artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Hazi hegalariak

Maria Cueto

2024ko Ekainaren 27tik
2024ko Irailaren 15era

hazi-hegalariak

Erakusketan dauden sailek askotariko gaiak aztertzen dituzte: basoen ugaritasuna, mugitzen ari den uraren bibrazioa, konstelazioen baretasuna gaueko zeruan. Teknika eta materialen konbinazio bakar baten bidez, Cuetok hausnarketara gonbidatzen duten eta inguratzen gaituen mundu naturalarekin lotura sakona pizten duten lanak sortzea lortzen du. "'Konstelazioak' izeneko sortan bildutako lanak ere, esaterako, forma geometriko puruekin sortuta daude, baina erabilitako materialak ezberdinak izanik, eta interakzioak sortzen diren arren, azkenean piezak berriz ere forma geometriko puruetara itzultzen dira, harmonia berreskuratuz".

Azken sorta, aldiz, ‘Urarena' izenarekin, ilusio berezia egiten dion proiektua dela onartu du Cuetok. "Urarekin eta itsasoek bizi duten egoerarekin lotuta daude hirugarren sortako piezak, eta oraindik inork, ezta nik neuk ere, ikusi ez duen pieza bat izango du protagonista nagusi". Artistak bere Berastegiko estudioan azken hileetan zatika egin duen pieza erraldoi bat izango da hori, Cristina Enean pieza guztiak lotu arte inork ikusi gabea. "Olatu erraldoi bat izango da, haziz egina, eta bisitariek alde batetik bestera pasatzeko aukera izango dute". Horrez gain, hirugarren sala horretan, iturriak, ur-zurrustak, ur-tanta bat edota itsasoetako zenbait biztanle irudikatzen dituzten piezak egongo dira ikusgai.

Maria Cueto

Avilésen (Asturias - Espainia) sortu baina bizitza erdia baino gehiago Berastegin (Gipuzkoa) bizitzen daraman María Cueto (Avilés, 1960) artistak bere unibertso sortzailean murgiltzeko proposamena egiten digu Hazi hegalariak erakusketaren bitartez, zeina Cristina Enean ikusgai egongo baita udako hileetan. "Hiru lan-sortaz osaturiko erakusketa da honakoa, eta bakoitzak Cristina Eneako jauregiko areto bat hartuko du", azaldu du artista asturiarrak. Beheko solairuan, ‘Basoaren bihotza' izenarekin, piñerina landareakin eginiko pieza fin eta delikatuak bildu ditu. "Zuhaitz ñimiñoak irudikatzen ditut, forma geometrikodun basoak sortuz, geometria oso garrantzitsua baita nire lanean, organikoa den edozerk duen kaosari harmonia ematen diola iruditzen baitzait", azaldu du Cuetok. Horrela, espiral, esfera eta kono formako unibertso txikiak eraiki ditu artistak, bisualki eta estetikoki pieza dotore bezain delikatuak sortuz.

Haziek, bizi- eta berritze-sinboloak, leku nagusia dute María Cuetoren obran. Bere manipulazio artistikoaren bidez, Cuetok mirari natural txiki horien berezko edertasuna eta aniztasuna ikustera gonbidatzen gaitu. Hazi ñimiñoetatik hasi eta forma landuagoetaraino, artelan bakoitzak erakusten du artistak naturaren esentzia bera atzemateko eta bere artearen bidez transmititzeko duen trebetasuna. "Natura ez zaintzeak eragin lezakeen hauskortasuna islatu nahi dut nire lanarekin, oreka edozein unetan hautsi daitekeela ulertaraziz". Baina, aldi berean, erabilitako materialekin naturak duen sendotasunaz ere jabetzea bilatzen du artistak, hauskorra dirudien horren barne-indarra.

hazi-hegalariak

Cristina Enea fundazioa | Mandasko Dukearen Pasealekua, 66 - Donostia (Gipuzkoa)


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.