artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Lapurretak

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

lapurretak
Auguste Renoir (1841-1919), Colonna Romano anderea, 1910 ing., 94 x 74 cm, eta Emakume gaztea putzuan, 1886, 35 x 27 cm. © Cagnes tourisme CC BY-SA 4.0

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Argi dago zenbait taldek, Louvren sartzeko erraztasuna ikusita, museo txikiagoetan oraindik sinpleagoa izan behar zuela pentsatu zutela, eta ez ziren oker. Prozedura antzekoa izan da gehienetan: jende gutxi eta ongi antolatua, sarrera azkarra eta ihes azkarragoa, zenbaitetan bidean zerbait utzita ere bai.

Askotan, Louvren bezala, bitxiak izan dira lapurtutakoak, urrezkoak batik bat, urtu eta materiala erraz saldu daitekeelako. Hala izan da Langresen, non txanpon bilduma bat eraman zuten iazko urrian; edo Chatillon-sur-Seinen zein Villenan, non historiaurreko altxor bakan eta ikaragarri baliotsuak lapurtu dituzten uda honetan. Hunkitu egin ninduen Villenako biztanle bat telebistaren kameren aurrean malkoei ezin eutsirik ikusteak, euren historiaren eta identitatearen parte bat galdu zutela esanez.

Zenbaitetan, aldiz, margolanak dira eramandakoak. Abuztuan, Sizilian, Antonello de Messinaren errenazimentuko lau lan aipagarri lapurtu zituzten, teknika azkar eta garbiz. Parman, aldiz, modu primitiboagoan aritu ziren: traktore bat Magnani Rocca fundazioaren ateen kontra jo zuten, eta lau lan inpresionista eraman zituzten. Gauza bat argi geratu da: museoetan sartzea ez dela uste zena bezain zaila, batez ere azkar eta helburu zehatz batekin egiten bada. Ikusi denez, museo txikiek dute arriskurik handiena, museo nagusiek segurtasunean inbertitzeko diru gehiago izango baitute. Eta urtu, desmuntatu eta atalka sal daitezkeen piezak izango dira bilatuenak, azken finean, artelan ezagunak merkatu beltzean saltzea ez baita hain erraza.

Hori etorri zait burura azken lapurreta ospetsuarekin bat: irailaren hasieran Cagnes-sur-Mer-eko Renoir museoko bi lan eraman dituzte, beste bi bidean utzita. Horri buruzThe Guardianegunkariko Eddy Frankel kritikariak umorez betetako artikulu bat argitaratu du: Louvren lapurtzea ulergarria da, baina Renoir museoan? Zeinek nahi ditu Boris Johnsonen antza duten umeak eta txokolate kutxak apaintzeko moduko eszenak dituzten pinturak? Lapurtutako bi lanen azterketa egiten du eta, egia esan, zaila da ulertzea zeinek ordainduko dituen milioiak horiek bere etxeko zoko ezkutu batean zintzilikatzeko, zinez baitira itsusi eta erdipurdikoak. Batek daki, agian hilabete batzuen buruan museoaren atean agertuko dira margook, ume abandonatuak nola, lapurrak ezin saldu dabiltzala. Edonola ere, hori da museo txikien esperantza: lapurrek gustu txarra izatea eta garrantzi kultural handia ez duten gauzak eramatea.


ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 08ra

argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.