artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Manolo Gilen abstrakzio pilulak, "aitatxo Oteizarekin" solasean

Jorge Oteizaren eta Manolo Gil artista valentziarraren arteko harreman artistikoari eta pertsonalari buruzko erakusketa bat jarri dute Altzuzan, Oteiza museoan. Gilen 50 collage esperimental bistaratu dituzte, eta artxiboko hainbat bitxikeria azaleratu.

manolo-gilen-abstrakzio-pilulak-aitatxo-oteizarekin-solasean
Manolo Gilen 'Formen azterketa' (1957) serieko hiru collage. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Agorrilaren 21a

1955ean gurutzatu ziren estreinakoz Jorge Oteizaren (Orio, Gipuzkoa, 1908 - Donostia, 2003) eta Manolo Gilen (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1925 - 1957) bizitzak. Tarragonan (Herrialde Katalanak) izan zuten enkontrua, biak izan baitziren Antonio de la Vega, Manuel Sierra Nava eta Luis Peral Buesa arkitektoek bertan unibertsitate hiri berri bat diseinatzeko abiarazia zuten proiektuaren orbitan. Proiektuaren asmoa zen arkitektura modernoa eta artea bat eginik bistaratu zitezela lan hartan, eta, anbiziotsu, hautagaiak biltzeko lehiaketa bat zabaldu zuten. Bi-biek, Oteizak zein Gilek helarazi zituzten hainbat zirriborro deialdi hartara —Oteizari Nestor Basterretxeak eman zion haren berri—, eta aurrera egin zuten prozesuan, harik eta arkitektoen eta artisten arteko tentsioek eta gorabehera ekonomikoek proiektutik kanpo utzi zituzten arte bai Oteiza eta bai Gil. Ordurako, elkarri "ene lagun" deitzeko adinako harremana zeukaten josia artistek —horren froga da Oteizak Gili 1956ko martxoaren 7an bidalitako eskutitza—. Gutun bidez bereziki, adiskidetasun estu bat zuten trazatua. Eta, batez ere, elkarrizketa artistiko eta intelektual emankor ugarirentzako konplize bihurtuak ziren bata bestearentzat. Elkarreragina agerikoa izan zen, Gilen kasuan bereziki: arte figuratibotik kanpoko bideak esploratzen hasia zen hain justu, eta Oteizaren influentziak nabarmen markatu zuen jardun horretan. Orain, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan ikus daiteke margolari valentziarrak aldi hartan garatu zuen lanaren parte bat: 50 piezatik gora dira.

Manolo Gil 1956-1957. Elkarrizketa Oteizarekin izena du erakusketak, eta urtarrilaren 11ra bitarte izanen da zabalik. Zehazki, Madrilgo Jose de la Mano arte galeriarekin elkarlanean ondu dute mostra, haren esku baitago Manolo Gilen ondare artistiko gehiena. Ikerketa ere elkarrekin egin dute bi erakundeek. Esaterako, eskultorearen eta margolariaren arteko harremanari buruzko informazio bila, xehe aztertu dituzte bien arteko gutun eta eguneroko mordoa, eta haiei loturiko edukiak ere plazaratu dituzte erakusketan. Baita, besteak beste, Cambio poema grafikoaren jatorrizko marrazkia ere. Gilena da, "aitatxo Oteizari" egina eta eskainia.

Dena dela, Gilen collage sorta zabal batek hartzen du erakusketaren parterik handiena; hainbat hormatan daude paraturik, markoetan bilduta. 50 bat dira, abstraktuak, eta, hain zuzen, horixe bera da 1956tik 1957ra margolariak jorratutako bideen erakusle nabarmenetako bat. Argizariz, tenperaz eta teknika mistoarekin eginiko obrak daude bistara.

Euskarriari dagokionez, paperaren, kartoiaren eta paper inprimatuaren gainean egin zituen Gilek collageak —inprimatuen kasuan, zenbait idazki ere irakur daitezke oinarri gisara erabilitako orriotan, lauso-lauso izanik ere; azterketa medikoren baten emaitzak, kasurako—.

Deskonposizioei so

Artistaren bi collage serie ere badira ikusgai: Formen azterketa eta Figura erregularren kartilla. Azken horretan bereziki, irudi geometriko erregularren deskonposizioarekin tematu zen Gil. Irudiok —berdin karratuak, triangeluak, zirkuluak, pentagonoak edo hexagonoak— "irekitzen" eta haiekin esperimentatzen jardun zuen batik bat. Helburu nagusia zen aztertzea ea ateratako puskekin jatorrizko irudia berriz osatzeko ahalegin horretan zer jokamolde zeukaten forma geometrikoek. Artistak berak esplikatutakoaren arabera, koloreak "mugak nabarmenago adierazteko" baizik ez zituen erabili orduan. Ez zuen haiekin bestelako esanahirik eransteko asmorik.

Gilen ariketa haietan, argi antzeman daiteke Oteizaren eragina. Hark 1950eko hamarkada hasi berritan eginiko bi obra dira horren adibide: Heriotzatik itzultzeko figura eta Unitate hirukoitz eta arina. Irudien deseraikitzean oinarrituak izan ziren biak, gutxi-asko.

Aldiz, Gilen kasuan, abstrakzioaren bideok kasik ibili gabeak ziren oraindik —1946an obra abstraktu bat egin zuen, baina berehala utzi zuen bazter aukera hori, "erabaki faltagatik"—. Artista fidel zitzaion arte figuratiboari, eta batik bat mesfidati begiratzen zien molde horretatik kanpoko arte adierazpide askori. Hori bai: aztergai kutuna zuen arte figuratiboaren eta ez-figuratiboaren arteko tentsioa, eta haren inguruko iritzian hainbat gorabehera izandakoa zen lehendik ere.

Izan ere, ezagun dira abstrakzio ez-figuratiboari buruz adierazitako hainbat kritika. 1952an argitaratutako Arte pseudoabstracto idazlanean, zera kontatu zuen Londresko Bimpel galeriara eginiko bisitaren harira: "Badirudi honetarako [abstrakziorako] zaletasun handia dagoela egun bizi dugun sentsualitatearen garai honetan. Akaso hori gertatzen da halakoei begiratzean ez dugulako deusetan pentsatu behar [...], ez dute zuzenean izpiritura doan deus ere. Hau guztia sortzen du abstraktu deituriko arte inozo eta izpiriturik gabeko honek. Dekoratiboa eta azalekoa besterik ez da. Ez du intentziorik, ez du mezurik, ez du adimenik".

Hain justu ere, artearen molde abstraktuei buruzko ikerketan buru-belarri ari zeneko aldiarekin kointziditu zuen Oteizarekin izandako topaketak, 1955ean. Hura ezagutzeak ez zizkion erabat desegin abstrakzioarekiko errezeloak —"Agian gauzak irudikatzea maite dut", aitortu zuen gerora ere—, baina, dena dela, oriotarra ezagutzeak nabarmen animatu zuen esperimentatzen segitzera.

Biak ziren praktika artistikoak ikerketa eta gogoeta teoriko sakonekin uztartu zaleak. Gilen antzera, Oteiza ere guztiz murgildua zegoen ikerketan, laborategi esperimentalean sartuta batez ere. Eta, une hartan, hainbestekoa izan zen margolariaren eta eskultorearen arteko elkarrizketek emandako fruitua, ezen adostasunera iritsi eta lau eskutara idatzi baitzuten Teoría del Espacio Trimural idazkia(Espazio Trimuralaren Teoria). Horretan, koloreek eta forma geometrikoek planoan aurrera-atzera mugitzeko duten gaitasunari buruzko azterketa zientifiko eta arrazionala plazaratu zuten bi artistek, eta, besteak beste, Kazimir Malevitx artistaren eragina suma dakioke lan horri —zuzenean ere egiten diote aipamena—.

Azkenerako, ezin

Bizialdi laburra izan zuen Gilen eta Oteizaren arteko harremanak. Artista valentziarra 1957ko udan hil zen, espero gabe, pankreatitis batek jota. Ondorioz, azkenerako, bere bide artistikoa nahi adina garatu ezinda gelditu zen Gil. Hil aurrean idatzitako gutunek eta garatutako obrek agerian uzten dute eskuetan zituen proiektuek bereziki motibatzen zutela. Teoria sakon garatu ondoan, gogoz zen praktikarako.

Preseski, hori helarazi zion Oteizari 1957ko ekainaren 23an datatutako eskutitz batean. "Uda hau bereziki esperantzatsua da niretzat. Atzo 32 urte bete nituen (adin lotsagabekoa naiz, zure ustez)", esan zion aurrena eskultoreari, eta zera aitortu zion segidan, Espazio Trimuralaren Teoriaren harira kolorearen aukeretan arakatzen ari zela kontatzen ari zitzaiolarik: "Zaila da, baina ederra ere bai, deabrua! [...] pozik nago, pinturaren esentziatik abiatzen naizelako: koloretik. Kolorea, Jorge, Forma bezain aszetikoa da. Koadroaren elementu guztien egokitasunak dakar aberastasuna. Ai! Pozik nago, Jorge".

Gil handik bi hilabetera zendu zen, abuztuaren 31n. Gerora, Oteizak izena aldatu zion urte hartan bertan Sao Pauloko (Brasil) biurtekoan aurkeztutako Malevitxen omenez obrari, adiskidea akorduan. 1989tik aurrera, Manolo Gil margolariaren omenez deitu zion eskulturari.


mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.