Manolo Gil, 1956–57. Elkarrizketa Oteizarekin
Manolo Gil
2025eko Ekainaren 19tik
2026ko Urtarrilaren 11era

Oteiza Museoak ‘Manolo Gil, 1956–57. Elkarrizketa Oteizarekin' erakusketa-proiektua aurkezten du. Jose de la Mano Galeriarekin batera ekoitzia da, eta artistak eskultorearekin izaniko harreman profesionalaren ondoko garapen esperimentala berreskuratzen du.
Jorge Oteiza eskultorea (1908–2003) eta Manolo Gil margolaria (1925–1957) elkarrekin aritu ziren 1955ean Tarragonako Unibertsitate Laboralaren proiektuan (1952–1957). Halaxe hasi zen bien arteko hartu-eman pertsonal estua, baita lankidetza artistiko eta intelektual emankorra ere, harik eta margolariaren bat-bateko heriotzarekin eten zen arte. Harreman horrek eragin erabakigarria izan zuen bi artistengan, biak ere beren ibilbideko une erabakigarrian zeudenean. Oteiza buru-belarri ari zen bere Laborategi Esperimentalean —horrek markatu zuen abstrakzio geometrikorantz egin zuen urratsa—. Manolo Gilek, bestalde, sormen-intentsitate handiko aldia bizi zuen, bai bere burutapen teorikoetan, bai bere ikerketa plastikoetan, figuratiboak nagusiki ordura arte.
Manolo Gil, 1956–57. Elkarrizketa Oteizarekin erakusketak obra-multzo zabal bat aurkezten du Oteiza Museoan: Gilek eginiko 50 collage esperimental baino gehiago. Forma geometrikoetatik abiaturik, espazio-konposizioaren analisian sakontzen du; obra horiek egin zituenean, komunikazio bizia izan zuen Jorge Oteizarekin. Eskultorearen zenbait piezarekin osatzen da erakusketa —Fundazioaren bildumakoak—, eta, gainera, elementu dokumental ugari gaineratu dira proposamenaren testuingurua azaltzeko, baita Manolo Gilek idatzi eta "aitatxo Oteitzari" dedikaturiko Cambio (Aldaketa) poema bisualaren jatorrizko dokumentua ere. Esposizioa 2025eko ekainaren 19tik 2026ko urtarrilaren 11ra arte egonen da ikusgai Oteiza Museoan. Jon Echeverria Plazaola ikertzailea da komisarioa, Humanitateetan doktorea Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Era berean, Jose de la Mano Galeriarekin batera ekoitzia da, Eguesibarreko Udalarekin lankidetzan.
Bi artistek, 1950eko hamarkadaren erdialdera elkartu zirenetik, kezka intelektual handia eta bokazio esperimental nabarmena partekatu zituzten, eta, horren ondorioz, hausnarketa teoriko sakon batean oinarritu zuten beren praktika artistikoa. Testuinguru horretan sortu zen Espazio Trimuralaren Teoria (1956–1957): bien artean eginiko analisi zientifiko eta arrazional horrek kolorearen eta forma geometrikoen gaitasun dinamikoak arakatzen ditu, planoan aitzinera eta gibelera egiteko. Helburua zen ikuspegi espazial berri bat sortzea, irudikapen tradizionaleko espazioa gainditzeko eta, hala, laugarren dimentsio baterantz proiektatzeko. Teoria hori Malevitxen suprematismoan inspiratuta zegoen, eta bi artistek oinarri partekatu gisa baliatu zuten, espazioari eta abstrakzioari buruz 1956 eta 1957 bitartean paraleloan egin zituzten ikerketa esperimentaletarako. Teoria horrek ekarpen nabarmena egiten die, beraz, XX. mendearen bigarren erdiko artegintzaren lengoaia espazialei.
Oteizaren kasuan, ikerketa horietatik sortuak dira Asmo esperimentala 1956–57 idazlanaren babesean bildutako lanak. Manolo Gilen kasuan, berriz, obra abstraktuak artistaren ekoizpen artistikoaren parte txiki bat dira, baina ez horregatik garrantzi apalagokoak. Erakusketa honetan, bildurik daude Manolo Gilek teoria horrekin definitutako esparru esperimentalari jarraikiz egindako collage abstraktuak, eta ikusgai dago, orobat, bi artisten arteko harremana eta elkarrizketa jasotzen dituen material dokumentala ere. Horrenbestez, garai hartako abangoardiako artearen kapitulu ia argitaragabe bat berreskuratzen du.
Erakusketa honek argitalpen monografiko bat ere badu. Lan horretan, jasorik dago Manolo Gilek eginiko obra esperimentalen presentzia, Cambio poema bisuala erreproduzitzen da, eta Jon Echeverriak izen berarekin eginiko testu bat dago bildurik, zeinean proposamen artistiko horren garapena eta testuinguru kulturala aztertzen baitira. Era berean, baditu eranskin dokumentalak ere.

Oteiza Museoa | La Cuesta karrika, 7, Altzuza - Uharte (Nafarroa)
Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 15:00
Larunbata: 11:00 - 19:00
Igandea: 11:00 - 15:00