artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Goya beltza, Motherwell beltza, laurogei desastre eta amildegi bat

2026ko Maiatzaren 16tik
2026ko Irailaren 27ra

goya-beltza-motherwell-beltza-laurogei-desastre-eta-amildegi-bat

Komisarioa: María Bolaños

GOYA, GURE GARAIKIDEA

Museoak berriki eskuratutako bildumetako bat aurkezten du: Francisco Goyaren Gerrako hondamenak, Napoleonen inbasioaren aurkako gerrako (1808-1814) gertaera odoltsu eta tragikoei buruzko 80 estanpa. Obra, ordea, harago doa, zeren, bere mendekoa izaten jarraitzen duen arren, gainditu egiten baitu marko historiko hori, eta irudiak, biziak eta zirraragarriak, mugarri bihurtu baitira munduko indarkeriaren eta sufrimenduen historian: Goyaren Hondamenetan, gure hondamen garaikideak ere aurkitzen dira.

Bere jenialtasun bakartiarekin, Goyak auzi guztiz berrietara ireki zuen artearen ulermena, eta modernitatearen maisu eta eredu etiko gisa nabarmendu zen. Horregatik eman nahi izan zaio ahotsa, hemen, Goyaren eta garaikidetasunaren arteko zubiari, eragin hori modu eredugarrian irudikatzen duten margolari baten eta obra baten bidez.

Hautatutako obra Iberia da, Robert Motherwell espresionista estatubatuarraren mihise handi abstraktu bat. 1958an margotu zuen, Espainian egindako bidaia baten ondoren, non Pintura Beltzetan deskubritu zituen kutsu tragikoek barru-barruraino hunkitu zuten. Mihisea, misteriotsuki beltza, Hondamenen kontrapuntu sakon eta solemne gisa ageri da, haiekiko elkarrizketa isilean.

Bisitaria, horrela, indarkeria esplizitutik kontenplazio emozionalera igarotzen da aretoan barrena, bizitasun narratibotik hizkuntza abstraktura, zalaparta eta iskanbilatik erabateko isiltasunera, tintaren beltzetik olio-pinturaren beltzera.

1. Gerrako hondamenak (1810-1823)

Gerra piztu zenean, Goyak ospe ukaezina irabazia zuen jada eszena herrikoien egile gisa, Erregearen margolari gisa eta erretratugile gisa. Haren ideal ilustratu eta liberalak sendotzen joanak ziren, eta haren asmamen kartsua gero eta modu erradikalago eta desafiatzaileagoan ari zen agertzen, espresionismo gero eta ilunago batez.

Estanpa hauek marrazten eta grabatzen eman zituen urteak gaixotasun-, isolamendu- eta samintasun-garaiak izan ziren berarentzat. Gertakarien gordintasunak hunkituta, Goyak libre utzi zuen bere aldarterik asaldatuena, existitzen zen pintura guztiaz harago joatera menturatuz.

Gerrako hondamenek arteak inoiz imajinatutako giza krudelkeriarik handiena irudikatzen dute. Borroka handi eta balentria heroikoen ordez, gerraren bazterretan agertzen diren anarkia eta ankerkeria deskribatzen dituzte, gizon-emakume anonimoek, "izengabeek", pairatzen dituzten sufrimendu pertsonal ezin latzagoak, beste norbanako batzuk bortxatzen, torturatzen, arpilatzen, mutilatzen eta umiliatzen dituzten norbanakoak.

Gerra "asimetrikoen" basakeria mugagabearen paradigma dira, non indarren desorekak areagotu egiten dituen mendekua, ergelkeria eta aberekeria alferrikakoa. Eta, goragoko plano batean, hausnarketa existentzial bat ere osatzen dute, giza izaeraren alderdirik txarrenaren eta muturreko egoeretan gertatzen den zentzu moralaren galeraren inguruan.

Goyak ekimen pertsonalez gauzatu zuen bilduma hau, ia ezkutuan, material birziklatuak eta bitarteko mugatuak erabiliz. Ez zuen inoiz argitaratu, ongi ulertu baitzuen zer arrisku ekar zezakeen obra hura errepresio absolutista betean zabaltzeak. Bera hil ondoren eman zen argitara, 1863an, eta orduan ezarri zitzaion bere behin betiko izendapena.

2. Lekukoaren etika

Goyak bere eszenen egiazkotasunaren berme erabatekoa eskaintzen digu. Madrilen, adibidez, gosez hiltzen ikusi zuen bere ikasle bat, eta, Zaragozarako bidaian, ihesi zihoazenen izuaren lekuko izan zen; bere obretan, kanoiak jaurtitzen zituzten emakumeak marraztu zituen, eta soldadu frantsesen hilotzak arrastaka zeramatzaten mutilak. "Neuk ikusi nuen" dioenean, alegiazko irudikapen bat egiten ari da, baina baita honako hau esaten ere: "Gauza hauek guztiak gertatu egin ziren".

Lekukoaren etika horrek irismen politiko erabakigarria du. Krudelkerien kontaketan, Goyak errukirik gabeko presioa eragiten du ikuslearen sentsibilitatean. Begiradari eustera derrigortzen du, eta atalase aztoragarri batean kokatzen du: zergatik jarraitzen dugu sor eta lor begira, begirada apartatu nahi genukeenean? Besteren minaren kontenplazioari buruzko auzi hori grabatuetan beretan agertzen da: lintxamendu bat ikustera etortzen diren begiluzeak, gertatzen dena ez ikustearren aurpegia estaltzen duen biktima, hilotzak hobi batera botatzen dituzten bitartean sorgor begira geratzen den gizona (Goya, beharbada).

3. Matxinadaren keinua

Gerrari buruzko kontakizun eta lekukotasunetan, Robert Southey poeta erromantikoarenetan adibidez, askotan aipatzen dira emakume espainiarren ausardia, borrokan "basapiztiak" bezala jarduteko zuten prestasuna, gerran borrokatzen ziren gizonei ematen zieten adorea: "Egoerak beren berezko izaeraren mugak gainditzera eta gizonen bertuteak praktikatzera behartzen dituenean, [emakumeek] goren mailan jarduten dute; eta, behin haiengan sentimendu patriotikoa pizten denean, bere gorengo adierazpen heroikora eramaten dute". Zaragozaren setioan bakarrik, seiehun bat emakume eta haur hil ziren, hauxe izan baitzen gerraren ezaugarrietako bat: herritar zibilen borrokarako gogoa. Xehetasunak bisualki atxikitzeko duen ahalmen miragarriari esker, Goyak matxinada-uneak harrapatzen ditu, borrokaren une gorenean: aurpegi itxuragabetu eta basatiak, harriekin eta aizkorekin egindako eraso bortitzak, soin biluzien arteko norgehiagokak, buruz buruko borrokak, etsi-etsian emandako kolpeak. Eszenak kemenez eta asalduraz beteta daude, eta keinu eta jarrerek amorrua, izua, ausardia eta ahalegina salatzen dituzte.

4. Gorputzak: izugarrikeriaren materia

Ankerkeriak areagotuz joan ziren gerrak aurrera egin ahala, eta Goyak bere bildumako gai nagusi bihurtu zituen giza gorputzak: zuhaitzetatik eskegitako gorpu mutilatuak, anputazio beldurgarriak, hilotzen profanazioa, arrastaka eramandako eta zutoinetan sartutako gorpuak, suteak, urkatzeak, zikiratzeak eta larri zauritutako gizonak, presaka artatuak berehala frontera itzultzeko. Eta, maiz, emakumeen bortxaketak, ekintza betean harrapatuak; delitu hori, ordura arte, ez zen inoiz arteetan hain esplizituki erakutsi, eta margolariak indarka ari diren gorputz korapilatuen bidez deskribatzen du, beren harrapakinaren gainera oldartzen diren soldadu amorratuen eta beren burua etsi-etsian defendatzen duten emakumeen bidez.

Paraleloan, Goyak "krudeltasun tekniko" moduko bat eransten dio eszena bakoitzari, non izugarrikeria tintaren trazuen indarrean proiektatzen den, non paper gaineko sigi-sagek eta marrek bat egiten duten zauri eta urraketa fisikoekin. Esan genezake pintoreak ez duela soilik hondamena irudikatzen, baizik eta irudia bera hondamen bat dela, esperientzia traumatiko bat, biolentzia artistikoko ekintza bat.

5. Iberia, 1958, Robert Motherwell

Robert Motherwellek dar-dar egiten du Goyaren aurrean. Baten obrek durundi egiten dute bestearenetan. Motherwellentzat, abstrakzioak sublimetasunaren eta tragikotasunaren zentzua erreskatatzeko balio behar zuen, arteak galdu egin baitzuen zentzu hori Goyaz geroztik, beraren ustez. Horrela, jatorria maisu espainiarrarengan zuen lerro historiko baten barruan kokatzen zen.

Iberia, neurri handi batean, aitorpen moral bat da: Motherwell 1958an hasi zen pintura hura margotzen, Espainiara egin zuen bidaian aurkitu zuen zapalkuntza-giroak inspiratuta, frankismoko errealitate ilunak eta indarkeria lurperatuak eragin zion zirrarak bultzatuta. Horren guztiaren atzean, gerraren oroimena dago, eta kolore beltzak sinbolizatzen duen tradizio tragiko hori.

Margolana kolore-soro zabal baten moduan sortuta dago; basamortu ilun bat da, eta barruan gorabeheraz jositako paisaia bat begiztatzen dugu. Gainazala, xehe-xehe landua, beltzaren ezin konta ahala ñabarduraz beteta dago: brotxakadek, marra kaligrafikoek eta zipriztinek bat egiten dute, gainjarri eta bereizi egiten dira; batzuetan enpastatuak eta beltz-beltzak dira, eta besteetan trementinarekin diluituak, eta lausodurak, gardentasunak eta lanbroak sortzen dituzte. Behean, izkina batean, hustasun zuri ñimiño batek iluntasuna urratzen du inguruko belztasun trinkoa azpimarratzeko.

Koadro gogoetatsua da, ia filosofikoa, abstrakzioak emozio gordinak transmititzeko duen ahalmena frogatzen duena. Duen neurri eskergak seriotasun solemne batez inbaditzen du ikuslearen espazioa, aldare, hilobi edo erritu-toki bat balitz bezala. Goyak "Neuk ikusi nuen" esaldi ospetsuarekin adierazi zuen bere eszenen bizitasun erreala; Motherwellek, aldiz, bere mihisearen handitasunarekin, hau esaten digula dirudi: "Hemen egon behar duzu".

6. Hobiak eta hustasuna

Heriotzak atsedenik gabe blaitzen ditu estanpak, gehiegikeria jasanezin baten pare: hilzorian dauden pertsonak; urkatuak eta fusilatuak; kalean botata dauden hildakoak, gorpuak hobiratzeko debeku frantsesagatik panpinak bezala metatuak; edonola jaurtitako hilotz biluziak, beren giza forma galdu eta lurrarekin bat egiten dutenak usteltzen diren heinean; hil-oihaletan bildutako gorpuak, alfonbra goibel bat osatuz; elizen ondora erretiratutako hildakoak, edota hilerrietara eramanak, non hobiratu gabe geratzen ziren luzaro.

Eta hori guztia, ia beti, hustasun belztu baten erdian, zeina ez datorren soilik tintetatik, baizik eta Goyak itzalen eta mamuen munduarekin zuen konpromisotik. Iluntasunak itotzen du dena. Pertsonaiak ilunpetan mugitzen dira hondo abstraktuen gainean harik eta bereizezin bihurtzen diren arte, eta giza irudiak hilobi hutsen alboan etzanda ageri dira. "Ezer ere ez" da, hain zuzen ere, azken estanparen ondorioa: bertan ageri den mamuak, Goyaren arabera, "betikotasunerako bidaia egin du, eta ez du ezer aurkitu han".

7. Belztasunean bat eginda

Beltzaren ahalmen orohartzaileak ezaugarritzen ditu Goyaren bi estanpa hauek, Hondamenetako lehenengoa eta azkena. Pertsonaia nagusiak inguratzen dituzten hondo ilun, trinko, zurrunbilotsu eta ekaiztsu horiek —zeinetan izaki kaotiko eta mehatxatzaileak begiztatzen diren— urte haietan nagusitu ziren indarkeriaren, obskurantismoaren eta injustiziaren indarrak irudikatzen dituzte. Lehenengoan, belztasunak giza bakardadea inguratzen du, iristear den etorkizun ilunaren aurreko samintasuna eta ikara; bigarrenean, lo eta erdi lurperatuta dagoen neska gazte argitsu bat setiatzen du belztasunak, Egiaren alegoria, zeinaren iratzartzeak zalantzazkoa dirudien. Bi grabatuek Motherwellen artera gerturatzen dute Goya, eta mundu ezkor bat eszenaratzen dute, bi pintoreek neurritasun atsekabegarriz birsortzen duten mundu metafisiko eta beltz bat.

8. Erreguaren alferrikakotasuna

Gerrak muturreko miserian murgilarazi zuen biztanleria zibila. 1811n, goseteak astindu zuen Madril, uzta txarren, soroak landu gabe uztearen, bideen blokeoaren eta frantsesen konfiskazioen ondorioz. Elikagai urritasunak gizon ahulez bete zituen kaleak, hildakoz, okupatzaile frantsesen axolagabekeria harroaren aurrean laguntza erregutzen zuten herritarrez. 1812ko udan bakarrik, 20.000 madrildar hil ziren. Mesonero Romanos, umetan, hondamen haren lekuko izan zen: "Ezin konta ahala gizaki azken arnasa ematen kaleen erdian eta egun-argiz, emakumeak eta haurrak aieneka, espaloietan zeutzan gurasoen eta neba-arreben hilotzen ondoan, egunean bi aldiz pasatzen ziren parrokietako gurdiek noiz eramango zain; auhen etengabe, unibertsal eta urrikarri haiek, hainbeste jende zorigaiztokoren atsekabe ikaragarriaren intziri haiek, izu menderaezina eragiten zieten kaleetan zebiltzan oinezko urriei, haiek ere gose, eta hilotz-itxura ematen zien haien hazpegiei. Bazirudien giroa bera, gas mefitikoz kutsatua, hileta-mantu bat zabaltzen ari zela biztanleria osoaren gainean".

9. Gizagabetasun berri bat

1814an gerra bukatu zenean eta Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri zuenean, gerraren bortizkeria fisikoak bortizkeria moral eta politikoari eman zion bide. Goyak grabatu enigmatiko batzuk eskaini zizkion garai hartako giroari, Kapritxo enfatikoak deituak, non garrazki azpimarratu zituen ilustratuen eta liberalen aurkako jazarpen-giroa eta zentsuraren eta sineskerien itzulera, bai eta nazioaren gorputza irensten zuten iruzurti eta parasitoena ere. Gizagabetasun berri horren jatorria ez da jada gerraren basakeria, boterea eta ezjakintasuna baizik, eta Goyak hainbat modutan pertsonifikatzen du. Hor daude, esaterako, bitxiki aberetutako gizakiak, elizgizon-jantziak eta saguzar-hegoak dituzten despotak, biktima bizigabeak mokokatzen dituzten banpiroak edo txakal baten aurrean makurtzen diren monjeak, txakala epai salatzaile hau idazten ari den bitartean: "Gizatasun miserablea / zurea da errua", giro liberaletan asko miresten zen poema satiriko italiar batetik ateratako aipua (Animalia hiztunak). Grabatu horiekin, Goyak gizarte espainiarra alegorizatu nahi zuen, arrazoiaren eta egia politikoaren heriotzak eta basakeriak menderatua.

10. Hau zoramena!

Goya inoiz ez da mugatzen gertaeren lekukotza hutsa ematera. Errealitatea egiazkoagoa izan dadin, "eldarniatzen" utzi behar zaiola uste du. Xede horrekin, inauteri aztoragarri moduko bat eszenaratzen du, amesgaizto moduko bat. Bere lehen obretako bozkario xaloa baztertuta, infernurako jaitsierari ekiten dio, eta infernua bitxikeriaz beteta erakusten du, izadiko itsuskeriaz eta deabruzko imintzioz. Agian merezi du gogora ekartzea Goyak harremana izan zuela Los Acalófilos elkartearekin. Ilustratu madrildar haiek itsustasuna, aldrebeskeriak eta kapritxo groteskoak maite zituzten, eta askatasun sortzailearen eta kritika sozialaren adierazpen modernotzat jotzen zituzten.

"Fenomeno sinesgaitzen errealismo" horretan, denak du zentzu iluna, kaotikoa, izenburu anbiguoek azpimarratua: ez dakigu nondik datorren zalaparta, ez dakigu norantz doazen ibiltari kateatu horiek, ezta zer esan nahi duen ere maskaraz eta pilatutako objektuz inguratutako eta abitu zuriz jantzitako fraide horrek ere. Subjektibitatearen, ametsaren, eldarnioaren eta harrapaezinaren ikuspegi hori bereganatuz, Goya modernitate bisualaren esparruan sartzen da argi eta garbi.

11. Motherwelli buruz

Robert Motherwell (1915-1991) pintore abstraktu estatubatuar bat izan zen, 1940tik aurrera New Yorkeko Eskola izenaz ezagutarazi zen artista talde bateko kidea —Motherwellek berak asmatu zuen taldearen izena—. Hasieran filosofia eta artearen historia ikasi bazituen ere, 1941ean pinturan aritzea erabaki zuen, eta berehala nabarmendu zen bere obraren ausardia eta originaltasunagatik.

Intelektualik borrokalariena eta formakuntza teoriko onenekoa izateagatik gailendu zen, eta bere pinturari ematen zion pisu etiko eta politikoagatik. Gizartean ezarritako ordenaren aurkako erresistentzia modutzat jotzen zuen abstrakzioa: McCarthyismoari, Europako faxismoei eta injustizia eta jazarpen mota orori aurre egiteko bitartekotzat. Bere belaunaldiko artista asko bezala, oso sentibera izan zen Espainiako Gerra Zibileko tragediarekiko. Gerra hura XX. mendeko askatasunaren eta tiraniaren arteko borrokaren ikurtzat jotzen zuen, eta hari eskaini zion bere bildumarik ezagunena: Espainiako Errepublikaren aldeko Elegia.

Beltzaren erabilera konpromiso moralaren adierazpide bilakatu zuen, eta nortasun-seinale errepikakor bihurtu zitzaion, non esperimentazio piktorikoa, indar emozionala eta salaketa politikoa elkartzen ziren: gizateriaren tragedien aurka protesta egiteko modu moderno eta isil bat.

1958an, Espainiara bidaiatu zuen lehen aldiz bere emaztearekin, Helen Frankenthaler margolariarekin. Espainiako paisaiak zirrara sakona eragin zion, bere okre-koloreko muinoekin, bere etxe kareztatuekin eta bere itzal beltz markatuekin. Pintura Beltzek ere asko liluratu zuten, eta indartu egin zuten Espainiako historia dramatikoarekin zeukan lotura emozionala.

goya-beltza-motherwell-beltza-laurogei-desastre-eta-amildegi-bat

San Telmo | Plaza Zuloaga, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera. (Astelehenetan zabalik jai eguna edo zubia baldin bada soilik).
Negua (azaroak 1-martxoak 24): 10:00 - 19:00
Uda (martxoak 26-urriak 31): 10:00 - 20:00
Abenduak 21, 24 eta 31 (astelehenak ez badira): 10:00 -14:00.
Urtarrilak 1, 20 eta abenduak 25: Itxita.


san-telmo-museoak-goya-eta-motherwell-elkarrizketa-sakona-eta-guztiz-gaurkoa-aurkeztu-du
Arg/ Iker Azurmendi, STM

San Telmo museoak Goya eta Motherwell, elkarrizketa sakona eta guztiz gaurkoa aurkeztu du

| Mai. 23

Erakusketak 'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' du izena. STM Museoaren azken eskurapenetako batetik abiatzen da, Francisco de Goyaren Gerrako hondamenak serietik hain zuzen ere.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.