artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 29ra

landabarrenako-dama

Pilar Zubiaurre Agirrezabal (Garai, 1884- Mexiko Hiria, 1970) intelektual, idazle, pianojole eta arte-merkataria izan zen. Aita, Valentín María Zubiaurre, Errege Jauregiko kaperako musikaria izan zenez, Madrilera joan ziren bizitzera Pilar haurra zelarik. Familiako gizonen ospearen itzalean geratu zen, etxeko zutabe izan zen arren. Anaia margolariak, Ramón eta Valentín, gorrak ziren eta arreba oso garrantzitsua izan zen euren bide pertsonal zein artistikoetan. Pilarrek egiten zituen artelanak saltzeko negozioak eta nazioarteko erakusketetan kokatzeko gestioak.

1910-1920-1930 hamarkadetan Madrileko bizitza kulturalaren parte izan zen Pilar Zubiaurre. 98 eta 27ko belaunaldietako artista eta intelektualekin harremanak izan zituen, eta horietako hainbat Sábados de Zubiaurre jaialdian elkartzen zituen, anaien estudioan.

1926an Madrileko Lyceum Club Femeninoren sorreran parte hartu zuen. Europako ereduak hartuz, emakumeen kulturarako eta gogoetarako topagune bat izan zen; batez ere burgesiako emakumeek parte hartzen zuten. Zubiaurre literatura arloko arduraduna izan zen hainbat urtez,hitzaldi zein errezitaldiak antolatu zituelarik.

1938an, gerraren eraginez, Mexikon erbesteratu beharra izan zuen bere senarrarekin -Ricardo Gutierrez, Juan de la Encina bezala ezaguna zen arte kritikaria eta Madrilgo Arte Modernoko zuzendaria- eta Leopoldo umearekin. Mexikon, Euzko Deya aldizkarian Evocaciones artikulu sorta idatzi zuen, herrimina erakutsiz.

1970ean hil zen Mexikon, sorterrian bizitzera etortzeko hegazkina hartu bezperatan. Gerora, familiak Garaira ekarri eta bertako hilerrian dago, Anbotora begira, berak desio zuen bezala.

landabarrenako-dama

Durangoko Arte eta Historia Museoa | Etxezarreta jauregia - San Agustinalde Kalea, 16 - Durango (Bizkaia)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 10:00 -13:00 / 17:00 - 20:00 | Larunbatak: 11:00 -14:00 / 17:00 - 20:00 | Igandeak: 11:00 -14:00


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.