa".

Lanaren atzean "intentsitate handia" dagoela dio: "Atapuercara joan, han egon, moztu, kamioi bat lortu, ekarri… lehertuta amaitzen duzu. Ondorengoak ere lan handia dakar, piezetako batek, esaterako, azpitik sei kolore ditu. Frogak eta frogak egiten ditut, gustukoa dudan azken emaitza lortu arte".

‘-n, -z, -tik, -rantz' izena jarri dio erakusketari: "Euskarak badu gauza izugarri bat, atzizkiak. Atzizkia ez da ezer zerbaiten ondoan ez badago, eta horrela ikusten ditut gauza hauek. Klaustroaren atzizkiak dira lan hauek. Nik lan hauek bidelagun imajinatzen ditut. Hori ere posible da artearen munduan, XX. mendeak aukera hori eman digu eta errealagoa da; ez bakarrik irudikatu, baizik eta beste gauza batzuk ere. Gaur egun, irudikatu dezakezu, eta horrez gain beste ariketa batzuk egin ditzakezu, eta nik uste dut horretan nabilela pieza hauekin".

n-z-tik-rantz

Frantziskotarren klaustroa | Prantzisko Deuna Atea Plaza, 11 - Bermeo (Bizkaia)


gauden-tokitik-toki-berriak
Erakusketako piezetako batzuk, Frantziskotarren klaustroan. Arg/ MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gauden tokitik, toki berriak

Eka. 27 | Elena Olave [BERRIA.eus]

'-n, -z, -tik, -rantz' | Artista: Jose Angel Lasa. | Non: Bermeoko Frantziskotarren klaustroan. | Noiz arte: Urriaren 31ra arte.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.