Zuhaitz bat basoan erortzen da
Glenda León
2026ko Ekainaren 18tik
2026ko Irailaren 27ra

Glenda León diziplina anitzeko sortzailea da, eta nazioartean ibilbiderik eta proiekziorik handiena duen artista hispanoamerikarretako bat da. Bere praktikan instalazioa da nagusi, baina era askotako lengoaiak erabiltzen ditu: argazkigintza, pintura eta musika, literatura eta dantzarekin lotzen diren bideosorkuntzak. Bere lanak ibilbide emozional ugari ditu, metafora kontzeptual sofistikatuekin lotuta. Sinbiosi hori tentsioz beterik dago, eta espektro sortzaile berezi bat sortzen du, erraz ezagut daitekeena.
Erakusketak, beraz, "kontzeptualismo sentikor" hori erakusten du, artistaren lana definitzen duena. Artistarentzat entzuketa ez da ekintza fisiko bat soilik, kontzientzia-forma bat baizik. Horregatik, bere praktikan, soinua eta isiltasuna tresna bihurtzen ditu ikusezina, espirituala eta politikoa dena hautemateko.
Erakusketaren izenburua, "Zuhaitz bat basoan erortzen bada eta inor ez badago entzuteko", errealitatearen eta pertzepzioaren arteko harremanari buruzko dilema filosofikoa da, eta esperientzia sentsorial hori islatzen du. Kanpoko eta barruko zarataz gainezka egon arren entzuteko gai ez den mundu baten aurrean, Glenda Leónek isiltasuna proposatzen du espazio aktibo gisa. Erronka horrek gorputzarekin eta ingurunearekin berriz konektatzera gonbidatzen du, inor ohartu gabe erortzen den zuhaitz hori egungo gizartearen eta gizabanakoen metafora bihurtuz.
Hortik abiatuta, proiektu hau entzuketa berritu baten aldeko apustu bat da, horrek gaitasuna emango baitigu gertatzen denari zentzua emateko, ezkutuan dagoena agerian jartzeko eta pertzepzioa ezagutza-modu bihurtzeko.
Erakusketa kontu handiz egituratutako ibilbide bat da, eta elkarren artean lotutako hainbat gune tematiko zeharkatzen ditu. Horien bidez, Glenda Leónek zalantzan jartzen ditu hala aldez aurretik esleitzen zaigun identitatea, nola mundua ulertzeko eta bertan bizitzeko dugun modua.
Batzuetan, politika eta gizartea daude abiaburuan, bizitza garaikidearen tentsioak aztertzen dituzten Mundu politikoa, Joko-zelaia eta Udako ametsa lanetan.
Besteak beste, polarizazio ideologikoa, botere-mekanismoak, zentsura, aurrerapenaren paradoxak eta arlo kolektiboan eta intimitatean dauden gatazkak dituzte aztergai.
Erakusketa honetan, dualtasun batzuk oso nabariak dira, eta Glenda Leónek sekula ez ditu dogmatikoki konpontzen. Berea diskurtso sotila da beti, eta galde egiten du arlo espiritualez eta praktikoez, errealitatearen soinuaz eta itxuren bistaratzeaz. Tximeleta-efektua, Ikusezinari buruz eta Munduaren inguruak piezek zalantzan jartzen dituzte ikusten dugunaren eta ustez ikusten dugunaren arteko mugak. Horrek guztiak bat egiten du obra nuklear batean, Mundua pianorako interpretatuta izenekoan. Bertan, Braillen idatzitako jainkoen izenak pianoan interpretatutako partitura gisakoak dira.
Hor, berriz, ikusgarria eta ikusezina, entzungarria eta entzunezina aritzen dira, irudi eta soinu berri bat eraikiz. Zeruko gorputzak, Arin bidaiatzea eta Ispilatzea lanekin osatzen da ibilbidea. Aurreko guztiaren sintesi gisakoak dira, eta eskutik helduta eramaten gaituzte azken piezara: Conversio, artistaren pieza berrienetako bat. Performance/instalazio horrek aurrez jorratutako gai asko biltzen ditu, eta kultura, egoera eta mundu garaikidea ikusteko modu desberdinen arteko elkarrizketa sortzeko gai den hausnarketa-sistema bat eraikitzen du.
Unibertso horretan guztian, umore dotore eta ironia arinaz gain, erudizio-puntu bat dago, harrokeriarik gabekoa. Glenda Leónen lanak era berean eskaintzen ditu zentzua eta edertasuna, jakintza eta intuizioa, kontzeptua eta sentsualtasuna. Eraikitzen duen misteriozko giroan, batera agertzen dira baikortasuna eta esperientzia sentsorial bizi bat.
Zuhaitz bat basoan erortzen da Glenda Leónen bakarkako lehen erakusketa izango da Bilbon, baina ez da Azkuna Zentroan bere lana erakusten duen lehen aldia. 2019an, Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, zeinak artearen eta literaturaren arteko sinbiosia landu zuen, 13 artistaren begiradaren bidez.

Azkuna Zentroa | Arriquíbar Plaza, 4 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
Asteartetik igandera, 11:00 - 20:00


