Eraman nazazu dantzatzera
David Anocibar Arroqui
2025eko Maiatzaren 16tik
2025eko Uztailaren 03ra

Igandeetan bilera egin ohi zuten Daviden Portugalgo etxean, eta bertan ardorik ardo solasean aritzen ziren azken festan, aurreko gauen, arestiko goizaldean gertatutakoaz. Ahaleginaren ondorioz gorputza beharbada minduta zutela (kirola, sexua, aire librean ibilaldi luzea egin ondorengo min atsegin hori) gorabeherak zerrendatzen zituzten, gorputzak desfilatzen ziren, berriz ere begiradak eta aldarrikapenak dastatzen zituzten, eta koreografiaren oihartzuna heltzen zen. Bilera amaitutakoan, beti, gau horretan bertan egon ala ez, Daviden lagun batek honakoa esaten zion: David, eraman nazazu berriro dantzatzera, eraman nazazu dantzatzera.
Erakusketa hau gauza bera eskatzen diogunoi Davidek 10 bat margolan handitan ematen digun erantzuna da.
David Anocibar Arroqui
Pinturan errealismoaren printzipioen eta tradizioaren mireslea, eta, aldi berean, gozamen material eta kontzeptualaren aldekoa dugu David Anocibar Arroqui (Amunarritz, Nafarroa, 1977). Hasierako prestakuntza artelanen zaharberritzearen arlokoa izanik, lan egiteko behar dituen materialak ongi aukeratzeko ardura hartzen du, eskuarki kalitate handiko material tradizionalak, eta mihiseak artisau-erara muntatzea eta prestatzea gustuko du. Batez ere estilo figuratibo-errealistako olio-pintura garatzen du; esparru horretan eskuratutako teknika eta nolabaiteko intuizio-ezagutza uztartzen ditu, eta azken horri jarraitzea gustatzen zaio desiratutako alderdiak obra bakoitzean modelatzeko.
Madrilen hiru urtez ikasi ondoren, beste bost urtez Lisboan egon zen artelanen kontserbatzaile eta zaharberritzaile lanetan; Nafarroara itzuli eta pintura figuratiboaren teknika ikasi zuen Mikel Esparza erretratugilearen estudioan. Gerora, Esparzak animaturik, New Yorkeko Art Student League-ra eta The National Academy of Design-ra joan zen ikasketak osatzera. Gaur egun, Iruñean bizi da, eta bertan pintura-figuratiborako eskolak eman eta erretratuak enkarguz egiten ditu.
Azken urte hauetan zenbait pintura-lehiaketatan saritua izan da, esaterako, Arte Plastikoetako VIII. Goiart Ordizia Sarian, "Ciudad de Calahorra" Pinturako XIX. Lehiaketa Nazionalean eta "Aguas de Barbastro" VII. Pintura Lehiaketan. Jaso duen azken aintzatespena Amurrio Hiria XXXV. Arte Lehiaketan lortutako lehen saria izan da, pasa den irailean.

tTok | Joaniskobaita, Purguko kurutzeko plaza, 1 - Uztaritze (Lapurdi)
Xehetasunak
Asteartea: 17:00 - 20:00
Asteazkena: 9:00 - 16:00
Osteguna: 15:00 - 18:00
Ordutegi finko honetatik kanpo ere irekia izan daiteke. Nahi izanez gero, edo hitzordua hartzeko deitu, lotsarik gabe.