Gabriel Chaile artista argentinarraren lehen atzerabegirakoa inauguratu dute Tabakaleran
"So eginez aldatu ginen" erakusketak Chaileren hainbat lan biltzen ditu, hastapenetatik hasi eta oraintsuko sorkuntzetaraino. Eskultura garaikideak eman duen artista gailenetakoari eskainitako erakusketa 2025eko otsailaren 2ra arte egongo da zabalik.
| 2024ko Azaroaren 4a
Tabakalerak Gabriel Chaile (San Miguel de Tucumán, 1985) artista argentinar ospetsuaren lehen erakusketa indibidual handia aurkeztu du. So eginez aldatu ginen (Contemplando es como fuimos cambiando) izenburutzat duen erakusketa honetan Chaileren sorkuntzarik berrienak ikusteko aukera izango dute bisitariek, baita bere ibilbide artistikoa zeharkatzen duten funtsezko piezak ere. Chaile artista aintzatetsia eta ezaguna da jatorrizko herrien kulturei erreferentzia egiten dieten material xumeak baliatuz eskultura monumentalak sortzeagatik, identitatearen inguruko gogoeta sustatu eta memoria deskolonizatzeko deia egiten duten lanak.
Tabakalerako erakusketa-areto nagusian ikusgai jarritako eskultura handiak denborari pultsua hartzen dioten lanak dira, eta beren materiaren bidez istorioak kontatzen dituztenak, pertsonalak eta kolektiboak aldi berean. Eduardo Chillidaren mendeurrenean, Tabakalerak eskulturari eskaini dizkio bere erakusketak, eta oraingoan honetan nabaria da Gabriel Chaileren eta artista donostiarraren arteko elkarrizketa sinbolikoa. Euren ibilbideak testuinguru desberdinetatik abiatu arren, formaren, espazioaren eta memoriaren arteko harremana aztertzen dute bi artistek. Chaileren eskulturek, Chillidarenak bezala, kontenplaziora gonbidatzen dute eta, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubiak eraikiz, materiak duen ahalmen eraldatzailea nabarmentzen dute.
Gabriel Chaile Buenos Aires eta Lisboa artean bizi eta lan egiten duen artista da. Arte Ederrak ikasi zituen Tucumango Unibertsitate Nazionalean (Argentina) eta beka eta aintzatespen ugari jaso ditu. Chailek bere burua "irudien komunikatzailetzat" eta "antropologo bisualtzat" du. Bere jardunean erresistentzia kulturala esploratzen du adobearen gisako materialen bidez eta elementu hori lengoaia bisual batean uztartzen du, botereaz, historiaz eta identitate kulturalaz ditugun aurrez ezarritako nozioei buruz galderak egiteko.
Chailek erakusketa garrantzitsuetan erakutsi ditu bere lanak, eta horrek eraman du bere ospea nazioartean zabaltzera. Hala, Veneziako Bienalean (2022) parte hartu zuen adobezko eskultura handien sailarekin, forma soilen eta material xumeen bidez narratiba konplexuak eratzeko artistak duen gaitasuna agerian utzi zuena. Gainera, erakusketak izan ditu Buenos Airesko Arte Modernoko Museoan (MAMBA), Londresko Studio Voltairen eta New Yorkeko High Linen, besteak beste.
Chailek ikerketa antropologikoak eta bisualak garatzen ditu bere obra multzoa zeharkatzen duten funtsezko bi kontzeptuetatik abiatuta. Bata, "beharraren ingeniaritza", artea bitarteko dela sortutako objektu eta egituretatik abiatu eta haiekin mugako egoera jakin batean baldintzak hobetzen laguntzeko; eta bestea, "formaren genealogia", objektu bakoitzak, historian zehar errepikatuta, kontakizun bat biltzen duela aditzera ematen duena, testuinguru berri bakoitzari lotuta berreskuratu eta eguneratzen dena. Artistak bi kontzeptuez baliatzen da eskulturak sortzeko, margolanak egiteko eta formatu handiko instalazioak eraikitzeko, historiak eta botere-egiturek isilarazitako komunitateak ikusarazteko eta haiei ahotsa emateko.
Andrei Fernández kudeatzaile eta ikertzaile independenteak komisariatu duen Tabakalerako erakusketan, Chailek hamar bat pieza, eskultura, instalazio eta marrazki biltzen ditu, elkarrekin hitz egiten dutenak, antzinakoa garaikidearekin eta tokikoa globalarekin lotzen duen narratiba ehunduz.
Bere obran gehien errepikatzen den gaietako bat labe-eskulturak dira, Argentinan herriak erabili izan dituen labeetan inspiratuta, artistak erresistentzia komunitarioaren sinbolo sendo bihurtuak. Adobez eta beste material natural batzuez egindako labe hauek, janaria prestatzearen ekintza kolektiboa ez ezik, elkartasunak dakarren erresistentzia ere irudikatzen dute. Forma horiek, artistaren hitzetan, "memoriaren edukiontziak dira; haietan biltzen dira buztinean bizirik dirauten historien atalak, eta etorkizuna kozinatzen dutenen eskuak". Chailek dio labeen arkitekturak zeramika aurrekolonialen formekin lotura duela, bereziki Argentinako iparraldekoekin. Lotura horrek jarraitutasun kulturala azpimarratzen du, eta hainbat garai eta jatorri lotzen ditu objektu funtzional zein sinbolikoen bitartez.
Lanak
Tabakaleran ikusgai jarritako labe-eskulturen adibide bat La Malinche (2019) da, metalez, poliestireno-aparrez, buztinez eta adreiluz sortutako eskala handiko eskultura. Chailek adobea erabiltzen du Irene Isabel (2024) lanean, amari eta, aldi berean, berak jasotako antzinako herentziari egindako omenaldi bat da. Bertsio berri bat da hau, 2016an Argentinaren independentziaren bigarren mendeurrena ospatzeko sortutako "Formaren genealogia" saileko bere lehen eskulturarena. Bi pieza horietan komunitate indigenen adierazpide kulturalen erresistentzia eta erresilientzia aztertzen ditu, kontuan izanik haietako asko lekuz aldatuak eta baztertuak daudela gaur egun.
Tabakalerarako egin duen sorkuntza berrian, ¿Por qué has corrido tan lejos? (2024), Chailek adobea eta metala erabili ditu 4 metroko altuera duen eskultura monumentala sortzeko. Batetik, bere sustrai artistikoetara atzera bueltatu izana eta, bestetik, aukera berrietarantz aurrera egin duela aditzera ematen du lan honek, eta halako dualtasuna uzten du agerian; bere piezek denbora gainditzen dute linealtasun historikoari desafio egiteko.
Aguas calientes 5 (Los llorones) eta Aguas calientes lanak jatorriz Argentinako 2001eko krisian kaleetan eta herri jantokietan goseari aurre egiteko eta justizia eskatzeko batetik bestera ibili ziren eltzeak dira. Chailek eltze berriak ematen ditu zaharren truke eta erabiliei memoria-geruza bat gehitzen die, justizia sozialaren eskaera eta nahigabe kolektiboa islatzeko. Hala, behatzeko diren objektu gisa ez ezik, Hego Amerikako jatorrizko herrien genozidioari buruzko memoria historiko bihurtuta ere ageri dira orain.
Selva tucumanan (2024), Gabriel Chailek adobea, egurra, metala eta egur-ikatza erabiltzen ditu naturaren eta narrazioaren arteko lotura aztertzeko. Lana buztinez eta ikatzez egindako film gisa aurkezten da. Bertan, bi tapir kume dira protagonistak. Haiek zerutik jaitsi eta gizaki bihurtzen dira, baso, mendi eta ibaiez osatutako mundu batean, ondoren suak eta eraikuntzak suntsituko duena. Irudi estatikoak dira, baina transmititzen dituzten istorioak mugimenduan daude. Beraz, lan proto-zinetikoa da Selva tucumana, labar-pinturen antzera, haiek ere irudiaren bidez kontatzen baitzituzten istorioak. Sorkuntza honekin, Chailek naturaren eta historiaren eraldaketari buruz hausnartzera gonbidatzen du publikoa.
Salir del surco al labrar la tierra (2014) lanean, Chailek adreiluak eta arrautzak erabiltzen ditu bizitzaren eta gizartearen sorreraren inguruan gogoeta egiteko sinbolo gisa. Naturaren eta giza aurrerabidearen arteko gatazka irudikatuz, basabizitza eta gizartearen eraikuntzaren arteko tentsioa adierazten du lan honek.
Lan bereziki poetikoa da El principio de la belleza está en el fin de la misma (II) (2024). Bertan, 2011ko jatorrizko bere lan baten bertsio berria aurkezten du Chailek, Buenos Airesen artista gisa hasi zenean erakutsia. Pieza honetan atzera aztertzen ditu bere hasierako lanak, sortze-prozesuan parte gisa errepikapena esploratuz.
Erakusketa honetan Parábola (2013) ere aurkezten da. Lan honek kulturen eta tradizioen arteko lotura sinbolizatzen du forma eskultorikoaren bidez, eta esperientzia partekatuei eta memoria kolektiboari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea.
Ingeniería de la necesidad (2012) bere haurtzaroan inspiratutako lana da, aitak, igeltseroak, neguan berogailu inprobisatuak eraikitzen zituenean. Lan honek sormenari eta erresilientziari buruz hausnartzen du eskasia-egoeren aurrean, material xumeak erabilita eguneroko bizitzarako soluzio gisa.
Erakusketako ibilbidea pieza intimoagoekin amaitzen da. Horien artean dago Genealogía de la forma (2019), Chaileren lanaren oinarri formalak eta kontzeptualak arakatzen dituzten ikatz-zirizko bi marrazki, jatorrizko kulturetara hurbiltzen direnak hezkuntza artistiko tradizionalean bazter utzitako adierazpideen bidez.
Elkarlana
Elkarlana funtsezkoa da artista argentinarraren ibilbidean. Izan ere, taldean egiten du lan Lisboako bere estudioan. Leku hori hainbat diziplinatako artisten topagune da, eta ideien trukea eta baterako sorkuntza sustatzen da bertan. Hala, prozesu artistikoak ahotsen arteko sinergia eta komunitateak praktika garaikidean duen garrantzia islatzen ditu. Ikuspegi horrekin, Tomás Bargão Henriques artista portugaldarrak erakusketarako propio sortutako pieza argitaragabea aurkeztuko du. Plastikoa eta metala erabiltzen ditu Lisboan lagunekin elkartzen den leku bateko hondakinak erakusteko. Horietan, urgentziaz eta grinaz sortutako bere pinturaren zatiak ageri dira; pinturatik sekzio ugari erauzten ditu hutsune bat uzteko. Geratzen denarekin, Bargão Henriquesek irudi berri bat sortzen du, nostalgia eta galera uztartzen dituena. Horrela, memoriaz eta behin izandakoaren berreraikuntzaz hausnartzera gonbidatzen du bisitaria, eta bere sortze-prozesuaren eta leku horretako esperientziaren ikuspegi intimoa eskaintzen du aldi berean.
Erakusketaren osagarri gisa jardueren programa bat taxutu da, publikoa Chaileren lanetara hurbiltzeko bisita solasaldiak, familientzako arte-lantegiak eta arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroa biltzen dituena.