artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin
Juan Mieg. Arg/ Zaldi Ero - ARGIA CC BY-SA

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Carmelo Ortiz de Elgea zenak behin eta berriz eta askotan esan zidana: "Juanekin hitz egin behar duzu".

Oso lagunak ginen. Bata bestea ezagutuorduko egin ginen lagun. 1960ko hamarkadaren hasierako kontuak. Zineforum batean izan zen, orduko Aurrezki Kutxa Probintzialak Foru kalean zeukan aretoan. Han zebilen Koldo Larrañaga ere. Apaiz zen Legution (Araba). Foruma ez zuen berak gidatzen, baina hantxe zen. "¡Siento disentir!" [Ez nago ados!], esaten zuen, euskararen azentu gogorraz. "¡Siento disentir!". Jatorra, Larrañaga. Azkena, bere iloba hartu eta bizi zen herrira [Kaizedo] joan nahi izan nuen, bisitan, baina ez nintzen garaiz ibili. Lehenago hil zen.

Zerk batu zintuzten Carmelo Ortiz de Elgea eta zu?

Pinturak, gauzak ikusteko moldeak, errebeldiak… Horiek denak, eta bakoitzaren independentziak. Oso gauza berezia zen.

Gasteizko udal arkitektoa zenuten aita, Miguel Mieg, eta Arkitektura ikasketak egiten hasi zinen zeu ere…

Egia esan, nik ez nekien zer ikasi nahi nuen, baina aita arkitektoa zen; anaia bat ni baino bi urte zaharragoa, arkitektoa. "Nik arkitektura ikasi? Aurrera!" esan nuen, eta hasi nintzen. Lehenengo, Madrilen egon nintzen, marrazki akademia batean [1954-56], Arkitektura Goi Eskolan sartu aurretik marrazkia lantzen. Hantxe ematen nuen eguna, eta zoragarria zen.

Baina, hurrena, Bartzelonara joan zinen…

Bai, Arkitekturako irakasgaiak errazago zirelako. Tartean, urte bat Zaragozan (Aragoi) egin nuen, Arkitektura ikasketen barruan Geometria Analitikoa gainditu beharra zegoelako, eta Zaragozan Plans jauna zelako irakasle, ikasgaia primeran esplikatzen zuena. Plans irakasle zela, aise gainditzen zen gaia. Eta horixe egin nuen: joan eta gainditu.

Bartzelona.

Han, ikasleen egoitzan, mallorcar bat ezagutu nuen, Mario Bonet, oso morroi interesgarria. Haren bidez, hainbat artista katalanekin bat egiten hasi nintzen: Tharrats, Vallés, Cuixart... Garaian, formalismo katalana gorenean zegoen. Tapiesekin ez beste guztiekin egon nintzen. Esate baterako, askotan joaten nintzen Tharratsen etxera, eta hitz egiten nuen honetaz eta hartaz.

Eta, 1960an, Bartzelonan bertan erakutsi zenuen lehen aldiz zure lanetako bat. Ondoko urtean, beste erakusketa batean parte hartu zenuen. Eta baztertu zenituen arkitektura ikasketak…

Pintatzen hasi nintzen eta. Horrexek asebetetzen ninduen, pintatzeak. Ikasketak egiten hasteko onartze urtea burutzeko ikasgai bat geratzen zitzaidan, baina bertan behera utzi nuen hura. Garai hartan, arkitektura karrerak hamar urte-edo irauten zuen, baina, ordurako, nik marrazki akademian sartuta ematen nuen eguna. Oso ongi marrazten nuen, eta hantxe.

Zer esan zizuten gurasoek arkitektura uztean?

Bartzelonatik Parisera joan nintzen, zuzenean, etxean ezer ez zekitela. Gero, pintatzen serio nenbilela ikusi, eta poztu ziren.

Hau eta hura irakurtzen jardun dut, eta ez dut zuen amaren berririk inon irakurri. Zein zen Solozabal hura?

Faustina Solozabal. Ermukoa (Bizkaia).

Euskalduna, inondik ere.

Bai, bada! Gure amak primeran hitz egiten zuen euskaraz. Baina ez zigun erakutsi. Garai hartan gauza oso gaizki zegoen hemen, Gasteizen. Amak ez zigun euskaraz hitz egin, eta guk ere ez genuen ikasi. Faustina Solozabal Totorika zen gure ama. Kalean jaioa, ez baserrian. Anaia bat zuen Madrilen palista ibilitakoa. Beste bat, puntista, Manilan-eta. Iloba bat ere izan zuen puntista ona: Alex, AEBn-eta jokatu zuena.

"Gure amak primeran hitz egiten zuen euskaraz, baina ez zigun erakutsi"

Juan Mieg. Artista

1938an jaio zinen, gerra garaian. Gasteizen arin batean nagusitu ziren matxinatuak, tirorik ere ez omen zen izan kasik.

Behin, kontatu zidaten Andre Maria Zuriaren plazan irakurri zutela [gerra] aldarria, eta irakurri zuena dardaraka zegoela.

40 urteko diktadura gogorraren hasiera. Garai latzak...

Diktaduraren atzaparrak toki guztietara heltzen ziren. Ez zegoen hark kontrolatzen ez zuen zokorik. Gerra sartu zenean, aitak Dominikar Errepublikara alde egitea ere pentsatu zuen. Ia hantxe jaio nintzen! Tartean, lagunen batek udalak arkitektoa izendatzeko oposizioa deitu zuela jakin zuen, aurkeztu zen, eta plaza atera. Gogoan dut esaten zuela frankismoa etorri eta bukatu zela arkitektura. Dena zen inposizioa!

Zer dago idatzirik zuen aitaren gainean?

Nik dakidala, ezer ez. Bere lehen lana Aurrezki Kutxaren [Foru Plaza, Gasteiz] eraikina izan zen. Altzariak eta dena diseinatu zituen.

Non jaio zinen?

Manuel Iradier kalean, 16. zenbakian, alboetan kristalak dituen etxean, Amarica plaza parean. Jaio nintzenean, kontratistak biltzeko tokia zen plaza hori; bateko hondarra, besteko kamioiak…

Arte areto bikaina egon zen Amarica plazan.

Pikutara joan zen! Itxi egin zuten! Nola liteke, ordea, halako areto ederrik ixtea? Udal Aurrezki Kutxak ere bazuen erakusketa areto bat, baina itxi zuten hura ere. Eta beti berdin, beti horrela. Ez dago ezer.

Zuen garaian, artista hazitegia zegoen Araban. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak ikustekorik duen ez dakit…

Bai, bada! Hortik atera ziren hemengo artistak! Orain ez da artea sustatzen, ezta bertako artisten lana ere. Artiumek [Arte Garaikideko Museoa, Gasteiz], adibidez, ez du Arabako artistei eskainitako aretorik. Bertako artistari bizkar emanda bizi dira [erakundeak]. Artisten, berriz, ahal duenak ahal duena egiten du. Oraingo hau desertua da. Gu hasi ginenean, giroa borbor zegoen. Egia da borroka gogorra egin behar izan genuela. Gogoan dut gure lagun batek –Javier Serrano, arte kritikaria–, egunkarian idatzi eta ezker-eskuin banatu zuela egurra. Gasteizen garai hartan Pajarita taldea zegoen, pintura duina egiten zuten, baina iraganekoa, eta mugimendua sortuko bazen, bazterrak nahastu beharra zegoen, lixiba eman beharra. Eta halaxe sortu zen mugimendua. Bagenuen kezka, bagenuen ezinegona… Orain, berriz, halakorik ez dago.

Artistak besterik…

Jakina! Hori ez da inoiz amaitzen.

Itzul gaitezen Arte eta Lanbide Eskolara…

Corazonistas ikastetxean ikasten ari nintzela [1953], handik lehenago irten eta Arte Eskolara joaten nintzen, ikasle libre, marrazten ikastera. Hantxe zeuden [Mariano] Basterra eta [Miguel] Jimeno [de Lahidalga], irakasleak. Jimeno oso dialogantea zen eta Basterrak, aldiz, ez zuen hitzik egiten. Etortzen zitzaizun… eta bateko zirrimarra eta besteko zirriborro, marrazkia izorratzen zizun: indar-lerroak markatzen zizkizun, marrazkiak nondik jo behar zuen seinalatzen zizun, eta horixe ikasten zenuen harengandik. Besteagandik beste gauza batzuk ikasten zenituen.

Gasteiz, Madril, Zaragoza, Bartzelona… Parisen ere ibili zinen 1963an, artea egiteko modu berriak ikusten eta ikasten, eta urte hartan bertan, Arabako Arte Lehiaketan parte hartu zenuen Gasteizen. Baita ondoko urteko Lehen Urteko Plastikan ere. Orduko anekdota da artistok Plaza Berrian erakutsi zenituztela lanak, eta ikusleek ez ziotela zurea ukitzeari uzten…

Eta kendu behar izan nuen erakusketatik. Horretaraz gero, Artiumen kuadro bat daukat, askotan erakusten dutena. Baten bati arreta eman zion lan hark, artean fresko zegoela, eta hantxe du marka oraindik. Bere horretan utzi nuen.

Erakusketa gero baino gero eder eta handiagoak han eta hemen, eta 1966an Arabako Orain taldea osatu zenuten, Euskal Eskolaren barruan. Carmelo Ortiz de Elgea, Joaquin Fraile, Alberto Schommer, zu zeu...

Mugimendu hura oso gauza inportantea izan zen, artistok bildu egin gintuen-eta. Indarra eman zigun, eta bestela gure obra erakutsi ahal izango ez genuen tokietan erakusketa aukera eman zigun.

Garaian ezagutu zenituen batzuk eta besteak. Remigio Mendiburu, esaterako.

Lagun ona.

Eta Nestor Basterretxea.

Oso pertsona ona, eta oso atsegina.

Eduardo Txillida.

Jatorra.

Jorge Oteiza…

Egoskorra. Eztabaida asko izan nituen Oteizarekin, eta modu txarrean despeditu ginen. Handik urteetara, ordea, lagun egin ginen berriz. Poema liburua eskaini zidan, laudorioz beterik ari zitzaidan.

Jose Luis Zumeta.

Laguna.

Rafael Ruiz Balerdi.

Adiskide mina.

Jose Antonio Sistiaga.

Nire onetik ateratzen ninduen.

Amable Arias…

Amable Ariasekin gutxitan egon nintzen.

"Neure onetik ateratzennau obra esplikatubehar horrek"

Juan Mieg.

Eta, artista horien denen artean, zer dela-eta nabarmentzen da Oteiza?

Bera zen taldeko teorikoa, berak ekin zion kultura eraberritzeari. Oso ondo prestatuta zegoen. Madrilen ginela, Oteiza hara joan zen, eta berak erakutsi zigun. Euskal Herrira etorri zitzaigunean, berdin, gu hasiberriak ginen, gazte eta berde, eta ez genekien ezer. Edo gutxi. Oteiza jenio hutsa zen, aparta.

Emakumezkorik ez zen zuen artean?

Orain taldean, behintzat, ez. Gero, Juncal Ballestin etorri zen, baina, luzaro, emakumezkorik ez zen izan gure inguruan. Emakumea beste nonbait zegoen, edo ezarri zuten: etxean, etxeko lanetan.

To eta no! Inork baino hobeto adierazi du zure esan hori Amaia Lasa poetak Lur arrotzak liburuan. Bizitza: agerikoa, pribatua duzu poemaren izena, eta bertan, zati hauxe: "Arrak ziren pentsalari batzuek / bizitza publikoa / pribatua eta ezkutukoa / bereizten irakatsi ziguten, / bizitza ororen osotasun orekatua / hamaika mila pusketetan hautsiz. / Emakumea / bizitza pribatuko zoko ilun / isilera zigortua / ezkutuko domeinuetara jaurtikia / Agora orotik at", Eta segitzen du Amaia Lasaren poemak.

Zuzen ari da.

Orain taldeak manifestua kaleratu zuen: "...Lehenengo suposizio artistiko gisa, borondate esperimental bat adierazten dugu, ikerketa eta formula artistiko zaharkitu, erreakzionario eta akademizatu guztiak gainditzeko nahia. Ez dugu patroi kosmopolitarik nahi, gure herrian integratuta segitu nahi dugu, kultura garaikide bat eta kultura-ondasunen banaketa bidezkoago bat lortzeko asmoz. Justizia hori premia larria da dagoeneko. Artea eta kultura guztiontzat dira. Artea eta kultura egunero dira". Hor bada konpromisorik.

Jakina dagoela konpromisoa. Garaian, kultur asteak egiten ziren han eta hemen, eta hantxe izaten ginen gu ere. Orain taldea fronte kultural bat zen, kasik. Toki guztietan geunden.

Toki guztietan… Bai 1971n Barakaldoko Udalak (Bikaia) antolatutako Euskal Artearen Erakusketan, bai 1972an Iruñean egindako Alea Topaketetan, Huarte familiak Iruñean diruz lagundutakoetan...

Iruñekoa ere oso inportantea izan zen. Santiago Amon, geroan El Pais-en arte-kritikari izan zena, hona ere etorri zen, eta hainbat artista hautatu gintuen. Topaketek bide berriak zabaltzen laguntzen zuten. Gogoan dut amerikar bat –oso artista ezaguna–, kontzertu bat egin zuena: zulatzeko makina hartu, sintetizatzailea ere bai, eta hantxe hasi drrrrr! drrrr! drrr!… Bi ordu ere egin zituen zarata ateraz, espazioa guztiz okupatzen. Zaratots hark ez zuen arnasa hartzeko zirrikiturik ere uzten… Hasieran, ez zegoen asmatzerik zer asmo zuen, baina aditu ordu bat, aditu bi eta, halako batean, esaten zenuen: "Badakit zer esan nahi didan!".

Behin eta berriz eta askotan esaten da zaila dela artistaren mundua: prekarietatea eta beste. Tira, Asun Garikano euskaltzainak "miseria" hitza darabil...

Garai onak eta garai latzak dira. Jota bazaude ere, eutsi beharra dago, eutsi, eta aurrera segi. Hasten zarenean, ez dakizu zer datorkizun, egin nahi duzuna besterik ez duzu ikusten. Horrexek mugitzen zaitu. Oso latza da. Baina mugitzen ginen, eta beti ateratzen zen zer edo zer. Gero, [1977] Orbegozo Fundazioa etorri zen. Hura desastrea!

Desastrea?

Fundazioa gestionatzen zutenak desastre hutsa ziren. Dirua, nahi beste erabiltzen zuten. Oparo ordaintzen ziguten. Harik eta, egun batean, kobratzera joan, eta dirurik ez zegoela esan ziguten arte. Pikutara fundazio hura! Eta Euskal Eskolak ere horregatik ez zuen iraun, ezin izan ziolako bere buruari ekonomikoki eutsi. Hura eten zenean, zeharo hutsik gelditu ginen, eta hutsetik hasi behar izan genuen berriz ere. Neke da beti horrela ibili beharra.

Pentsatu duzu inoiz "arkitekto egin izan banintz, tarte libreetan margotu..."?

Ez, baina esango dizut: Euskal Eskolaren erakusketa egin eta laster ezkondu nintzen. Handik gutxira, anaiaren estudioan laguntzen jardun nuen, lanean, diru pixka bat irabazteko.

Bitartean, pintatu egin duzu zeure bizi guztian, marra bat hemen, kolore bat han...

Inoiz ez dut a priori-rik ibili lan bat egiteko garaian, ez ideologiarik, ez ideiarik ere. Inoiz ez diot neure buruari esan: "Halako egitera noak!". Ez. Mihise zuriaren aurrean jarri, eta ateratzen zaidana pintatzen hasten naiz. Pintatu ahala, mihise zuria zena matizeak bereganatzen hasten da, formak, segurtasuna… eta orduan esaten duzu: "Hemendik zuzen noak, ongi ari nauk!". Eta segitzen duzu, harik eta puntu batera heltzen zaren arte: "Badirudi hemen besterik ez dagoela". Eta baliteke obra hartan urrunago joaterik ez egotea! Edo baliteke, hurrena, obra hartara itzultzea, eta orraztea!

Nekagarria iruditzen zait.

Ez, ez da nekagarria. Nik horrelaxe pintatzen dut. Ez duzu buruarekin pintatzen, uste horiek albo batera utzita baizik. Horrela jardunez gero, pinturak ez zaitu nekatzen, ez da nekagarri, ez estresagarri ere.

"Oteiza zen taldekoteorikoa, berak ekin zion kultura eraberritzeari;jenio hutsa zen"

Juan Mieg.

Pintatzen segitzen duzu?

Ez.

Noiz utzi zenion margotzeari?

Urtarrilean.

Zer dela-eta?

Mugitzeko zailtasunak ditut, eta ezegonkortasuna. Erori egiten naiz. Etxean erorita nago, baita kalean ere. Estudioan ere bai…

Zer dago margotzeari utzi eta gero?

Dago betikoa, eternoa: margoaren forma, funtsezko den hori.

Zure kasuan?

Neure burua, neure bidea… Nire modura ez da ni beste inor espresatzen. Nire pintura neugandik dator. Horixe babestu, zaindu eta garatu dut. Neure pintura, besterik ez dut egin.

Zeure pintura...

Estudioa ikusi nahi duzu?

Bai horixe!

Nire gainbehera ere ikusiko duzu bertan…

___________________________

Konpromisoa

"Gutxi zapaldu dut politikaren arloa, baina Patxi Bisquertekin batera ibili nintzen Gasteizen, hura hemengo ETApm-ko buru zenean eta ni bertako juntakoa. EIAren hastapenetan ere ibili ginen. Autoa nuenez, Gipuzkoako batzarretara joaten nintzen, Beasain aldera-eta. Hurrena, ordea, zenbait jende PSOErekin bat eginda zebilela jakitean, Madrilen erakusketa nuela baliatu, eta dimisioa eman nuen. Erakusketa hura niretzat oso gauza inportantea zela, eta baztertu nintzen".

1976,martxoak 3

"Hagin bat atera zidaten egun hartan. Egun zailak izan ziren Gasteizen. Alaba txikia genuen eta, hilaren 4an, gurasoen etxera neraman, eskutik helduta. Dato kaletik pasatu behar genuen eta, han, grisak kale-izkina guztietan. Eta alaba dardaraka. Zaramagako panorama, berriz, danteskoa zen, gerrakoa

—Hura pinturara eramateko intentziorik ez zenuen izan?

—Ez. Gauza diferenteak dira. Bata, bizitzaren gorabehera latza izan zen; bestea, zeure bidea da".

AZKEN HITZA

Obra esplikatu. "Neure onetik ateratzen nau horrek. Artiumera joan, eta monitorea bisitariari lan bat esplikatzen ikustea. Zer esplikatu behar duzu? Hortxe dago obra, kito".

___________________________

Juan Mieg Sorozabal (Gasteiz, 1938)

Artista plastikoa. Gure arte garaikideari ekarpen handia egindako pintorea. Ikusi orduko ezagutu ohi ditugu bere lanak, forma geometrikoak, lerro zuzenak eta kolore biziak bitarte. Obra "kontsistenteak", berak esan digunez. Iragan mendeko 1960ko hamarkadaz gero, eta oraindaino, ez dio utzi pintatzeari. Hainbat erakusketa egina da gurean nahiz erbestean, eta hamaika sari handi jasotakoa dugu; horien artean dira Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria (1982), eta Arabako Foru Aldundiaren Urrezko Domina (2008).Aspaldi zor genion elkarrizketa, Carmelo Ortiz de Elgeak esandakoa betez: "Juanekin [Mieg] hitz egin behar duzue!". Eta halaxe.


donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.