artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

So eginez aldatu ginen

ErakusketaGabriel Chaile

2024ko Urriaren 25etik
2025eko Otsailaren 02ra

so-eginez-aldatu-ginen

Gabriel Chaile artista argentinarraren ibilbidea jasotzen duen lehen erakusketa da.

Gabriel Chaile artista argentinarrari (San Miguel de Tucumán, Argentina, 1985) erakunde batek eskaintzen dion lehen erakusketa da So eginez aldatu ginen (Contemplando es como fuimos cambiando). Bertan, artistaren ibilbide osoa biltzen da: bere hastapenetatik, Lisboako bere estudioan egun sortzen dituen lanetaraino.

Chaileren lan gehienak eskulturak badira ere, marrazkiak edo instalazioak ere naturalki sortu izan ditu, usadioa, memoria eta nortasuna uztartuz esanahiz beteriko obretan. Marrazkia eta aurkitutako objektuak landuz hasi zuen bere ibilbidea, eta ondoren, adobea, buztina edo metala erabiliz sorturiko eskulturara egin zuen jauzi. Material horien erabilerari esker bere lanek ikusizkoa denaz haraindi doan indar sinbolikoa hartzen dute.

Gabriel Chaile artista ezaguterrazenen artean dago egungo eskulturaren arloan, adobezko bere pieza handiei esker. Aipatu lanek artistaren jaiotze-eskualdetik gertuko La Candelaria kulturaren kolonaurreko zeramiken morfologia dakarte gogora. Gaur egun, behinolako teknikak ikertzen eta hedatzen jarraitzen du Chailek, iraganaren eta orainaren, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko harremanaz berriz hausnartzera garamatzaten narratiba alternatiboak eraikitzeko.

Gabriel Chaileren estudioan daukaten lan egiteko modu kolektiboa ere nabarmendu nahi du erakusketak. Lisboan bizi da pandemiaz geroztik eta bere estudioan sorkuntza indibiduala eta kolektiboa tartekatzen duten hainbat artistek lan egiten dute. Horrexegatik, talde horretako Tomás Bargãoren pieza bat ere ikusgai dago. Chailek gonbidatuta, Bargãok obra berri bat sortu du erakusketa honetarako.

Gabriel Chailek 2022ko Veneziako bienalean parte hartu du eta Buenos AireskoArte Modernoko Museoan (MAMBA), Londresko Studio Voltairen edo New Yorkeko High Linean erakutsi ditu bere lanak.

Erakusketa hau Tabakaleraren urteko programazioaren barruan kokatzen da. Aurten, Eduardo Chillidaren mendeurrena dela eta, eskultura-praktika aitzakiatzat hartu da eskultura garaikidearen joera ezberdinak erakusteko.

so-eginez-aldatu-ginen

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


gabriel-chaile-artista-argentinarraren-lehen-atzerabegirakoa-inauguratu-dute-tabakaleran
Gabriel Chaile. Arg/ Tabakalera

Gabriel Chaile artista argentinarraren lehen atzerabegirakoa inauguratu dute Tabakaleran

| Aza. 04

"So eginez aldatu ginen" erakusketak Chaileren hainbat lan biltzen ditu, hastapenetatik hasi eta oraintsuko sorkuntzetaraino. Eskultura garaikideak eman duen artista gailenetakoari eskainitako erakusketa 2025eko otsailaren 2ra arte egongo da zabalik.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.